Kristina Fernandez |
Izeba Pantxike
Uda hartan, izeba Pantxike oporrak pasatzeko familiaren baserrira itzuli zenean, berarengan ohikoa ez zen jarrera sumatu genuen: alaiago zegoen, irribarretsuago, berritsuago... bizitzeko gogoa zerion poro guztietatik. Aurpegian ere, distira berezia zeukan. Abuztu hartako arratsalde batean, basoan barrena betiko ibilalditxoa egin ordez, sukaldean geratu zen guztiokin bazkalondoko tertulia horietan parte hartzeko asmoz. Pantxikek bere aurrean kontatzen ausartzen ez ginen txiste horietako bat konta genezan zirikatu gintuen.
–Nahi baduzue, neuk kontatuko dizuet bat....
Ordura arte ezagutzen genuen izeba Pantxikeri gehien gustatzen zitzaiona nebekin familiak zeukan baserrian udan elkartzea zen; nebekin batera, haien semeak, errainak, ilobak... Denok elkartzen ginen eta bera arduratzen zen guztiontzako otorduak prestatzeaz. Nabaritzen zitzaion oso gustura sentitzen zela sukalde hartan, bere haurtzaroko sukaldean. Udako oporretan eztabaida luzeak izaten genituen bertan, bazkalondo zein afalondoetan. Gai guztiei buruz mintzatzen ginen, sexuaz izan ezik; izeba Pantxikeren aurrean «gauza» horiek ez baitziren aipatzen, ezta txiste bat kontatzeko ere. Batzuetan, bazkalondo horietan gutako batekin mendira joaten zen, saskia eskuetan hartuta, basoko fruituak biltzeko aitzakiaz. Izebak ondo zekien familiakook abagune horiek baliatzen genituela txiste berdeak eta herriko txutxu-mutxuak kontatzeko.
Sukaldeak haurtzaroko oroitzapenak ekartzen zizkion burura, batez ere, amarekin horma haien artean eman zituen orduak eta orduak. Bertan eta amarekin ikasi zuen lehenengo jakiak prestatzen. Gure amona eraman handiko emakumea zen eta maitasun handiz irakatsi zizkion berak ezagutzen zituen sukaldeko sekretu guztiak. Zein gustura arituko ziren biak sukalde hartan familia guztiarentzako otorduak prestatzen!
Sukalde horretan bertan egin zion amari lehen eta azken «aitorpena», gau batean, denak oheratu zirenean eta beheko suaren babesean:
–Ama, Martin Ameriketara joatekoa da. Gau hartan, Pantxike gaztea kopetilun egon zen. Afarian tutik ere esan gabe egon zen eta ama konturatua zegoen zerbait gertatzen zitzaiola. Bazekien Martinekin hitz egiten zuela, baina ez bere «txikitxoa » maiteminduta egon zitekeenik.
–Nola, bada?
–Jaietan Ameriketako osaba etorriko da eta artzain eramango du.
Izeba Pantxikek, hau guztia gogoratzen zuenean, garai hartako mina sentitzen zuen oraindik ere. Berea gazteen arteko maitasun istorio laburra izan zen. Negu hartako erromeria batean ezagutu zuten elkar, eta igandeetan, herriko plazan, oso arratsalde goxoak pasatzen zituzten dantzan eta hizketan. Mutil alaia eta zintzoa izateaz gain, barre eragiten zion, horregatik zegoen hain gustura berarekin. Herritik hurbil zegoen errota zaharrean ikusi zuten elkar azken aldiz. Abuztuko gau bero batean izan zen eta ilargi beteak bi silueta argitzen zituen. Martin Pantxike besarkatzen ausartu zen; inoiz ez bezala begiratu zioten elkarri eta Martin abaguneaz baliatu zen ezpainetan musu leun bat emateko. Horixe izan zen Pantxikek jaso zuen lehenengo eta azken maitasun musua. Neska, ahal zuen guztietan, leku horretara itzultzen zen gau hartako magia berreskuratzeko asmoz.
Handik urte batzuetara, Martin herrira itzuli zen. Baina, hobe egin ez balu: emaztea eta hiru seme-alabak ekarri zituen. Pantxike, isilean, zoratu egin zen. Ezin zuen sinistu: nola zitekeen hori? Non geratu ziren elkarrekin pasatutako arratsaldeak? Non hitz goxoak? Non musu hura? Nola zitekeen berarekin hain erraz ahaztea? Berak ezin izan zuen ahaztu... Horregatik, Martin bueltatu eta aste batzuetara, Gasteizera lan egitera joatea erabaki zuen. Hainbat urtetan sukaldari aritu ondoren, nagusia hiltzean jatetxeko ardura hartu zuen eta sukaldeko berotasunak bihotzean zuen Martinen aztarna, poliki-poliki, lausotu zuen.
Familian ez genuen inoiz jakin zein izan zen Gasteizera joateko benetako arrazoia, ezta amak ere, nahiz eta susmoa izan, eta, agian horregatik, pentsatu genuen gorputz hark ez zuela inoiz beste gorputz baten beharra sentitu. Berak ere ez zuen maitasunaren aldeko jarrerarik erakutsi, ez zuen nahi izan beste inork musukatzea edo besarkatzea, sukalde hark eskaintzen zion «berotasuna» eta babesa nahikoa balira bezala, edo bertan beste desengainu bat bizitzeko beldurra uxatu ahal balu bezala.
Jatetxe barruan pasa zitzaizkion Pantxikeri hogeita hamar urte, Iñaxio ezagutu arte. Izebak, jatetxea eraberritzeko ordua zela erabaki zuenean, aldarte oneko gizon hori kontratatu zuen, obraz ardura zedin. Pantxikek baino zazpi urte gehiago izan arren, gazteago ematen zuen, hain zen alaia eta umoretsua. Izeba berehala konturatu zen modu berezian begiratzen ziola; hala ere, aspaldiko partez, ez zitzaion inporta, berriro norbaitek barre eragiten ziolako. Eta barre eginez, urtetan ezkutatutako beldurra urtu zen.
Obrak bukatu eta hurrengo goizean, Iñaxio jatetxean sartu zen inoiz baino urduriago eta dotoreago. Pantxike ohartu zen bizarra kendu berri zuela eta lurrin garesti baten usaina zeriola. Eskuan poltsa bat zekarren.
–Zergatik ez duzu gu biontzako bazkaria prestatzen?
Horregatik, abuztuko arratsalde hartan, tertulian parte hartzeko gurekin geratu zenean eta izebak txiste berdeak kontatzera bultzatzen gintuenean, denok harrituta geratu ginen. Orduantxe jakin genuen izeba Pantxikeri, berrogeita hamabost urterekin bazen ere, maitasuna heldu zitzaiola.