1
Karlos Erize ahozpez lurreratu zen burdin hesiaren gainean. Sabeleko paretako muskuluen artean barrotea garbi sartzen zela sentitu zuen, eskuineko aldetik, zilborretik bost zentimetro ingurura.
Karlosek bazekien arriskuan dauden animaliei laguntzea arriskutsua izan zitekeela, baina bere burua suge batek koska eginda edota mastin batek irentsita irudikatzen zuen, ez berrezarpen zentroko burdinazko hezi batek barruak zulatuta. Hezira orain atzean zeukan zuhaitzetik heldua zen. Han goitikan sarrerako neoizko gurutze urdina ere ikusten zen, ez berriz orain zeukan posiziotik. Min-laino gorri horretan sartuta ere, katu madarikatuaren pisua sentitu zuen bizkarrean lurreratu zitzaionean.
Minutu batzuk eman zituen garrasika laguntza eske, baina atzeko partean zegoen, aerotermo erraldoien gainean. Ospitaleko klima sistemaren haundienak ziren, eta nahiz eta beraien tamainarako oso isilak izan, haizagailu horien hegalek haizea ospitalaren barrura eramatean berak sortutako kexuak eta hitzak xurgatzen zituztela iruditzen zitzaion.
Katuaren miau etsiak entzun bezain pronto igo zen gaztainondora. Katuan ikusten zituen koloreak ez ziren onak, gaixorik zegoela argi adierazten zuen itzal batek lausotzen zituen. Beti bezala, senari jarraitu zion eta ekintzetara pasa zen gehiegi pentsatu gabe. Ia hogei urte zituen, baina arina zen, eta eskuak hatz luze eta sendoetan amaitzen zitzaizkion. Eskuak katuaren gainetik pasatu zituen, ukitu gabe, berak bakarrik ikus zitzakeen gauzak aldatuz; artista grafiko batek argazki bat hobetzen duen bezala, argi-maila eta tonua doituz. Hain kontzentratuta zegoen ezen, animalia harrapatu zuenean, oreka galdu eta orain zegoen egoeran amaitu baitzuen.
Begi berdedun tigre txikia lurrera jauzi zen eta burdin hesiaren oinarrian era kezkagarrian handitzen ari zen odol putzua miazkatzen hasi zen. Animaliak gora begiratu zuen eta ile iluneko mutil gazteari begiratu zion. Katua zuri-beltz bihurtzen hasi zitzaionean, Karlosek bizitzari beste bat arte esateko ordua heltzen zitzaiola ulertu zuen.
Inork ez zuen bere falta sentituko. Hemezortzi urte egin zituenetik ez zegoen jada estatuaren ardurapean, eta harrera-etxe batean bizi zen, sistematik errebotatutako beste hiru gazteekin eta gaizki ordaindutako lanbide zentzugabeetan lan eginez. Azkena, Botxo-ko jaun txit agurgarri batentzat txerri pigmeoa paseatzea izan zen. Txerritxoak ez zion arazorik eman, baina tortura izan zen gaixo zegoen gizon hura bisitatu eta isilik egotea. Gibela huts egiten ari zitzaion. Koloreak geldirik eta opakuak zituen gorputz-eremu horretan eta, egoera asko aldatzen ez bazen, gibelak huts egingo zion bi hilabete baino gutxiagoko epean.
Karlos ez zen medikua, baina medikuntza-liburu asko irakurtzen zituen. Liburutegian ematen zituen ordu horietan giza gorputzaren funtzionamendua hobeto ulertzen saiatzen zen bere eskuetan erortzen zen edozein argitalpena aztertuz. Sasi-ikerketa honi esker berak hautematen zituen koloreei, tonuei eta distira aldaketei gorputzaren funtzio eta organoekin erlazioak sortzeko gai izan zen. Aurak ikus zitzakeela esatea intxisu edo igarle faltsuen kontuak iruditzen zitzaizkion, eta ezkutuan gordetzen zuen bere bizitzaren zati berezi hura. Besteek ez dakitenak ezin dizu minik egin.
Bere azken kontzientzia ildoarekin katuari lagundu ziolako poztu zen. Hasperen mutu batekin konortea galdu zuen.
2
Marisa Madinabeitiak erreminten gerrikoa estutu zuen. Gaueko hamarretan hasten zen lanean, baina ordu laurden lehenago iristea gustatzen zitzaion txanda egunero garaiz hasteko. Bere lan-uniformeko zati bakoitza banan banan janztea eguneroko errituala zen. Lehenbizi biluzten zen, kulerotan geratu arte, kotoizkoak, noski. Bigarren pausoa Malikian zentroaren logoa zeukaten galtza urdinak eta kamiseta grisa janztea zen, mantentze-lanetako taldekide guztiek zeramatzatenak. Segurtasun-boten txanda heltzen zen orduan, urdinak hauek ere, eta azkenik bihurkinekin, multimetroarekin eta bestelako tresna zorrotzekin betetako gerrikoa lotzen zuen. Mitologiako amazonek borrokaren aurretik ezpatak eta armadurak lotzen zituztenean, antzeko zerbait sentituko zutela pentsatzen zuen Marisak.
