DIONISIOS OTE…
Nire lanbideak Txileraino eraman ninduen. Valparaison, lehenengo bi egunetan ardo upategi batzuk bisitatu behar nituen, eta handik Santiagora bidaiatu osasunerako ardoaren mesedeei buruzko kongresu batean parte hartzeko.
Bisitaldiak nahiko ondo joan ziren eta herrian merkaturatzeko moduan ardo polit batzuekin ohartu nintzen.
Santiagon, kongresuko atsedenaldi batean, hango tabernan kafe bat hartzen ari nintzela, tipo bat hurbildu zitzaidan eta nire aurpegiari begira segundo batzuk eman ondoren, harriduraz , esan zidan: —Baina, baina hi ez al haiz Juantxo, el Bolas?. Ni Enrique nauk, Kike!—
Lur eta zur geratu nintzen . Ezin nuen sinetsi nire aurrean zegoen pertsona burusoil eta lodikotea hura gure Kike izan zitekeenik.
Eskolako laguna zen Kike. Ni EGB-eko 4. maila hastera nindoala, herrira etorri zen bere familiarekin. Ikasturte hartan klase berean ikasi genuen eta hasieratik elkarren arteko harreman berezi bat sortu zen. Oso denbora gutxian lagun min bihurtu ginen. Toki guztietara elkarrekin joaten ginen. Kurtso hori bukatu zenean, herria utzi zuen eta harrezkero pista galdu nion, harik eta Txilerako bidaia horretan topo egin arte.
Hurrengo egunean bueltarako hegazkina hartu behar nuenez, gau horretantxe afaltzeko geratu ginen. Afari guztia pasa genuen elkarri eskolako pasadizoak kontatzen. Irakasle, gelakide, herritarrei… horiei guztiei errepaso ederra eman genien. Dena den, nik hobekien gordeta nuen txikitako oroitzapena postrerako utzi nuen: elkarrekin atera ginen lehenengo larunbatekoa.
Gogoratzen al haiz…
Azoka eguna zen. Larunbat hura gris eta lainotsu esnatu zen. Gosaldu ondoren etxeko sukaldeko leihotik begiratu nuen. Plazan postuak dagoeneko jarrita zeuden eta eguzkiaren izpiak hasiak ziren laino sarea zulatzen. Udazkeneko egun eder horietakoa izango zen.
Amari gelako lagun batekin geratu nintzela esan ondoren, musu azkar bat eman, eta, arineketan, “errekazubi” aldera abiatu nintzen. Iritsi nintzenerako Kike han zegoen, nire zain.
Elkar agurtu ondoren, berehala proposatu zidan larunbat horretako plana: parkera joan gintezkeen, herriko parkera!
Hura entzuteak zalantzazko zirrara egin zidan. Herriko parkea ez zen oso toki gomendagarria, ospe txarrekoa zen. Parkeko sarrerako ate ondoan pasatzen nintzen bakoitzean emozio kontrajarriak etortzen zitzaizkidan burura: alde batetik, nire gurasoen debekua entzuten nuen, eta bestalde, aldi berean, toki misteriotsu baten deiadarrak parke barrualdera erakartzen ninduen.
Azkenean, Kikek konbentzitu ninduen eta, kontu handiz, sarrerako atea igaro genuen.
Hasiera batean, oso toki arrunta iruditu zitzaidan. Han-hemenka, bi jubilatu banku batean eserita, neska gazte bat txakurrarekin paseoan, parke erdian iturri bat…
Parkean zehar buelta batzuk eman ondoren, ezer berezirik nabaritzen ez genuela, egarriak jota iturrira hurbildu ginen. Harrizko pareta moduko bat zen eta horren erdian brontzezko giza buru iletsu eta bizardun bat zegoen. Gizakiak ahoa irekita zeukan eta hortik ura isurtzen zuen.
Edaten ari nintzela, bat-batean, hitz trakets batzuk entzun nituen: —Kaixo mutikok, Dionisios naiz eta hau nire iturria da, baina lasai, edanzazue lasai—…
Burua altxatu eta gizon hura ikusi nuen. Hasieran, beldurtu egin nintzen pixka bat, baina gero zer esan ez nekiela geratu nintzen, pertsona horren burua eta aurpegia brontzezko irudiaren igualak zirela ikusi nuenean. Gizonak begietara begiratu zidan, eta izugarrizko barre-algara eginez, balantzaka, urrutiratu zen.
Kikek eta biok sustoa pasa eta gero tipoari jarraitzea erabaki genuen. Halaxe aurkitu genuen Dionisios haren Olinpoa .Parkeko ertz batean, indietako gaztainondo erraldoi baten azpian, aterik gabeko eta zeharo herdoilduta zegoen Peugeot 405 txuri bat agertu zitzaigun. Huraxe zen gizon horren etxea.
Eskale hura autoari geratzen zitzaion eserleku bakarrean eserita zegoen eta berriro ikusi gintuenean, mozkorti irribarrearekin, zera esan zigun agur gisa: —“Las putas al poder; sus hijos ya hace mucho que están en él”.—
Nire laguna eta biok, gertatutakoaz etxean ez genuela zipriztinik ere esango hitza eman ondoren, etxera itzuli ginen.
Zer esanik ez, hurrengo larunbatean, baita kurtso horretako larunbat guztietan ere, parkeko ohiko bezeroak egin ginen. Dionisios-ekin lagun handiak egin ginen eta Peugeot 405 txuri zahar horren inguruan, aho-zabalik, entzuten genituen gizon iletsu eta bizardun hark kontatzen zizkigun istorioak.
Kurtsoa ekaineko ostiral batean bukatu zen eta ostiral horretan bertan, Kikek, familiak lagunduta, herria utzi zuen. Hurrengo egunean, larunbatean, urdailean askatu gabeko korapilo bat nuela esnatu nintzen eta errutinari jarraituz, gosaldu ondoren, plazara jaitsi eta parkera joan nintzen. Han, sarrerako atea igaro eta peugeota zegoen aldera bideratu nintzen.
Nire harridurarako, indietako gaztainondo erraldoi azpian ez zegoen inongo kotxerik, ezta gure lagun iletsu eta bizardunaren arrastorik ere. Une horretan ahoa lehortuta sentitu nuen eta iturrira gerturatu nintzen. Brontzezko irudia laztandu nuen, gero ur tragoxka bat edan eta, burumakur, etxera itzuli nintzen.
Kontakizun hori bukatutakoan, Kikek, segundo batzuez nire begira geratu ondoren, ezertxo ere ez zuela gogoratzen esan zidan.
Jarraian, sortu zen isilune sakona apurtu nahian edo, berak ere kontatu zidan, 19 urte zituela, nola azkenean Hego Ameriketako kontinentera heldu eta han geratu zen. Senide txiki baten lur batzuk oinordetzan hartu zituen eta han mahasti batzuk landatuz ardogintza lanari ekin zion.
Elkar agurtu baino lehen, paperez inguratutako botila bat eman zidan eta hegazkinean egon arte ez niola papera kenduko hitza eman eginarazi zidan.
Orain, ozeano Atlantikoaren gainean nago eta opariari papera kendu diot. Botila bere upategikoa da eta etiketan hauxe azaltzen da:
DIONISIOS
Bodegas Kike
100% merlot