Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Moilan 

moilanArgazkia: http://gallery.worldEguberri Eguna. Zoriontasuna arnas zitekeen leiho soil bakoitzean. Argitxoak bazter guztietan, Olentzeroak balkoietan, zuhaitz apainak, umeak jostailu berriekin jostatzen ezin alaiago, gabon kanten doinu atseginak... eta ni kalean behera, nire bakardade miserablea herrestan neramala. Haitza baino gogorrago zegoen pizza tristea afaldu, ginebra botilari zentimetro batzuk erauzi ‒egun bereziak ospatu egin behar baitira‒, jakarik dotoreena jantzi eta kale mortuetara bota nintzen, erdi grogi, etxeko ormak inoiz baino astunago eginda.

Hartara iritsi nintzen moilara, beheranzko inertzia lagun. Petrilean zegoen bera, bakar-bakarrik. Etxetik irten nintzenetik ikusten nuen lehen arima erraria. “Nire moduko beste bat”, pentsatu nuen golkorako.

‒ Gau ederra, ezta? ‒galdetu nion mekanikoki, ez dakit oso ondo zergatik, neu ere petrilean eroso jarriz.

Ez zen erantzunik izan eta, egia esan, ez nion jaramonik ere egin. Poltsikotik Chester paketea atera eta zigarro bat eraman nuen ezpainetara. Lehen ke arrastoa gauaren ilunean galdu zen.

‒ Bat emango?

‒ Noski, gizona.

Albora etorri zitzaidan. Ozta-ozta ikustatu nuen, kale-argien printza urrunen pean. Tipo narrasa, adin antzekoa, azal zartatua, begi hitsak. Sekulako dardarizoarekin kendu zidan zigarreta eta artegatasunez txingarra ahitu.

‒ Gorroto ditut Gabonak ‒askatu zen.

‒ Bagara bi.

‒ Dena da hain faltsua...

‒ Ospatzen duenarentzat ez dela izango imajinatzen dut. Behako zorrotza bota zidan.

‒ Zuk ez duzu ospatzen?

‒ Aspaldian ez daukat ze ospatu handirik.

‒ Eta hori? ‒nire ezkon-eraztuna seinalatuz.

‒ Dibortziatu koldarra naiz; ala nagia, ez dakit ‒atera zitzaidan, urrezko uztai txikia igurzten nuela‒. Pentsa bere ginekologoarekin ihes egin zuela... eta, hala ere, ezin atzamarra hutsik eramatera ohitu, demontre!

Lehen aldiz ikusi nion irribarrea, zintzoa. Hagin artean zulo mordoxka zituen agerian. Morroi guapoa iruditu zitzaidan, interesgarria, ezagutzea merezi duen horietakoa, taxu akitua ageri bazuen ere ordurako.

‒ Eta zuk ez al duzu inor zain?

‒ Denak eta inor ez ‒azkendu zuen, behako hitsa berreskuratzen zuela.

Ez zuen ezer gehitu, eta nik ez nion galdetu. Zigarroaren azken kealdia jarraitu nuen, ilunpearekin bat egin arte, atzean olatu ikusezinen joan lasaia aditzen zela.

‒ Badakizu zu iritsi baino instant bat aurrerago jauzi egitekotan nengoela? ‒ Uste dut egiten utziko nizula ‒esan nion zinez.

‒ Zergatik?

‒ Ez zaitudalako ezagutzen.

Mahuka altxatu eta eskumuturrak erakutsi zizkidan, ebakien orbainez josita; xiringen ziztadak goraxeago.

‒ Kabroia da zuloan egotea eta ihesbiderik ez ikustea.

Itsasargiak hautsi zuen gure ilunpea orduan, premonizio baten erara. Gizon hautsia ikusi nuen, bere behatz artean ahitzear zegoen zigarreta bezain iraungia.

‒ Ginebra gustuko al duzu? Botila bat erdizka utzi dut etxean, nahi baduzu.

‒ Ez da plan txarra ‒erantzun zidan, etsipen kutsuz.

Bokilak haizatu eta kalean gora hasi ginen. Belzturan arakatu nuen azken aldiz, itsasargiaren distiraren bila. Beti nahi izan dut farozaina izan. Lasai bere txokoan, erne, itsasertzean amiltzear dauden ontziak salbatzeko prest. Kalean gora gindoazela, Gabonetako kantu xaloak aditzen ziren.

Idazle Eskola 2021-2022

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago