Gillen & Amets
I
Hizki larriz, MORG. Turko hauek frantsesetik lapurtuko zitean hori ere, pentsatu zuen. Bultzaden ondotik datorren Pardon elegantearen antzera; aireportuko Bagaj; kale izkinetako Parfüm eta Pantolon. Heriotzaren gordinean ere, hatz marka analisi, aluminiozko lanpara, latex, pintzel eta maskarila artean ere, ageri duk hauen izan nahia, izan ilustratu, izan laiko, adierazi nahi bat edo, gu ere zerbait bagara eta.
Atea zeharkatu zuen itzultzailearekin batera, korridore luzean zehar pentsatu zuen nahiago zuela euskarazko baliokidea: gorputegia, alegia. Haragi zatiak bata bestearen gainean pilatuta, plastikozko poltsetan, azken erabakiaren zain.
–Vous pouvez vous asseoir ici, monsieur. On doit attendre le médecin légiste pendant quelques minutes.
Sentitu zuen itzultzailearentzat ere ez zela egiteko samurra, bere eguneroko ogia enpresaburuak edota enbaxadako itxurakeria diplomatikoak zirela, eta formalismo nahi hura tapaki hutsa zela, egonezina eta zetorrena saihesteko: gorpuzkiak, forentsearen teknizismoak, identifikazioa.
Buruarekin baietz egin zion, eta eseri bezain laster etorri zitzaion zurrunbiloan anaiak etxera egindako azken bisita hura. Hertzainaken kontzertura eraman zuen, ia behartuta, gaztetako konplizitatea berreskuratu nahian. Leku hoberik topatu ez eta, BEC ondoko McDonald’sean afaltzea proposatu zion.
–Ahaztua nian zein ondo jaten den Euskal Herrian! –aukera bakar bat ere ez zuen galtzen, kabroiak.
–Behingoagatik...!
Gau guztia pasatu zuen gaiari nola heldu jakin gabe, dibortzioaren ostean zergatik ez zen bueltatzen galdetzeko adorerik gabe. Kontzertuko salto eta bultzada artean saiatu zen:
–Horrelakorik ez duk Istanbulen, e?
–Ez, ez. Horrexegatik diat hain atsegin hango bizitza! Pentsamenduen katea puskatu zion pareko belodun andre meharrak. Latexezko eskularrua kendu, eta eskua aurreratu zion.
–C’est elle la médecin légiste.
Zezelka, hitz bakar bat osorik esaterik ere ez zuen lortu. Eskua tenkatu zion, hori bai, eta andreak luze gabe bere atzetik eraman zituen korridore eta ate aseptikoetan barna, Karonte moderno baten gisan, hilen lurraldera.
II
Basilika maiestatetsuaren azpian gelditu zen gora begira, tapizaren goxotasuna oinzoletan sentitzen zuela. Kupula hark enperadorerik boteretsuenen zinak aterpetu zituen; inguruko zutabeei denboraren izerdia zerien. Bazekiat leku hau gustukoa huela, esan zuen bere baitan.
Atentatuaren berri nola izan zuen oroitu zuen orduan. Telefonoak jo zuenean, ez zekien ezer artean. Izen-abizenak egiaztatu ondoren, bere burua aurkeztu zuen jendarmeak, eta gertaerak aratz deskribatzeari ekin zion: atentatua... Istanbulen... barne ikerketa... zure familiarteko bat dago biktimen artean...
Orduan otoitzerako deia egin zuen imanak, luze. Argilunpetan, makurtzeko gogoari men egin zion.
Konturatzerako bi gizon jarri zitzaizkion alboan, eta batek lepotik heldu zion leun, burua makurraraziz.
–DGSEren itzenean hitz egiten diat. Itxi itzak begiak eta egiok kasu nire lagunaren eskuari –entzun zuen atzetik–. Makurtu burua, ez diat-eta hik nire aurpegia ikusterik nahi.
Ahots hura...
–Ezin izan oztopatu –jarraitu zuen–. Nire eginkizuna huen, baina huts egin nian. Hala ere, aukera hau profitatu nahi diat bizidunen mundutik ofizialki desagertzeko.
–Gillen! –atera zitzaion barru-barrutik–. Zertan habil! Non demonio sartu haiz?
–Biharko deklaraziorako prest zaukaagu dena: bai DNA frogak, baita tatuajea ere. Hire hitza soilik falta duk.
–Gillen!
Ez zuen erantzunik jaso. Burua altxa, be- giak ireki, eta bakarrik zegoen berriro ere. Gora begiratu zuen: buru gainean zuen Hagia Sofiaren kupula.
III
Noiz pasatu gintuan gau osoak edozertaz hizketan ematetik eguneroko galdera praktikoak errepikatzera roboten gisa? Zein puntutan galdu nian anaia, zein momentutan bihurtu gintuan ezezagun? Besarkadatik bostekora, bostekotik telefono deira, eta hortik segapotoko mezuetara. Presak, eginkizunak, lanpetuegi nago, audio bat bidaliko dizut berantago.
Eta bat-bateko hotza, forentseak gorpuzkiak mahai gainean aurkeztu eta argipean azalpenak ematen hastean. Eta itzultzailearen ahaleginak, profesional itxura gordetzeko, “ADN” edo “projectile” zuzen ahoskatu nahian.
Eta bere gogoeten zigorra jarraian, hau ez duk hire berpizkundea, Gillen, hire hileta baizik, lur eskukada bat eta hitz sentitu batzuk, hik salbatzailearenera jolastearen truk; apaiza, meza-mutila eta hirurok, testigu bakar, gizaldi eta gizaldi guztietan.
Eta galdera nabarmenena, eskatu gabeko kastigua, Gillenenak ez badituk, norenak ote gorpuzki izoztu horiek, gorputz atalen memoria Siberiako mamut izoztuen moduan Istanbulgo gorputegi batean, begi ezezagunenpean biluzik.
Amaitu ziren esplikazioak, eta egin zuen forentseak galdera. Itzultzailearen txanda zen orain:
–C’est bien lui, votre frère, Gillen Hiriba- rri? –begiradarekin eskuin eskumuturreko tatuajea seinalatuz, “Gillen & Amets”.
–C’était bien lui, oui –bere eskumuturra altxatuz eta tatuaje bera erakutsiz.
Ez zuen anaiarik jada, bai baitzekien bizidunen mundutik alde egiten duena ez dela berriro inoiz itzultzen.
Idazleari buruz... Jon Iraola. Behin atso zahar batek goitik behera begiratu eta esan zidan ez nintzela hernaniarra. Begizkoa egin zidala pentsatzen dut, ordudanik jaioterritik kanpora alderrai bainabil. |