Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Hiru ordu
    luma24

Orain hiru ordu norbaitek neure ama hil  du. Kalean zihoan, bastoi eta guzti, eta semaforoa gorriz pasatzen hasi da: batera eta bestera begiratu, inor ez zegoela iruditu,  eta pasatzea erabaki duenerako, autoa aurrez  aurre etorri zaio. Baita etorri  ere, azkar, gainera automobila. Belaunetan kolpea eman, lurrera bota, eta azpian hartzea, bat izan da. Ezkerreko gurpilekin esternoia apurtu dio, bi tokitan. Bihotzak zart egin dio. Hantxe bertan seko gelditu da. 

“Ezin izan dute ezer egin”. Hori esan dit Gurutze Gorriko anbulantziako gidariak. Sinetsi  egin beharko diot, hain ziurtasun handiarekin  kontatu dit eta dena! Ertzaina ere, buruaz baiezka zegoen; ala bestela, tik bat zuen, burua gora  eta behera mugiarazten ziona.

Anbulantziakoak berrogei minutu geroago  etorri dira –ertzainak hamar beranduago-, eta  bitartean, atsoa lurrean egon da, asfalto gainean, hotzak hiltzen. Beno, hotzak hiltzen ez, zeren eta, jadanik, hilda baitzegoen. Halere, hotza sekulakoa zegoela esan dit, ertzain buruzabulari astun hark.

Anbulantziako gidaria gasolina hartzen ari  omen zen, deia jaso duenean. Zortzi kotxe zituen  aurretik. Larrialdietako argi horiak jarri ditu, sirena ere piztu du, baina inork ez dio kasurik egin.  Ez diote aurreratzen utzi. Hamaika birao eta irain,  ahalik eta zikinenak, maltzurrenak, lizunenak  bota dizkie. Ezer ere ez. Norbait, gainera, iseka aurpegiz zebilkiola begitandu zaio.

Jaramonik egiten ez ziotela eta, institutuko etikako klaseak gogoan, saiatu da balioei buruz hitz  egiten, aurrean zituen zortzi –dago- eneko, sei- gidariei. Gizakien sentimenduen azaleratze ezinak ekartzen duen estresa aipatu die, erruduntasun konplexua, ondoezak; eta bestalde,  besteei laguntzeak norbanakoari ekartzen dion  bizipozaz aritu zaie. Ez du ezer lortu.

Ordu erdi eta gero, depositua bete duenean,  hiruzpalau litro lurrera bota, autoa arrankatu,  eta pospoloa, piztuta, bota du gasolinara, denak su har zezan. Gasolina ukitzean pospoloa  itzali egin da.

Horregatik heldu dela berandu kontatu dit gidariak; baina ez dakit egia esan didan; ala ni ez  haserretzeko –anbulantzien enpresan salaketarik ez jartzeko- asmatu duen istorio hori.

Etxean nengoen, kontatu dudan guztia amari gertatzen ari zitzaion bitartean, John Stainberg-en azken liburua, luzeena, astunena, eskasena, “Herioren bideak” irakurtzen. Bertan,  heriotzari buruzko bi ganoragabeko teoria aipatzen zituen. Egunkarietako kritikoak asko  goraipatu dute, eta esaten dute Nobel sarirako izendatuko dutela; ez idatzi duenagatik, senideak Aita Sainduaren lehengusuak direlako  baizik.

luma25  

Haren heriotzarekiko ikusmoldea erabat zaharkitua dago, baina eskuineko idazleak promozionatzea komenigarria dela erabaki zuten  Suediako intelektual ofizialek, transatlantiko  batean, abenduaren zazpian egindako afari garestian. Aita Sainduaren lehengusu zaharrenak, idazlearen koinatua den Rodolfo Von Bardino konteak, ordaindu zuen afaria, likoreak  eta guzti.

 

Abisua hartu dudanean, penaz utzi dut liburua, ez baitzait gustatzen liburuak erdi irakurrita uztea. Hori zinemarekin  ere gertatzen zait. Neure bizi guztian film bakarra  ez dut osorik ikusi: “Gozamenaren lekualdaketa progresiboak” zeritzona. Ezin izan nuen  jasan.

Zineman neu bakarrik gelditu nintzen, lehen  hamabost minutuak igaro zirenerako beste guztiak ihesik joan baitziren. Batzuek, sarreraren  dirua itzultzeko eskatzen hasi, eta inork jaramonik egiten ez zielako, atariko kartelen horma-irudia apurtu zuten, parra egin nahian edo.  Nik haien aurka egin nuen, elkarrizketa, surrealista –edo hiperrealista, edo neorrealista- haiek  ez zizkidatelako entzuten uzten.

Pikutara bidali ninduten, eta ezetz esaten ausartu ez nintzelako –lepotik heldu ninduelako  suhiltzaile itxurako giza-giharre batek, agian- , barrura joan nintzen, han bakardadean, filmari eutsi ahal izateko.

Halako batean, izterrean, belaunetik gora zihoan epeltasun leuna sumatu nuen. Ez nengoen  bakarrik. Norbait inguratu zitzaidala konturatu nintzen, ilunean. Aldamenera bezala begiratuz, ilegorri pekatsu haren eskutxoak -eta ahoa-, nire zakilerantz zihoazela ikustean, ospa egin nuen –aspaldian sexurik izan gabe nengoenez beldurtu egin bainintzen-, baboa ni, eta  gaur arte filmaren bukaera zein zen ez dut jakin ahal izan. Hara hor nire pena handietako  bat.

Ene! Zazpiak dira barren. Hiru ordu daramatzat liburu hau eskutik kendu ezinik. Aiba! Gainera, ez da “Herioren bideak”, “Heroien bideak”  baizik. Autore ezezaguna du, japoniarra.

Ez dut ezer ulertzen. Pentsatu dudan guztia  gezurra da. Gidariak esandakoa ere, ziurrenik,  hala izango da, hemen denok dakigu anbulantziak eta suhiltzaileak beti berandu heltzen direla, benetako arrazoirik gabe, eta ez dutela  inoiz azalpenik ematen.

Ertzain burukulunkaria ere ez zait gehiago  agertu. Ez dut entzun telebistan –eta errealitatea telebistak dioena da- gasolindegian  arazorik izan denik, ez eta inor istripuz hil denik. Eta  ama sukaldean dago, babak zuritzen, irratia entzunaz.

Lo geratu naiz, orain hiru ordu, liburua irakurtzen. Irakurtzen? Zein liburu?

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago