Amets-saltzailea
Bere lekurik gustukoena plaza erdian agertzen den Attatürk-en eskulturaren azpian da. Aberriaren aitaren babesean, alfonbra gorri txiki baten gainean jartzen du etxeko baskula eta zain egoten da norbait bere burua pisatzeko agertu arte.
Plazatik lanera bidean igarotzen diren beharginek zabaldutako ospe onari esker, Imdatek daukan bezeria finkoa, egunetik egunera, handitzen doa. Egunero 7:45ean, esaterako, alfonbra gorritik pasatzen da Fhati, “simit” saltzaile lodikotea, zeini baskulatik jaisterakoan aurpegia alaitzen zaion: “gaur ere gramo batzuk galdu ditut...”
7:55ean Farah lore saltzailearen txanda da. Baskulara igotzerakoan ikara aurpegia, berehala pozezko bihurtzen da; eta kontent jarraitzen du lanera.
Turisten artean ere arrakasta izaten du. Hasieran, hauek lanbidearen bitxikeriak erakarrita hurbiltzen dira. Gero, euren pisua neurtutakoan, poz-pozik jarraitzen diote turista ibilbideari.
Bestalde, bere gremioko plazan bertan lan egiten duten beste bi langileek ez dute ulertzen El Fhari-ren arrakastaren sekretua zein den, eta, inbidiaz, galdetzen diotenean, erantzuna beti berdina izaten da: “Bezeroari eman behar zaio bezeroak berak nahi duena.”
Gaur, Imdat geratua da lagunekin afaltzeko. Lagun baten 40. urtebetetzea da eta ospakizun berezi horretarako jende asko dago gonbidatuta.
Afari ordua iritsi da eta aipatutako lagun horren etxea lepo dago; gonbidatuen artean neska polit bat ezagutu du Imdat-ek eta denbora luzea pasa du berarekin hizketan. Oso ospakizun berezia denez, ez da ezeren faltarik izan: nahi adina janari eta edari.
Hurrengo egunean El Fhari oso sentsazio arraro duela esnatu da betiko orduan. Bart gehiegitxo jan du eta betekada sentsazioarekin jarraitzen du. Gainera oso lo gutxi egin du. Komunean sartu eta ispilu aurrean mingainari begiratu dio. Horrela dabilela, ispiluaren bestaldean, zeharka, bere lan tresnari erreparatu eta orain arte inoiz izan ez duen tentazioak asaldatu du. Bira eman du eta egunero egiten duen bezala, baskula hartu eta trukatu egin du. Gero, urduri, lurrean utzi du eta, begiak itxita, baskula zapaldu du. Hauek ireki baino lehenago, gauean ezagutu duen neskaren irudia etorri zaio burura...
Gaur Inmad El Fahri ez da 6:30ean etxetik atera lanera joateko. Baskula besapean daramala, beranduago, Taksim bigarren eskuko salmenta plazara abiatu da.