Itxura ikaragarria zuen, baina bere metro laurogeita bik eta laurogeita bost kilok, arima sentibera eta leiala gordetzen zuten. Xehetasunetan arreta jartzea eta gai bakoitzaren mamira iristea gustatzen zitzaion. Ezaugarri horien guztien ondorioz ospitaleko instalazio erraldoiaren osagai konplexuetako bat nola konpondu ez zekitenean, berari deitzen zioten. Mantenketa lan zailenetan erreferentea zen eta bere lankideen errespetua aspaldian irabazita zeukan. Lanarekin zerikusirik ez duten kontuekin etortzen zitzaizkion ere arreta, aholkua eta, gaur egun hain urria zen isiltasuna, jasoko zutela jakinda. Hirurogeita bost urte zituen, baina berrogei inguru zeuzkala zirudien. Hobekuntza fisikoak XXII. mendearen erdialdean agertu zirenetik, jubilazioa pertsona askoren bizi-mapan egoteari utzi zion. Marisak bizitza biziki maite zuen eta, ahal zuen bitartean, mundu ero honetan arnasa hartzen jarraituko zuen. Helburu horrekin egin zituen gorputz-hobekuntzak orain dela zortzi urte, eta erlojuari atzera egitea baino gehiago izan zen, altuera eta giharrak handitu zituelako urteak denbora atzera egitearekin batera.
Eguneko orduak lanaren eta bere landareen artean banatzen zituen. Ospitaleko aerotermoak konpontzea eta kontrolatzea gustatzen zitzaion. Klima-sistema ezinbestekoa da pertsona gaixoak aurrera egiten saiatzen ari diren toki batean, eta berak gaixoen ongizatea helburu bihurtu zuen.
Aire araztuak erosotasun estra bat eskaintzen zien pazienteei, sendabidea errazten zien. Aerotermo-sistema ospitalaren birika erraldoia zen, eraikinaren arnas bakoitza ahalbidetzen zuen. Malikian zentroan instalatutako Daisekai sistema teknologia horren adierazgarririk puntakoena zen. Batzutan, medikuntzaren tenplu hartako apaiz sekretutzat hartzen zuen bere burua, eta gaixoak, arnasa hartzen zuten bitartean, bere babespean hartzen zituen. Zentroan azken arnasa hartzen zutenean beste jainko batzuen eskutara pasatzen ziren, bizitzarenetara edo bizitzatik haragokoetara. Marisak beste pasio bat zeukan, zirkuituekin eta hodiekin zerikusirik ez zuena. Esentzia etereoen eta ukiezinen mundua teknologiaren zehaztasunarekin kontrastea egiten zuen. Magiaz betetako mundu paralelo bat zen. Askori harrigarria irudituko zitzaien, baina bere eskuak eta sena bereziki doituta zeuden mundu horretan mugitzeko. Bere etxea hiriko ertzetan kokatua zegoen. Bertan zeukan lorategia, berea bezain lan zorrotza egiteko behar zuen indarra ematen zion eta oreka lortzeko beharrezkoa zitzaion osagarri ezin hobea zen.
Goiz hartan zetazko kotoi esentziazko ontzi txiki bat zeraman poltsikoan. Esentzia haren tanta bakar batek lasaitasuna ematen zuen, eta haren eraginpean, munduan zure lekua aurkitu izan bazenu bezala sentitzen zinen, azken aldian beharrezkoa zuen zerbait. Bidegurutze batean zegoen. Landareek egunero argiago eta altuago zen ahots batekin deitzen zioten. Beraiengan arreta osoa jartzeko eskatzen zioten, beraien usainekin bere bizitzan lehentasuna izatea eskatzen zioten. Ordu luzeak esna ematen zituen gauero, lana utzi behar ote zuen edo jarraitu behar ote zuen hausnartuz. Minutu oro pertsonen ordez, landareak zaintzen ematea, hori zen auziaren gakoa. Berak dena nahi zuen: bere jendea eta bere landareak.
