Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
 Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
     
Sugeak lurpean

Metroan noa goizeko zortzietan, lur azpiko suge luzean. Goiko aldean, zerua urdin eta eguzkia indartzen utzi ditut suge luzeraino naramaten eskailerak jaitsi ditudanean.

Azpialde horretan, ez da ez eguna ez arratsa existitzen. Ez dago txorien kantuekin argitzen den egunsenti gorri ez eta xaguxarrak agertzen diren ilunabar arroxarik. Beti beroa, presa, frenatze kirrinkagarria eta ordenagailu teklek bultzaturiko abiatzea.

Benetton denda-katearen iragarkia egin zitekeen bagoian gaudenokin: bakoitzak bere azal kolorea, amets eta helmuga bana. Begien forma anitzak eta iris kolore gama zabala; irisaren ondoko xuria, hori, denok iguala daukagu, ordea.

Batzuek ez dute gosaltzeko astirik izan eta plastikozko ontzietan daramate tea, kafesnea edo auskalo zer nahaskeria. Bertze batzuk oraindik lo daude ondoko bidaiariaren sorbaldan almoada bilatzen. Egunkari, best-seller nobela, poesia liburuak ere esku nahiz motxiletan. Norbait beretzat bakarrik den musika aditzen ari da.

Keelen jende tropel berri bat sartu da bagoian eta abiatzear ginela, ateak itxi aitzinetik sartu da emakume ilegorri bat. Ile luzea du, kiribildua eta irlandar gorrikoa. Irlandar jatorria izan beharrean, akaso arbaso agoten bat ere izan lezake. Azala argiargia, milaka peka ttikiz tatuatua. Eserlekurik libre ez duenez, xutik gelditu behar izan da eta helduleku bila hasi da.

Bat-batean argiak itzali eta konfetia diruditen kolorezko argiak piztuko balira, heldulekua amerikar barra izan liteke. Foku argi batek barra hori argitu eta dantzaria noiz agertuko zain geldituko litzateke publikoa, batzuk txistuka, txaloka bertzeak. Emakumezkoen gorputzaren kontura dirutza mugitzen duen negozio higuingarria.

Ilegorriak, ordea, ez du stripteasea egiteko intentziorik eta heldulekuari kontzen dio, indarrez, fuerte, bagoiaren mugimenduak desoreka sortzen diolako eta inguruko inor ez ukitzeko ahalegina edo egiten du, tentsioan mantentzen da. Eskuineko esku horretan, larruzko eskularrua du jantzita. Agian bakterioen beldur da eta ez du aitzinetik egon denaren aztarna gardena (baina staphylococcusez josia) bere eskuetan itseki nahi.

Bertze eskua, aldiz, biluzik dauka, eskularrurik gabe aske eta segituan atera du sakelatik arrosario luzea; puntan zilarrezkoa dirudien gurutze zorrotzarekin. Berdin zaio bagoia bete-betea egotea, bagoian goazenok atun latako haragia gisan estu egotea, bera, errezoan hasi baita. Begiak erdizka itxi eta ahoa playbacka egiten duten kantariek bezala mugitzen du eta pentsatu dut agian gu denon, suge luzean goazenon salbazioagatik (halakorik existitzen bada) ariko dela, igual.

Agian, klaustrofobia sentituko du eta lanerako bide luzea metroan egin behar duen goizetan nik ez dakidan denbora itogarria sufritu beharko du lur azpiko sugean doan bitartean. Igual, lur azpiko sugea erlijio-fanatiko batek lehertu eta lurrazalera jaurtiko duen ikara da. Edo baliteke, bere semeaz oroitzea. Tren istripuan hil zitzaion semeaz, gorputegian identifikatu behar izan zuenaz, hatz erakuslea falta zuela lurperatu edo erraustu behar izan zutenaz. Sabel-zintzurrean suge luzeak iraganeko arantzak zorrozten dizkiola dirudi.

Arriving to Spadina. Ardia naiz presaka doan artaldearen erdian; atera gara behingoz suge luzetik eta zeru urdina eta eguzkia bistaratzea ditut helburu. Spadinako geltokian ere inoiz ez da ez egun, ez arrats. Ez egunsenti gorri, ez ilunabar arroxarik.

Nasatik bilatu ditut bagoian gelditu diren emakume ilegorria, larruzko eskularrua eta zilarrezko arrosarioa. Bere errezo ixila ere badoa. Suge luzearen barruan urruntzen doazela, emakume ilegorriak esku biluzia ahora eraman duela ikusi dut; gurutze zorrotzak hatz erakuslea ebaki diola dirudi.

Mattane Rodriguez

Lesaka (Nafarroa). Idazle eskolako 2.mailako ikaslea. Historian lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Nafarroan. 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago