Kristina Fernandez |
Funtzionario xelebrea
Gobernuan lan egitea! Lakuako bulego dotore horietako batean! A ze suertea!». Etxean, gurasoek ezin zuten sinetsi. Bat-batean, ordu arte alproja galanta zena etxeko seme kutun bihurtu zen guztion begien aurrean. Koadrilakoek ere berdintsu: «Hori duk hori, txoiloa! Hor, gainera, ez duk enpresa pribatuan bezala. Enpresa pribatuan azken tanta ere xurgatzen zigutek guri, goiz, arratsalde eta baita gauez ere, deskuidatuz gero. Administrazioan, ordea, poliki-poliki, presarik batere gabe… Gainera, itzultzaile itzaltzaile jende klase hori oso jatorra eta eramaten erraza duk, gizona!». Auzoan askok eta askok inoizko begiradarik irrikatsuenaz egiten zidaten so; harrezkero adiskide faltarik ez dut izan bazterrotan. Tarteka bakanen baten eztenkada ere jasan behar izaten dut: «Entxufe onen bat izango huen hik nonbait». Horrelakoei entzungor egin ezik, nireak egin du, aspaldi egingo zuen, gainera.
Lur gaineko paradisu honetara iritsi orduko ohartu nintzen gauzak ez zirela nik uste bezain ongi joango. Aitortu beharra daukat, halere, aurreneko egunean harrera bero-beroa egin zigutela niri eta nirekin batera jaurlatxirlan lanean hasi ziren gainerakoei, beren arazo guztien konponbide ginelakoan. Baina aspaldi honetan barnea guztiz asaldaturik daukat, hainbat funtzionario moldakaitzen trauskilkeriak direla-eta. Hiru hilabete daramatzat paperzulo honetan eta ez dakit noiz arte jasan ahal izango dudan! Hiru hilabete esan dut? Bai zera! Gehiago dira, askoz ere gehiago, baina ezin dut zehatz-mehatz esan noiz hasi nintzen hemen. Nago oroimena ez ote dudan pitzatzen hasia, hemengo bizimodu eroaren ondorioz. Baina hauspoa betiko husten ez zaidan bitartean kondenatuta nago infernu honetako deabru guztien oldarmendu gaiztoen atabala izatera.
Tokia erakutsi ondoren, pertsona bat seinalatu zidaten atzamarrarekin. «Hori Bixen duk. Horrek esango dik zer egin. Horrek emango dizkik aginduak». Harrezkero Bixen izan dut jefe, bere aginduetara gau eta egun naukana. Jefea! Denak dira jefe hemen. Jefe bat gutako bakoitzeko! Bai, ongi aditu duzue, jefe bana guk! Ez nion itxura txarrik hartu. Inuzentea ni! Ez nekien “arduraduna” eta “arduratsua” antonimoak zirenik gurean.
Administrazioan lan gutxi egiten dela? Niri behinik behin, Bixen honek ederki lan eginarazten dit! Goizean goiz hasi eta dinbi-danba, batere gupidarik gabe. Ez dago eskubiderik! Eta plantorik eginez gero, ederrak astinaldiak Bixenek ematen dizkidanak. «Irekizak leiho hori! Botazak hau zakarrontzira! Hi, benga, bilazak buletinean! Tradosetik pasa dokumentu hau! Ekarri artxibo hura! Aldatu hori! Agudo! Zer duk, ba, gaur horren geldiro ibiltzeko? Jaramonik egiten ez badidak, laster jakingo duk nor naizen. Kalera botako haut. Ikusiko duk, ikusiko duanez!»
Eta mandatuak? Zenbat kilometro eginarazten didan egunean? Auskalo! «Hoa UZEIra! Hi, hau eraman IVAPera! Zer hori begirazak EUSKALTERMen! Joan ITZUListera, ehiza egitera! Eramazak hau argitalpen-zerbitzura...» Ni mingaina kanpoan, eta leher egiteko gutxi falta. Batzuetan leku arrotz askotara joanarazten nau, baldintza txarretan, edo elementu susmagarriak ekarrarazten dizkit, noiz izter txit guriak, noiz bular puztu eder askoak, noiz… harakinaren mandataria naizelakoan edo. Hori guztia lan orduez kanpo eginarazten dit, noski, bere jefearen begirada zorrotzetik ihes egitearren. Orain ulertzen dut zer den funtzionarioentzat esku bete lan egotea.
Baina, jakina, sarritan gaixotu ere egiten naiz; lanez itota ibili ohi denaren noraezeko patua. Horrelakoetan sendagilearengana eraman eta beti erantzun bera (badakizue, zer ote den ez dakitenean ez dute burua gehiegi nekatzen): birusa, birusak jota nagoela. Sendabidea ere beti bera izaten da: batetik, txertoa, eta, bestetik, egun batzuk lanik egin gabe.
Okerrena, halere, haserretzen denean izaten da. «Dedio! Euskalbar ostia horrek ez dik erantzuten...» Nerbioak airean hasten da, euskal taberna horrek zerbitzurik ematen ez duenean. Hainbestekoa du mendekotasuna, bai. Baina Bixeni konpetentziak kiribiltzen dizkio hesteak gehien: Opentrand izeneko baten inolako aipamenik aditzearekin batera hasten da beti maldizioka! Hori gutxi balitz, azkenaldi honetan joka ere hasi ez zait ba! Behin sekulakoak eman zizkidan; eman, esan eta egin. Astebete egin nuen hitzik egin gabe. Nahita. Uste zuen hilda nengoela. Bixen ikararen ikaraz zegoen; ez zekien zer egin ni neure onera etorraraztearren. Bere jefeak “kargu” hartu zion, eta terminologo-terminator “kargu” ponpoxetik kendu; harrezkero itzultzaile dabil alproja, maila bat beherago.
Biziminak iraunarazten nau Administrazioa izeneko infernu honetan. Bizimina minbizia baino indartsuagoa dut oraindik. Baina erretiroa hemendik gutxira emango didatela jakitea dut kontsolamendu bakarra. Izan ere, nire espeziekoek batez beste lanean ematen duten denbora kontuan izanik, ziur nago hurrengo belaunaldikoak dagoeneko ate atze-atzean egongo direla, guri lekukoa noiz hartuko zain. Suerte pixka batekin, biltegi lasairen batean pasako ditut nire azken egunak, eta agian nire gustuko lagunak ondoan ditudala. Bitartean, segitu beharko dut Bixen anker honen ukabildantzak nola edo hala eramaten goizero, betiere etxera joateko bere ordua ailegatu eta itzaltzen nauen arte.