Flaskoa atera, hatz erakuslearen punta busti eta belarrien atzean kotoi-esentziaren dosi ñimiño bat eman zuen. Sakon arnastu eta bere txanda egitera atera zen. Marisak sistemaren abisuak berrikusi zituen bere ukipen-gailuan. Iparraldeko aerotermoetako bat bere potentzialaren ehuneko hirurogeian zegoen soilik. Matxura horrek kirofanoen eremuko klima desorekatuko luke, bizitzaren eta heriotzaren artean borrokan zeudenentzat funtsezko eremua. Ehuneko ehunean zegoen kalitate goreneko airea behar zuten, eta emango zien, kosta ahala kosta.
Urrats luzez bere hanka sendoek kanpora eraman zuten. Han, aerotermo erraldoiek etengabe biratu eta gaueko airea eraikin erraldoiaren barnera eramaten zuten. Iritsi orduko aurkitu zuen arazoa. Hegazti beltz baten gorputzak hegalekin bat eginda biratzen zuen mugimendua oztopatuz eta aireztapenaren atzerapena sortuz. Txikitutako haragia, bele haundi batena zela iruditu zitzaion. Gerrikoan zuen bihurkinik handiena atera eta aerotermoa gelditu zuen denbora minimoan hegaletatik bele zatiak kentzeko. Hondakin guztiak kontu handiz garbitu zituen eta aerotermoa berriz martxan jarri zuen. Dir-dir egiteari utzi zion abisuak, eta sistemak bete-betean lan egin zuen berriro.
Barrua bueltatzera zihoan katua entzun zuenean. Egia esan, lanean zegoen bitartean ere entzuten zuen, baina buru-belarri ari zen eta ez zion arretarik eman ordurarte. Katu hark etsita zirudien eta Marisa barrura jo beharrean animaliaren soinuetara hurbildu zen eraikinaren hesiaren ingurura. Berehala ikusi zuen mininoa, bazirudien ez zeukala hesitik aldentzeko asmorik. Burdin hesira heldu zenean eta odola eta altzairuzko barrote batean sartutako mutila ikusi zituenean, orduan desagertu zen katua.
Eraikinaren aldera korrika egin zuen eta berak bi egun lehenago erditze-gelako hodiak konpondu zituztenean bertan utzitako eskailera batekin itzuli zen. Eskaileran igota, eta muskulu gramo bakoitza erabiliz, mutila burdin barratik altxatu zuen. Oso txikia izanda ere, badirudi gorputz batek pisua bikoizten duela konorterik gabe dagoenean. Karga sorbaldara bota eta esku batekin heldu zion eskaileran behera zeraman bitartean. Odol beroa kamiseta grisa bustitzen ziola sentitzen zuen.
Bi oinak lurrean jarri zituenean, mutikoa besoen artean hartu eta larrialdietako ateraino korrika egin zuen.
3
Raul Gomarari amak Raulito deitu zion hil zen egunera arte. Gaur, ehun eta lau urte betetzen zituen, eta aspertu egiten zen. Bere belaunaldia azken mendeko aurrerapen medikoez baliatuz, gizateriaren historioan horrelako adinetara, hirurogei bat urteko gorputzarekin, heltzen lehenak izan ziren. Dena motelketa basalari esker, XXII. mendearen amaieran asmatutako sistema bat zen. Askoz gehiago bizitzeko aukera ematen bazuen ere, ez zuen bermatzen denbora hori interesgarria eta bizigarria izango zenik. Azken urteak hurrengo hamarkadetan espero zuenaren erakusgarri baziren, agian bigarren bidea hartzea izango zen onena.
Ez zuen bikotekiderik, bere seme-alaben ama, duela hogeita hamar urte inguru joan zitzaien, laurogei urte inguru zituen eta lo zegoela joan zen. Elenak ez zuen bizitza artifizialki luzatzeaz ezer jakin nahi izan, eta orain Raulek, emaztea zuzen ez ote zegoen galdetzen zion bere buruari. Agian, hilda eta guzi, Peruko emakume egoskor hark arrazoi zuela frogatu nahi zion berriz ere; txikia ilarra modukoa eta gogorra, dilisten artean ezkutatzen diren harritxoak bezalakoa. Bere falta somatzen zuen.
Bere esku hutsak begiratu eta erregaliz-infusiozko katilu batekin beteko zituela erabaki zuen, ospatzeko. Goizeko ordu batak ziren, eta Malikian berrezarpen-gunea lasai zegoen. Bere erizain-zapata zuriak korridore urdinaren azaletik zaratik gabe irristatzen ziren. Zoru garbian ikusi zuen isla mamu bat iruditu zitzaion.
Eraikinaren izena berak aukeratu zuen, Ara Malikian bere bibolin-jole gogokoenekoa zelako. Bere indarra eta pieza klasiko bati interpretazio berri bat ateratzeko zuen abilezia gustatzen zitzaizkion. Bere musika berehalako zirrara ematen zion. Oraindik ere gogoratzen zuen Las Ventas-en “Pisando flores” jotzen ikusi zuen aldia. Abesti hura, eta kontzertuaren diskoa, lagun izan zituen kotxean eta ebakuntzetan hamar urte baino gehiagotan. Malikian, emazteak lez, naturalki bizitzea eta hiltzea aukeratu zuen, eta bere emaztearentzat musika joaz irudikatzen zuen, Elenak gerezi gorriak jaten zituen bitartean. Gerezi-garaia zenean, poltsatxo bat eskuan hartuta edo ahoan hezur bat zeukala ibiltzen zen etxetik.
Janaria ez zitzaion deigarria jada. Musika zen oraindik gustukoa zuen eta gogoa pizten zion gauza bakanetakoa. Oraindik ere, ehun urte bete zituenetik, barruak betetzen zizkion nagitasunetik ateratzea lortzen zuen.
Raul aitzindaria izan zen gaztetan, ameslaria. Kirurgia eta biozirkuitu elektrikoaren teoria bateratu zituen; baina aspaldiko kontuak ziren horiek, gaur aspertuta zegoen, zeharo aspertuta. Bera zen izaki bizidun guztietan eremu aurala zegoela frogatu zuen zientzialaria eta orain, ispiluetan bere isladaren itzalak besterik ez ikusten zituen. Urrea, bere oinarrizko kolorea, eta bere aura aberasten zuten kolore guztiek ez zuten distirarik, mateak eta lausotuta ikusten ziren. Hori al zen bizitzatik erretiratzeko bilatzen ari zen azkenengo seinalea?
Azken hamabost urteak bere izena zeraman berreztapen eskolan irakasten eman zituen. Ikasle gutxi zeuden, irakatsi ezin zen dohain bat eduki behar zuten hasieratik bai edo bai, eta gero eskolan landu zezaketen. Azken urteetan irakaskuntza-metodologia bat definitu eta ezarri zuten, eta prestakuntza-zentro txiki bat izan zena, orain Berreztapeneko lehen fakultatea zen. Gaur egun, ospitale guztiek berrestatzaile pare bat zituzten plantillan, ebakuntzetan laguntzen zuten eremu bioelektrikoan ahalik eta kalte gutxien eragiten zela bermatzeko, eta orbainek eragindako kalteak konpontzeko. Proiektu hura bultzatzea interesgarria eta dibertigarria izan zen garai batean, baina ahotsa aharrausi egiteko hitzegiteko baino gehiago zabaltzen zuela konturatu zenean, utzi egin zuen.
Eta bizipen guzti horiek dena hasi zen tokira bueltan ekarri zuten, desinfektatzaile eta botika usaindun korridore urdin distiratsu hauetara. Jende gutxik gogoratzen zuen lehen leku hura Cruces-eko ospitalea izan zela. Agian izena, teknika zaharrak erabilita hilerrira bidali zuten jendetik zetorkion.
Bere lehen kontsultategia eraikin horretako sotoan eduki zuen. Ospitalean ez zituzten errespetatzen bere ideiak, baina ikerketa-beka bat lortu eta lekua eta gaixoen zerrenda esleitu zizkioten. Gehienek petrikilotzat zeukaten, eta haren kontsultategia kasu galduen saski-naski tamalgarria bihurtu zen, erantzunik ez zuten kasuak hiltzera bidaltzen zituzten tokia. Horrek adoregabetuko zuela uste zuten. Guztiz oker zeuden. Argi zegoen ez zekitela bere lehen mailako kolorea urrea zela. Ez zekiten medikuntzari buruz zeukan ikuspegi holistikoa egia bihurtzeko edozer gauza egiteko prest zegoela. Medikuntza desberdin baten fededuna, munduko gainerakoak konbentzitu besterik ez zuen egin behar.
Bere urreak ez zeukan distirarik jada, baina sasi-bulego txiki hartan eguzkiaren indarra eduki zuen. Ikuspegi urriko pertsona haiek ez zekiten bera bezalako batek, urrezko mutil batek, beti izaten dituela jomuga gorenak, eta helburu horiek lortzeko energia eta nekaezintasuna dituela. Zalantzarik gabe, denborarekin erakutsiko zien eta ulertu beharko zuketen. Sendatu ezinezko pazienteen moduan bota zioten erronka, berak bide berriak erakutsi zizkien, eta oso dohain berezia zuela ere erakutsi zien.
Txikitatik hirugarren mailako ikusmen aurala izan zuen. Lehenengo mailan koloreak ikusi baino, susmatu daitezke. Bigarren mailarekin koloreak xehetasunez ikusteko abilezia dator, eta hirugarren mailan eskuak pintzel gisa erabili eta besteen koloreak eraldatzeko gai direnak daude. Ez zen beti erraza izan dohain horrekin bizitzea.
Aita, familia-medikua izan zen Bilboko kontsultategi batean, eta ez zuen ulertzen nola semeak, erresonantzia-makina ibiltaria balitz bezala, zaintiratu edo tumore bat antzemateko gai izan zitekeenik. Zientzia-gizona zen, eta frogen ebidentzia ikusita Raulen ezaugarri berezi hori onartu behar izan zuen. Txikitatik lagundu zion aitari kontsultategian, baina nerabezaroan eztabaida gogorra izan zuten eta bakoitzak bere bidea hartu zuen. Orbainen erruz izan zen.
Medikuak, semearena dohain mistiko moduko bat zela uste zuen, eta ez zela zehatza pentsatzen zuen. Izan ere, batzuetan Raulitok esaten zion gizon edo emakume batek arazo bat zuela, eta aitak ez zuenez ezer ikusten eta gaixotasun-sintomarik ere ez zeudenez, semearen esanak okertzat jotzen zituen. Txikitan, Raulitok, haur guztiek bezala, aitak beti arrazoi zuela pentsatzen zuen. Baina nerabezaroa iritsi zenean, Raul dena zalantzan jartzen hasi zen, medikuntza, mundua eta bere aita. Bere ahotsa altxatzen hasi zen, eta aldi berean, jende asko sendatu eta gero gaizki zegoela aurkitu zuen, edo agian sendatu zutelako. Orbainak ziren arazoa, argi ta garbi zegoen berarentzat.
Zainetan odola baino hormona gehiago dituenaren harrotasun horrekin, Raulek ia tiro egin zizkion bere ondorioak aitari. Bai semearen portaeragatik, bai esaten zuena giza-fisiologiaren eskeman inon egokitzen ez zelako, aitak gupida ta dudarik gabe baztertu egin zuen ideia. Biak uste sendoko gizonak ziren, eta biak ere burugogorrak zirenez, Raulek, aitak oker zegoela onartu arte kontsultategira ez itzultzea erabaki zuen.
Hiru hilabete geroago, eta eztabaida hura ebatzi gabe, kotxe batek aita harrapatu zuen. Bizitzak bat-bateko ikasbide gogorra eman zion, zebra-bidea eta autobusa erabiliz. Raulek harrezkero, ez zituen inoiz bere ideiak garrasika azaldu, eta beste izaki bizidun batekin inolako gatazkarik izan gabe ohera joaten saiatzen zen.
Urte batzuk geroago, ospitalera iritsi zenean unibertsitatetik atera berri, gorputz bioelektrikoaren teoria zehaztuta zeukan jada. Oso teknikoa dirudi, baina, berez, kultura guztietan erabili eta susmatu den zerbaiti izen berri bat ematea da. Arazorik haundiena neurtzea oso zaila edo ezinekoa zela zen, eta hori da zientzia eta teknologia guztien oinarria. Bioelektrizitatea izena eman zion, chakraterapia edo cromoreikiterapia beharrean. Ez ziren izen txarrak, baina berak bazekien teoria hura zientziara eraman nahi bazuen, medikuntzaren kanonekin bat zetorren izen bat behar zuela, eta mundu mistikoarekin inolako harremanik onartzen ez zuten profesionalen zirkuluetan erabili ahal izateko.
Hitz gutxitan azaltzeko, gorputz orok bioelektrizitatea du. Gizakiak bioelektrizitate hori kontzentratu eta bideratzen duten zazpi zentro ditu. Raulek, bere ikusmen bereziarekin, gorputz aurala behatuz, zentro horien eta bioelektrizitateak zirkulatzen duen zirkuituen egoera hauteman zitzakeen. Eta zer gertatzen zen orbainekin? izan ere, puntu horietan, norbaitek haragia banandu eta elkartu ondoren, bioelektrizitate zirkuituak ez ziren konpontzen, eta denok dakigu gaizki lotutako kable batek txinpartak eta zirkuitulaburrak etxe osoa erre dezaketela. Berri ona berak arazoaren konponbidea zeukala zen: birbideratzea. Hori zen gakoa, bide berriak bilatzea, energia garbi eta ezinbestekoa berriz isuraraztea.
Berri ona berak arazoa nola konpontzen bazekiela zen: birbideratzea. Hori zen gakoa, bide berriak bilatzea, energia leun eta ezinbesteko horren jarioa berriz ere berrezarraztea. Hogeita hamar urte geroago bioelektrizitatea neurtzea lortu zuenean, batek baino gehiagok arimaren energia aurkitu zuela esan zuen.
Aixe doa denbora! Hirurogeita hamar urte geroago, oraindik ere, bere burua irudikatzen zuen, mila arrazoi eta bioelektrizitateari buruzko lehen tratatuaren kopia batekin, ospitaleko zuzendariaren bulegoko atean. 2031ko irailaren 7a zen. Arantxa Nieto, ospitaleko zuzendariak, hirurogei urte baino gehiago zituen arren, edo agian horregatik, bazekien dena ez zegoela asmatuta eta medikuntzan egindako aurrerapenak, askotan, kasualitatez edo aurrez aurre zeukan zoro hori bezalakoetatik zetozela. Raul Gomarak begi distiratsuekin hitz egiten zion eta egiazkoak ziruditen datuak ematen zizkion.
Orain, dena beste aktore batzuekin egindako filma iruditzen zitzaion Rauleri. Garai batean bizitzarekiko sentitzen zuen grina arrotz zitzaion, iraganean bere ariman su indartsu bat izandakoa gaur txinparta soil bat bihurtuta. Raul gaur oso zaharra sentitzen zen, bere koloreek ez zioten inoiz gezurrik esan, bere tonua hurrengo mailara igarotzeko prest dagoenarena zen.
Pentsamendu ilun horietan murgilduta zegoen larrialdi-gelara iritsi zenean. Sarrerako atearen parean pasatzen zen momentuan, emakume hura agertu zenean. Metro laurogei baino gehiagoko altuera edukiko zuen, eta nerabe bat zirudiena besoetan zeraman. Emakumearen eskuak gorriz tindatuta zeuden. Gaztea konorterik gabe zegoen eta kamiseta odolean bustita zuen.
4
Ate automatikoak ireki ziren, eta emakume eder hark leku osoa bete zuen bere presentziarekin. Bere aura berde urdinxka distiratsua zen, eta kargarekiko kezkaren kolore gorriek malba tonu iluna ematen zioten. Bere begiak atseginak ziren eta errukia eta ulermenaz gainezka ziren.
—Lagunduko didazu? Deitu diezaiokezu medikuari? Mutila oso gaizki dago.
Azken esaldi horrek bere berreztapen-sena martxan jarri zion, mutil oso gaizki zegoen. Beraiena balitz bezala esan zuen, biena, eta hitzen ahalmen hutsagatik zerbait pertsonala bihurtu zen.
Ez zen ohikoa, baina ospitalea oso lasai zegoen, eta Raulek interferentziarik gabe zuzendu zituen lehen triage-boxera, komunikatzailearen bidez Bedia doktoreari deitzen zion bitartean. Bediaren lehenengo ebakuntzan, eta beste ehunetan, lagundu zuen berrestatzaile bezala, eta orain hogeita hamar urte baino beranduago patuak berriz ere elkartzen zituen. Elkarrekin lan egitean gutxi izan ziren sendatu gabe utzitako gaixoak, eta beti izan ziren itxaropenez harantzago zeuden pazienteak.
Mutikoak ohean atseden hartzen zuen, bizitzi hari ikusezin eta fin batez lotuta. Haren urre-koloreko aura Raulenaren antzekoa zen, eta momentu horreta betiko piztu edo itzali ez dakien bonbilla baten moduan zebilen. Estatua-itxurako emakumea zutik jarri zen mutilaren ondoan, aingeru zaindari baten moduan.
—Raul Gomara naiz, eta berrestatzailea naiz. Ziur egon zure semeak ahalik eta arretarik onena izango duela.
—Nire izena Marisa Madinabeitia da, eta oso pozik nago esaten duzuna entzuteaz, baina mutil hau ez da nire semea. Aerotermoak inguratzen dituen burdin hesian pintxo moruno gisa sartuta aurkitu dut. Katu baten miauka entzun dut, eta hurbiltzean aurkitu dut gizajoa, odolustutzen. Ez dakit zenbat denbora zeraman han, baina burdin hesiaren oinetan odol asko zegoen, transfusio bat edo zerbait egin beharko diozue agian.
Sendagilea, erizainek eta Raulek berak mutikoaren kamiseta mozten ari zirenean heldu zen. Karlos-en bular estu eta mehea agerian geratu zen, eta eskuin aldean gorriz inguratutako txanpon haundi baten tamainako zuloa zuen. Hamabost urte inguru zituela pentsatu zuen Raulek, eta bere arropek berak baino urte gehiago zituztela zirudien. Ez zen eskanerrik ez bestelako aparaturik behar izan, Olatz Bediaren begi klinikoak berehala ikusi zuen hartu beharreko bidea.
—Prestatu ebakuntza-gelarako! Gomara doktorea, badakit irakasle lanetan zabiltzala azkenaldian, baina Samaniego berrestatzaileak gutxienez ordubete beharko du iristeko, eta niretzat ohorea izango litzateke zure laguntza izatea.
—Ahal dudan neurrian laguntzen saiatuko naiz, baina aldez aurretik jakinarazten dizut nire trebetasunak ez direla lehengoak. Gaur egun, nire ikuspegia baso baten erdian edo itsasoaren ondoan baino ez da argia; nire begi zaharrek ez dituzte koloreak lehen bezain argi ikusten.
Marisa indargabetuta sentitu zen, bere zaintzapean hartu zuen mutil hark laguntzarik onena beharko zuen, argi zegoelako beste munduan honetan baino gehiago zegoela jada.
—Zein ebakuntza-gelatara eramaten dute? —galdetu zien.
—Bosgarren zenbakia prest dago.
Denak zur eta lur geratu ziren Marisa boxetik korrika atera zenean, uste bait zuten emakumea ez zela gaztearengandik bananduko dena amaitu arte.
Ez zitzaion axola medikuek pentsa zezaketena, mutilari laguntzeko egin zezakeen zerbait bazegoen, eta bera ekintza-emakumea zen. Gau horretan bigarren aldiz ireki zuen bere aldageletako armairuaren atea. Apal metalikoetan bilatu zuen bere altxor preziatuenetako bat gordetzen zuen kaxatxoa aurkitu zuen arte: lortzen oso zailak ziren esentzien sorta.
Ez zuen oso argi zer konbinazio izango zen egokiena, baina gizon hark, Raulek, baso bat behar bazuen, berak emango zion. Ezin zituen zuhaitzak ekarri, baina bai haien arimaren usaina.
Raulek eta Bedia doktoreak elkar jantzi ziren kirofanorako eta eskuak garbitu zituzten erizainek mutila eta ebakuntza-eremua prestatzen zituzten bitartean. Ebakuntza-gelan sartu zirenean, ebakuntza-eremua izan ezik, gaztea maindire berde baten azpian ezkutatuta zegoen.
Une horretan bertan, Marisak berak prestatutako esentzien nahasketa berezia zeukan beirazko botila txiki baten edukia, airea zuzenean bosgarren ebakuntza-gelaraino eramaten zuen aerotermoaren kutxatila batean isuri zuen. Dena bere gustura egon zenean, ziztu bizian itzuli zen eraikinaren barrura, eta korridoreetan barrena ebakuntza- gela erakusten zuen leihateraino bideratu zen. Zirujauak lehen ebakia nola egiten zuen ikusteko garaiz heldu zen.
Raulek, begiak itxita, arnasa sakon hartu zuen kontzentrazioa eta lasaitasuna bilatuz. Laurogei urte baino gehiagotan egindako lan orotan lagundu zion teknika horrek, eta gaur ez zion hutsik egin. Baina arnasa hartzerakoan zerbait berria sumatu zuen, airea bota eta berriz hartu zuen. Aire hura desberdina zen, energiaz birkargatzeko beharra zeukanean bisitatzen zituen pago zaharrez osatutako basoetara automatikoki eraman zuen zerbaitez betea zegoen. Aire berri hark antzinako usainez, landareez eta milaka urteko zuhaitzez hitz egiten zion.
Begiak ireki zituenean, dena garbia eta zehatza zen. Bedia doktorearen itsasoko ilunabarraren kolore urdin anil ederra agerian geratu zitzaion. Bere ikusmen aurala inoiz baino hobeagoa zen. Medikuari begiratu eta aste horretan lehenengo aldiz, irribarre egin zuen. Ebakuntza konplexua izan zen. Olatz Bediak pultsu inbidiagarriaz, kaltetutako odol- hodiak josi zituen eta mutilaren organo nagusiak kalteturik ez zeudela egiaztatu zuen. Giharrak josi eta azala puntu txukunekin itxi zuen orbain bat sortuz, izpi baten forma bitxia hartu zuena. Lanaren ehuneko berrogeita hamarra besterik ez zen hura, orain Raulen txanda zen.
Zirkuitu bioelektrikoa hainbat puntutan ebakita zegoen, eta mutikoaren aurak urre-tonu zehatzagoa bazuen ere, haren energia ez zen behar bezala mugitzen eta zirkuitulaburrak argi ikusten zituen. Raulen eskuak gaztearen orbainetik hamar bat zentimetrora mugitu ziren, kontu handiz, eta urrezko hariz, bide berriak eraikiz. Ordu erdi aritu zen lanean zirkuito osoa osatu arte. Distirak orduan, urrezko mantu gisa estali zuen mutila. Zerbaitek esan zion hori ez zegoela soilik bere ikusmen-hobekuntzari lotuta, gizon txiki hura zerbait berezia zela, berrestapen eskola sortu zuenetik bilatzen zuena, bera bezalako norbait.
