Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Fermin 

sylvia longasArgazkia: Sylivia Longás (2017)

Egun aldrebes horietakoa. Ez zen ekaitzik izan eta haizeak ezin xumeago jo zuen bezperan. Hala ere, argindarra keinuka ibili zen gau osoan gure auzunean. Kobratzen badakik bai ederki, Iberdrola, baina hortik aurrerakoak... Nire modoko optimista patologikoek entxufedun irrati- erlojuetan berebiziko fedea izaten dugu. Bizi osoko piladun iratzargailu horietako bat ondoan? Zertarako? Horiek alferriko enbarazuak dira! Nire emazteak hiru ditu. Bai, hiru! Ez bat, ez bi. Hiru! Gauero matraka bera. “Txomin, jar ezazu beste bat badaezpada”, “Txomin, argia joaten bada...”. “Zaude lasai, laztana, aparatu moderno hauek bateria txiki bat izaten dute barruan eta”. Igerilekura buruz eta bainujantzirik gabe. Eta, jakina, gero gerokoak. “Txomin! Jaiki azkar, gizona! Zure katxarro moderno horrek ez duela jo!”. Jode, okerreko hankarekin hasi behar eguna lehen ordutik. Ohiko kalea itxita. Obrak. Ordu erdi gehiago fardelera, eta zenbatzen. Bulegoan nagusiaren mutur okerra, nola ez. “Una tormenta, don Antonio, ya sabe; barrio antiguo y pasa lo que pasa. Luego estaban de obras...”. “No me cuente su vida, Bustindui, y póngase a lo suyo, que me tiene contento”. Ordenagailuaren aurrean jarri eta pantaila osoa irakurri gabeko mezuekin beteta. “Denak ados jarri ote dira ba gaur idazteko...”.

Urdaila alarauka neukan hamarretarako, ezer gosaldu gabe irten bainintzen etxetik, txistu batean. Sarrera postontzia erdi meneratuta neukala, zutitu egin nintzen kafetxo bat hartzeko irrikitan. Ez nituen lau pauso egingo, mobileko “Piratas del Caribe”-ren soinu banda joka hasi zenean bulego osoak entzuteko moduan. “Nekanek sukarra? Eskolara bila joateko? Baina, maitea, lanera berandu iritsi naiz gaur eta nola aterako naiz orain, ba? Bai, badakit beti esan izan didazula, baina... baietz, neure errua dela, baina... oraintxe noa”. Don Antoniok ez ikusteko ahaleginak egin nituen arren, tipo horrek seigarren zentzumenen bat duela uste dut. Ni izorratzeko, bereziki. “¿Un paseíto para relajarse, Bustindui?”. “La hija, don Antonio, que se ha puesta mala. Iba al colegio a...”. “Día productivo hoy, ¿verdad? Con un par más así, igual entramos en el IBEX”.

Sekulako ostia txarrarekin atera nintzen. Halakoetan, gure basakeria guztia ateratzen dugu bolantearen aurrean. Gidari amorratu batean erreparatuta, tximutik gatozela baiezta daiteke inongo zalantzarik gabe. Alabaren eskolatik kale pare batera nengoen, presa eta malaletxea borborka, zebra-bide batean gelditu nintzenean. Oinezko bakarra. Segituan ezagutu nuen. Fermin, osaba Isidroren kuadrilakoa. Garai batean sekulako zurruteroa izandakoa eta, azkenaldian, etxe azpiko tabernara jaisteko ere komeriak zituena, gerritik zisko eginda baitzebilen. Bidea gurutzatzen hasi zen, ezin mantsoago gizona, bi muleten laguntzaz. Orain ezkerrekoa, orain
eskuinekoa. Zebra-bidearen arrasto zuri bakoitza gainditzeko hamar bat aldiz altxatzen zuen muleta bakoitza. Gutxienez! Azkazalak jatekoa ez banaiz ere, ez dakit bat osorik utzi nuen. Hura zen hura ezinegona! Eta, itxuraz, kanporatu ere egin nuen artegatasuna, Fermin begira-begira geratu baitzitzaidan bidearen erdian, bere 45o-ko gerri okertuarekin. Samina irakurri nion soan. “Oraintxe ikusiko duk, zorrizto”, tankerako keinua. Halako batean, muletei tinko eutsi eta enborra ezin zuzenago jarri zuen, aurreko guztia komedia hutsa izan balitz bezala. Min guztiak desagertuta moduan egin zituen bidearen bestalderako metroak, instant batzuk aurretik arrasto zuri ziztrin bat egiteko luzatzen zen denboran. Espaloira iristean, berriro luzatu zidan behakoa. Harroskoa oraingoan, puztua. “Ze uste huen ba, memelo halakoa”. Inoiz bizitako duintasun erakustaldi handienaren ondoren, primera sartu eta aurrera jarraitu nuen, Ferminen profil tentea niri begira igartzen nuela. Txiki sentitu nintzen bere ondotik pasatzean, eta agurtu egin nuen. Berak ere agurra itzuli zidan, burlatia.

Eskolara iristeko bihurgunea hartzen ari nintzela, don Antonioren deia. “Se le acumula el trabajo, Bustindui”. Arnasa hartu eta bota, astiro. “Mire, don Antonio, ya le he dicho que he venido a recoger a mi hija al colegio, porque tiene fiebre y...”. “Pues dele un ibuprofeno y vuelva aquí, que no le pago para...”. “Me paga para trabajar. Y es lo que haré cuando vuelva. Que tenga un buen día, don Antonio”. Ederra da bizitza zut-zutik aurre egiten diogunean.

Iraitz Legarra

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago