Ilustrazioa: Kristina Fernandez | ||
Trenbidea
Katilua erori zaizu, krask! Dozenaka zati hegan, tak, tik tak! Leihoko kristalean, armairuko egurrean, marmolezko gainaren ertzean... Txiki sumatu duzu sukaldea, txiki zure burrunbari leku egiteko, txiki eztanda handiei eusteko. Ez dituzu jaso puskak, zertarako! Bazoaz egongelara, buruan ongi jasoa duzu gaurko hautaturiko arropa, eta armairutik hartu dituzu jertse beltza, galtza grisak eta leporako zapi marrazkiduna. Tximeletak, kolorezkoak. Jantzita, ispiluaren aurrean, ezpainak gorriz margotzen hasi zarenean konturatu zara eskuak apur bat dar-dar egiten dizula. Ez zaizkizu katilu gehiago eroriko, ordea.
Tak, tak, tak... Atsegin duzu takoi zabalek espaloian egiten duten soinua. Egiazko bihurtzen dituzte pausoak, ibiltzearen musika jartzen diote kaleari, gertatzen ari denaren erritmoa markatu. Tak, tak, tak... kalea zeurea da, zuk egiten duzu bizi, gaur inora ez bazoaz ere.
Bazoaz, ordea. Aspaldi aukeratu zenuen lekua, zuhaitz artean geratzen zen hutsune horretan jarriko zara, zain, inork ikus ez zaitzan. Zuk zeuk erabaki dezazun, besteek baldintza ez zaitzaten. Zure zapaten bideak gaur zuk egindako mapari segituko dio, orain espaloi gogorrean, orain belardi bigunetatik. Isildu da takoien ahotsa, doinurik ez lur hezean zapaltzen duzunean. Trakatrakatrakatra...! Trenaren zaratak bihotza bizkortu dizu bat-batean, une honetara lotu zaitu. Sakon egin duzu hasperen, arnasa berreskuratzeko, pausoka trenbide ertzera iristen zaren bitartean. Zuhaixken itzalak babesten zaitu. Zain egoteko txoko bilakatu zaizu hauxe. Hasperena berriz ere.
Erlojuari begiratu, eta ziurtatu duzu zazpi minutu geratzen zaizkizula. Trenbidearen bestaldean geratzen diren zuhaitzei so egin diezu, eta adar batean usapala sumatu duzu. «Nolatan oraindik hemen? Nola ez zara hegoaldera, goxora, abiatu oraindik? Zeren zain zaude?». Bere begiek zureekin topo egin dute eta, bat-batean, adarraren gainean bulkada eragin eta hegan hasi da. Zeure begiradak ere zerurantz egin du, lainoetan galdu arte. Haien erritmora geldotu zaizkizu taupadak.
Bost minutu. Trenbideko erreiak bihurgunean desagertzen dira. Haiei so eginez gogoratu duzu esateko zenuena esan behar duzula. «Ez», eta arnasa sakon hartu duzu. Jada ahaztu egin duzu noiz utzi zenion berari zerbait ukatzeari. Esan zenionean haserretu zenean, agian. Ordura arte ez zenion aurpegi hori ezagutzen, zuen harremana irribarre eta laztanetan hasi eta josi zen, eta Elizatik zuriz jantzita atera zinenean behingoz ipuineko printzesa zeu zinela sentitu zenuen. Ortzadarraren koloreek janzten zituzten zuen egunak, eta ilunik ez zenuen sumatu ordura arte. Baina ezetz, gogorik ez zenuela esan zenion egun horretan (hiruzpalau urte izango dira honezkero, udaberria zen) laino beltz bat sartu zen etxean, bere begietan inoizko ekaitza ikusi zenuen, eta ez dakizu ondoren laztan haiek laztan edo beste zerbait izan ote ziren.
Hiru minutu, haizea soilik entzuten da. Trenbideko erreiari segituz, egun hartatik hona etorri diren egun beltzei begiratzen diezu, eta badaezpada berriz errepikatu duzu. «Ezetz!». Izan ere, konturatu zinenerako, bere begietako ekaitz haiek ez ikustearren baietz, beti baietz, «agian bai», «bale», esaten hasi zinen. Gogorik izan ez arren, beste zerbaiterako asmorik bazenuen ere. Zure ezezkoek ipuina ilunduko zutela pentsatu zenuen, laino beltzak zorionarekin bateraezinak zirela, zuen harremanaren ederra halako ekintzekin eraikiko zenuela. Ekarpenekin, sakrifizioekin, baiezkoekin, grina erauziekin...
Baiezkoak nahikoa izan ez ziren arte. Hitz goxoak bakantzen joan ziren, erdeinuzko esaldiei leku egiteko. Zure iritziek «zu isilik egon, tuntuna!» jasotzen ez zutenean, ez zituen kontuan hartu ere egiten. Zure gogoez ez zen inor arduratzen, ezta zeu ere. Arazo iturri ziren. «Ixo!», eta ixildu egiten zinen. «Goazen! », eta joan egiten zinen. Gatazkak saihesteko bide azkarrak ikasi zenituen, eta denak zure baitan zeuden. Zuriak ziren etxeko hormak, baina haietan udaberri herdoildua besterik ez zenuen sumatzen jada.
Bi minutu, erreietako herdoila eder egin da zure oihuarekin: «Ezetz ezetz da!». Arnasa faltan izan zenuenerako, irtenbideen bila hasi zinen, baina beldurrak harrapatuta zeunden ordurako. Besoa estutzen zizun eskua, matrail estutuetan gordetako amorrua, irainen itzal ubeldua... Goizetan ohetik altxatzeko arrazoirik emango zizun argi-izpirik ez jada leihotik, irribarre haiek oroitzapenean eta argazki-bilduman gordeta, etxeko horma zuriak ilun, oso ilun, bakarrik ez zeundenean. Eta ilunpetan zaila da irtenbideak topatzea, nekeza kolore berriak aurkitzea, ezinezkoa argia ikustea.
Minutu bat, eta arnasa hartu duzu. Sakon, geldo, bizi... Arnasa zeure barneraino, esateko zenituen ezezko horietaraino, eta airea ahotik botaz hegaldatu dituzu guztiak. «Ez, ez eta ez». Berandu dela erabaki duzu, ezinezkoa dela, ipuina amaitu dela. «Hala bazan eta ez bazan...». Gaur ezezkoa erraietatik atera zaizu, eta zeure pausoen norabidea, erritmoa eta doinua erabaki duzu.
Trakatrakatra...!! Badator trena. Egin ezazu hasperen, «ez» esateaz batera.
1972an jaioa, azken urteetan hernaniartutako andoaindarra naiz. Kazetaritzan lizentziaduna, komunikazioaren ertzetan zehar aritu izan naiz, besteak beste. Idazle Eskolako bigarren mailako ikasle, hitzen bitartez barrura bidaia egiten nabil. |