Marisa atetik gertu zegoen zain, eta atera zirenean, itxaropentsu baina izuaz begiratu zien erantzunen bila. Raulen senak emakume hori bere mirari txikiaren arduradun zuzena zela esaten zion. Irribarre batekin erantzun zion begiekin egindako galderari, eta biak besarkatu ziren dena ondo joango zenaren ziurtasun osoz.
—Mila esker.
Aldi berean esan zuten, eta bien barreak gela itxaropenez eta etorkizunak gordetako promesez bete zuen.
Karlos esnatu bitartean Marisak medikuei esentziekin egindakoa azaldu zien, eta proba- egutegi bat ezarri zuten esentzien erabileraren potentziala ikertzeko, bai berrestatzailearen ikusmena indartzeko, bai gaixoa beraren ongizatea bermatzeko. Aukerak hamaika ziren, eta Bedia doktoreak berak ere onartu zuen bakean eta kontzentratuta sentitu zela ebakuntza-gelan.
Mutikoaren begi beltzak ireki zirenean, bere sendaketaren hiru erantzuleak zeuzkan aurrean eta nahasita begiratu zien. Urre-koloreko aurak inguratu egiten zuen, eta berreztapen oso baten adierazgarri zen. Karlosek pertsona haien koloreak begiratu zituen eta bere bizitzan lehenengoz seguru sentitu zen.
—Zuk ere ikus ditzakezu, ezta? —Begirada atsegineko gizon txikiaren galderak ustekabean harrapatu zuen, baina ez zuen berriro egin beharrik izan.
—Bai, ikusten ditut. Hurbil zaitez.
Raul hurbildu egin zen, eta mutikoak zerbait egin zion bere eskuekin bihotzetik gertu. Berehala nabaritu zuen efektua. Berotasun berri bat bere bihotz zaharretik isuri zen bere zirkuitu osoa zeharkatuz. Eskuak begiratzean, hogei urte zituenean bezain distiratsu ikusi zituen.
—Zerbait blokeatuta zenuen hemen.
Marisak kontu haundiz, besoen artean estutu zuen mutikoa, bere landareak laztantzen zituenean bezain leunki.
—A ze ezustekoa eman diguzun! Nola duzu izena mutil?
—Karlos naiz, Karlos Erize. Gogoratzen dudan azkena katu bati lagundu nahian aerotermoen burdin hesiaren gainera erori naizela da.
Bedia doktorea bere pazienteengana itzuli zen, baina Marisa eta Raúl bere begikoa zaintzen geratu ziren. Karlosek nola bizi zen eta familiarik ez zuela kontatu zien. Bere aurrean zituen pertsona horiek familiaren arazoa konpontzeko gai izango ote ziren?
5
Raulen ehunta bostgarren urtebetetze-eguna familiarentzat prestatutako gosari batekin hasi zen atiko berrian. Terrazatik Guggenheim museo zaharraren distira ikusten zuen, eta buelta eman ezkero, bere etxearen barrualdea, Marisaren landare ugariekin ohian baten antza zeukana. Duela bi hilabete etorri zen bere etxera elkarrekin bizitzera, eta txoko guztiak bere loreekin kolonizatu zituen. Kanpotik oso desberdinak izan arren, bestearengan arima-kide bat aurkitu zuten. Batzutan, Raulek ez zuen sinisten hura bere bizitza zenik.
Karlosek bere gelako atea ireki eta berehala erregalizaren usaina sumatu zuen. Sukaldetik iristen zen. Giroan banilla-usain gozoa ere bazegoen, Marisa jaiki zenaren seinale. Seguruenik Raul terraza prestatzen arituko zen. Urtebete aldera, ehunta laurogei graduko bira eman zuen bere bizitzak, eta eskua gorputzeko ezkerreko aldera eraman zuen tximista itxurako orbain leuna ukitzeko. Oroigarri txiki bat, heriotzaren ertzera eraman zuen une erabakigarri haren oroitzapena. Berak bizitzea aukeratu zuen, haiek lagundu zioten lortzen.
Terrazara oinutsik hurbildu zen.
– Zorionak Raul!
______________________________
*Irudia AKIRA, Katsuhiro Otomo-ren mangaren azal bat da. Bertan Chiyoko pertsonaia agertzen da, emakume haundi eta indartsu bat. Niretzat istorio japoniarrek ikuspegi holistiko moduko bat daukate: biolentzia, espirilituatea, teknologia, energiak. Sekulakoak!