Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Maitasunaren belak zabalik

7k1183Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Jean David maitea,

Hitz gutxiko gizona nauzu. Elkar hartu gintuen amodioak bultzatuta agur gutun hau idazten dizut. Orduan garaiezinak ginela uste genuen. Zeinen oker!

Bihotza zen gure erloju bakarra. François l'Olonnais (Jean David Nau) eta Michel le Basque (Mixel Etxegorria). Michel le Basque eta François l'Olonnais; horrela ezagutu gintuzten gure eskifaietako gizonek. Pirata krudela bata, gupidagabea bestea. Inor gutxik zekien popako gazteluko gure maitasun istorioaz, bizarrak elkar ferekatu eta maitasuna goizera arte egiten genuenean. «Jean David», «Mixel», xuxurlatzen genion elkarri.

Gogoan dut nola ezagutu zintudan Dortoka uharteko taberna hartan. Espainolek hartua zuten zure ontzia eta gizonak bata bestearen segidan gupidagabe hil zituzten zure aurrean. Lehenik eskuak moztu zizkieten, gero mingaina, azkenik hankak. Gorputz-enbor sarraski haren erdian zure burua eskaini zenuen lagun fidelak salbatzeko. Baina Galeoi espainolaren kapitainak esan zizkizun hitzek burrunba egiten zuten zure buruan, ilargi bat beranduago taberna har- tan: «Nahiago dut zu bizirik utzi, Lolonais, Espainiako erregearen galeoi bati erasotzen bazaio irlan bizi den zabor guztiak zer gertatzen den jakin dezan». Eskuak moztu eta gilatik pasa zintuzten. Bizirik ihes egin zenuen, ordea.

Taberna zuloan sartu nintzen momentutik zure begirada goibelak itsasontzietako oihalak ipar haizea bezala erakarri ninduen. «Egun txarra, kapitain?»; «Itsasontzia, eskifaia eta bi esku galdu nituen azken kalendan», erantzun zenidan zure begi urdin distiratsuekin, tristeziaz betea eta besondoko kakoak erakutsiaz. Alboan eseri eta horditu arte edan genuen espai- nolak madarikatuz, krudelkeria haren afrontua mendekatzeko planak eginez. Hasieran Cortes kapitainarekin pentsatuz. Begiak aterako genizkion eta irentsarazi; gero soldadu espainolekin jarraituko genuen, haiei bihotza erauziko genien janarazteko. Azkenik, Gibraltarren beraren jabe egingo ginen.

«Gibraltar» entzun orduko tximista batek jo izan balizu bezala altxatu, kakoak nire sorbaldetan jarri eta inoiz eman didaten musurik sutsuena eman zenidan. «Gibraltar!». Gau hura izan zen gure lehenengoa eta sutsua izan bazen musua, are sutsuago amodioa egiteko zenuen modua. Gorputz osoa arakatu zenidan ezagutzen nituenak eta ez nituenak lardaskatuz eta nire zakila laztankiro baina grinaz zurrupatuz. «Gibraltar!», oihukatu zenuen, «Gibraltar!», nire hazi-isuriarekin batera.

Ez zitzaigun asko kostatu Gibraltar hartzeko prest zeudenzortzi ontzi eta seiehun eta berrogeita hamar gizon biltzea. Gu bezalako itsasgizon zailduekin aritzea maite zuten es-kifaiek.

Venezuelako golkotik Maracaiboko aintziraren ahorako bandan jarri genuen ontzidia eta San Carlos gaztelua hiru ordu eskasetan hartu genuen. Hiria erabat hutsik aurkitu genuen, ordea. Janaria, baserriko animaliak, ardoa eta koñak asko, hori bai. Eta 20.000 erreal, gizonak ederki ordaintzeko.

Maracaibotik Gibraltar aldera egin genuen orduan. Zure eskuak sendatu zituen Exkemelin bizargilearen bitartez ezagutu nituen espainiarren aurka zenuen gorrotoak eraginda hartutako presoei egindako barrabaskeriak. Zuhaitzetara lotzeko agintzen zenien gizonei, zure labanarekin haien haragia urratu, eskua sartu zaurian eta bihotzak erauzten zenizkien gordinik jateko, oraindik pilpiraka zeudela. Horrela amestu zenuen gure lehenengo amodio gauean eta horrela egin... “Fléau des Espagnols” zure goitizena zabaldu zen Karibe osoan orduan. Zure krudelkeriak mugarik ez zuen. Gure maitasunak ere ez.

Gibraltarren 500 soldaduko goarnizioa suntsitu genuen eta aberastu ginen. Bitxiak, zilarrezko lingoteak, zetak, esklaboak eta....urrezko 260.000 pieza!

Gure filibusteroek dantzekin eta jolasekin ospatu zuten handikiro Gibraltar hartu izana. Denbora gutxian, ordea, lortu berri zuten altxorra taberna eta burdeletan xahutu zuten.

Gure maitasuna ere xahutu zen. Txanponek bezala, amodioak bere “Leon” du alde batean eta bere “Kastillo” bestean. Mattiserekin kapritxatu zinen eta hura zure urrezko piezekin. Ni Jean Davidez maitemindu nintzen; Mattisse, François l'Olonnaisez. Gero etorri zen Jean Pierre. Eta gero Pascal, eta gero... Nahikoa! Pentsatze hutsak min ematen dit.

Lizunkeria horrek berak galdu zintuen, Jean David. Lema utzita, azken mutil gazte ederrarekin txortan zinela, Karibeko itsasontzi piratarik beldurgarriena hondartu zenuen.

Elikagaiak eta edateko ura aurkitzeko lehorrera jaitsi behar izan zenuten zuek, zer eta Kuna tribuko natiboekin topo egiteko. Handik bizirik atera zen gizon bakarrak esan zidanez, Kunek, zu harrapatu, bizirik txikitu, puskaka zatitu, erre eta jan egin zintuzten.

Zure balentrien berri emateko eskatu zidan eskifaiak jakindakoan. Baina nola egin halakorik mugarik gabe maite izan duzun horrek bihotza mila zatitan puskatu badizu?

Agur, Jean David, infernuan elkartuko gara!

Michel Etchegorria, “Michel le Basque”, Jesu Kristo gure Jaunaren 1671. urtean.

 

Idazleari buruz...

David Izaga (Donostia, 1970). Donostiar irundartua ( “gibelhandi” edo “on Deibid” ezizenez), aspaldian sortu zitzaidan idazteko grina eta zer hobea Idazle Eskolan lagun artean idaztea baino? Horretan eman ditut bi ikasturte hauek, “hitzen lihoa iruten”, alegia.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago