Narrazioak
LOPEZ DE ARANA ARRIETA, Inaxio "Torlojuak" (Narrazioak)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Lopez De Arana Arrieta,Inaxio
- Kategoria: NARRAZIOAK
- Bisitak: 20621
Torlojuak
Hiru hilabetean egunero-egunero joan zen Joseba burdindegira, eta egunero-egunero torlojukutxa eskuetan zeukala ateratzen zen dendatik. “Hi haiz hi koldarra!”, esanez zigortzen zuen bere burua Josebak, dendako atalasea atzean utzitakoan. Eta beti biharamunean indarberriturik eta ausardiaz beterik sartzen zen gaztea dendan, baina Izaskun ikusteaz bat kikildu eta “torlojukutxa bat” lardaskatzen baizik ez zuen asmatzen gizajoak, ahalkeak hartaraturik.
Baina egun batean ez zen azaldu Joseba dendara, eta hurrengoan ere ez, ez eta hurrengoan ere... Antza denez, aspalditik gaitz larri batek jota zegoen, eta sendagileek ahaleginak eta bi egin arren, ezin izan zioten bizitza gehiago luzatu. Hil egin zen, beraz, mutil gaztea. Bere gaixotasunaren berri, Izaskunekikoarena ez bezala, haren ingurukoek baizik ez zekiten.
Egunak joan, egunak etorri, Josebaren eguneroko bisitaldien huts-mina sentitzen hasi zen Izaskun. “Non sartu ote da mutil lotsati hura?” –ziotsan bere buruari, Josebaren heriotzaren berri ez zuen eta. Egunen joanean, Izaskunen jakinmina areagotuz joan zen. Gehiago ezin eutsirik, Josebaren etxera joatea erabaki zuen, haren nondik norakoa zuzenean jakiteko asmoz (auzo hartan, denek ezagutzen zuten elkar eta denek zekiten denen helbidea). Joseba bizirik zen bitartean ama alargunarekin bizi zen; horregatik, Izaskunek txirrina jo zuenean, ama atera zen leihora. Igotzeko esan zion, etxe hartan bere semearen lagun guztiak ongi etorriak zirela gaineratuz. Negar-zotinka azaldu zion bere semea hil egin zela eta hainbestekoa zuela bihotz-mina, oraindik ez baitzuen kemenik bildu haren logelan sartzeko. Izaskun ere bihotza tarrataturik geratu zen, eta buru-makur eta negarra begian egin zuen burdin-degirantz, egun hartan bezero gutxi izango zuen itxaropenez, Josebaren heriotzarenak gogoa guztiz zapuzturik utzi zion eta.
Bizkitartean, Izaskunen bisitaldiak adoreturik nonbait, ama Josebaren logelan sartu zen, eta han zer aurkituko, eta dozenaka torloju-kutxa, bazter guztietan paratuak: apaletan, ohe azpian, ohe gainean, armairuan, mesanotxeko tiraderetan.... ohe barruan ez beste leku guztietan kasik. Paper txukun banatan ondo bilduta egon arren, erraz antzeman zekiekeen torlojuak zirela. Ezin zuen sinetsi amak. “Zer dela-eta hainbeste torloju?”, galdetu zion bere buruari. Gainera, erosi bezalaxe zeuden: kutxak biltzen zituen papera kendu gabe. “Haien beharrik ez bazuen, zertarako erosten zituen ba?”. Azken galdera honek kitzikaturik, kutxa bat irekitzea erabaki zuen. Papera kendu zion bati, baina kutxa eta paperaren artean txarteltxo bat aurkitu zuen, honela zioena: “Kafe bat hartu nahi nuke zurekin, hobeto ezagut dezagun elkar. Nahi duzunean, Izaskun.”
Txartela irakurrita, ama harri eta zur geratu zen, eta bere harridura puztuz eta puztuz joan zen torloju-kutxa guztietan horrelako txartel bana zegoela ohartu ahala.