Anteron txamarrotia,singerren bibotia...
Ilustrazioa: Kristina Fernandez | ||
Lekeitio. 1944ko irailaren 3a. Baskongadoetako autobusa iristen ari da San Kristobal enparantzara. Bidaiariak: Markinako Artibai Musika Bandako kideak, Segundo Olaeta zuzendaria buru. Harreragile: Rufo Atxurra, autobus konpainiak Lekeition duen arduraduna.
Hasi da kalejira. Kanpai eta bolandera hotsen konpasean musika bandaren notak, Lekeitioko kanta ezagun bi josita Segundo Olaetak moldatutako abestiarenak: Sol, #fa, fa, mi, re, do, si, txis, pun. Anteron txamarrotia, Singerren bibotia, harexek, ei dauko, preso tximinoia…
Musika banda aurretik, herria atzetik, saltoka eta brinkoka, elkarri lepotik oratuta. Barrua hutsitu beharraren beharraz eztarriak urratuta. Kale bazterrak jendez gainezka, txaloak, malkoak, bihotzak taupadetan bizkor, hozkirria lepoan txortxor, oilo-ipurdia azalean borbor... «Zerbait handia jaio da, gaur, Lekeition », Rufok bere barrurako, Olaetari begira.
Kalejirak poza eta zoriona ez eze, beste emozio eta sentimendu asko ere biztu ditu herritarren artean. Haserrea eta sumindura erreketeengan, galtzaileak kalean eta kantuan ikustea jasan ezinda. Beldurra eta kezka zapalduengan, poz adierazpen txikienak ere sekulako errepresioa erakar dezakeela jakitun. Desira eta kulpa lutoaren kariaz kalejira errezelen atzetik segitu behar duen alargunarengan, gaztetako laguna ikustea aski izan baitu sexu jolasetarako grina pizteko, eta soineko beltza hura erreprimitzeko. Lotsa eta nahasmena apaizarengan, ikuskizunak termometroa goitituta, «qui tollis peccata mundi» esan beharrean, «klitoris pekata mundi» atera zaiolako, mezatan.
Antero hirurogeita hamar urteko gizona da, dagoeneko; umetatik toleten artean ibilia, itsasoaren enbatei intxaur oskoletik aurre egin beharrak gogortua, foruen galerak Kubako gerrara behartua, arrantzalea, eliztarra, lau alabaren aita … Sanpedropean, garai batean izan zuten tabernaren aurrean entzun du kalejira, txamarrotea jantzita, eta bat-batean aitagurea errezatzen hasi da, Singerren arimaren alde.
Enrique Garcia Vara hemeretzigarren mendearen amaieran heldu zen Madriletik Lekeitiora. Gaixotasun batek arrastoa utzi zion bizitza osorako: edonon hartzen zuen loak. Lan bila zebilela, zer zekien egiten galderari, inoiz Singer markako josteko makina konpondu izana erantzun zion; hortik, Singer, ezizena. Tximinoitarako amuen tankerako bibote nabarmenak bihurtu zuen kantako pertsonaia. Miguel de Oñate bandako zuzendariak kontsakratu zuen XX. mendearen hasieran, kanta pentagramara eramanda “Singerren bibotia” izenarekin. Arratsalde epel batean, abadeen moilan, trainen gainean lo zegoela, orratz burubeltz ugertua sartu zioten lepotik, txantxetan, eta zauriak gaitz hartuta hil zen, 1929an, benetan.
Kalejirak tristura berpiztu die Singerren familiakoei, haren heriotza gogorarazita.
Nola liteke kanta berak horrenbeste sentimendu biztea, kolore ezberdineko horrenbeste su?
Plazako pilarean dago Isidora gor-mutua kalejiraren zain, eta harritu egin da bandaren atzetik datozenen ezpainak irakurtzean, gauza bera ez dutela kantatzen konturatu baita; gutxi batzuk Singerren lekuan Franco diotela begitandu zaio eta tximinoiaren lekuan Euskal Herria.
Plazan amaitu da kalejira. Rufo Olaetarengana hurbiltzen ikusi du Isidorak eta haien ezpainak irakurtzera bultzatu du jakin-minak.
-Zorionak, laguntzarra!–Rufok.
-Eskerrik asko! –Olaetak.
-Adorea behar da errazionamendua, gosea, debekua eta errepresioa beste ezaugarririk ez duen gerraoste lehor honetan kanta hori jotzeko kalerik kale.
-Adorea? Smith doktoreari diot zor, neurri batean.
-Nor da Smith hori?
-Francoren eta Hitlerren Hendaiako bileran interprete lanak egin zituen koronel nazia.
-Eta nondik ezagutzen duzu?
-Ezkutalekura etorri zitzaigun, Baionan, ofizial naziei eman behar zien hitzaldi batean gure taldea ezpata-dantzan nahi zuela esatera. Berlineko unibertsitatean itzulpengintza katedraduna izan omen zen bigarren mundu gerra hasi aurretik; euskaraz ere moldatzen zen.
-Eta dantzatu egin zenuten Gernika bonbardatu zizuetenen aurrean?
-Ze erremedio! Donibane Lohizuneko hotelik dotoreenean, gainera, areto bete ofizial alemaniar ikusle. Amaieran, Euskal Abendearen Ereserkia kantatzeko eskatu zigun Smithek. Ea ez zegoen debekatuta, nik. Eurek erabakitzen zutela zer zegoen debekatuta eta zer ez, berak. Kantatzeko. Amaieran, gora euskadika alemaniar uniformatuak, emozio kontrajarrien itsasoan ito beharrean gu. Harrezkero, ez nau debekuaren kontuak inoiz kezkatu; kexarik baletor, Smithengana zuzendu eta kito!
«Nik ez dut entzungo, baina seigarren zentzumenak diost, laster, herriak Anteron txamarrotia, Francoren bibotia, harexek ei dauko, preso Euskal Herria kantatuko duela. Are! Euskal Herri osora hedatuko da kantua. Ereserki bihurtuko. Agintariak beldurtu egingo ditu. Txarolezko txanodunak haserrearazi. Herria adoretu. Sistema arrakalatu ... Handia izango den zerbait jaio da, bai, gaur, hemen, Lekeition!», Isidorak bere barrurako, plazako jendetzari begira.
Irakasle erretiratua |