Karmele Igartua Bengoa.
Aretxabaletarra. (1959 / 2010)
1980az geroztik Kurtzebarri Eskolan ihardun zuen .Bere ohiko lana tutore lana izan arren, Ikasketa eta hainbat lanen koordinatzaile ere izan zen . Literaturarekin lotutako jarduerak beti izan zituen gustuko eta Kurtzebarri Eskolan ere jorratu zuen bide hori (Ikasleak Abelino Barriola deklamazio lehiaketarako prestatuz , berak sortutako antzezlanak taularatuz ikasle talde nahiz irakasle taldearekin edo urteroko Literatura astea antolatuz taldekideekin batera. Kurtzebarri Eskolako partaide bezala M.U. ko irakasle taldearekin irakas materialen sorkuntzan parte hartu zuen, gero Anaia argitaletxeak argitaratutako Hizkuntza eta Ingurunea lantzeko materiala hain zuzen ere.
Bere hitzetan esateagatik
Nire herriko eskolan egiten dut lan, beraz, egunerokotasuneko zati handi bat heziketa lanetan ematen dut. Eta gertatzen zait, askotan, idatzi ezin dudan orduetan etortzen zaizkidala idatzi beharrekoak gogora; horregatik, egunero topatzen dut lekutxo bat eta denbora bat, ez- denboretan eta ez- lekuetan otutakoak idazteko. Idatzikoetatik batzuk neuretzat gordetzen ditut, guztiak nigandik kanporako eskaintza izan nahi duten arren. Azken aldian poesia ari naiz jorratzen, mundu horretara euskal poeten lanak erakarrita, Gandiaga, Artze, Urretabizkaia, Lasa edo Irastortzaren arrastoetan. Bide horretan Marina Tsvietáieva errusiar poeta aurkitzeko parada izan dut eta haren “Wilnoko Gutunak” itzultzen ari naiz, eta horrek nire sortze lana bizitzen du. “
Hitz horiek berak koordinatzen zuen Bergarako IDAZLE ESKOLAko www.idazten.com orrirako idatzi ostean argitaratu zuen Hitzak Orbainetan poema liburua, Euskaltzaindia-BBK-ren Felipe Arrese Beitia Sariaren irabazlea, eta hurrengo urtean Pamielarekin eman zuen argitara Denbora enaren hegaletan.
Argitaratu gabe utzi zuen beste poema liburu bat Itsaso Kontra bat, 2010eko udaberrian argtiaratuko dena eta baita beste hainbat poema, iritzi-narrazio liburuxka bat, ipuin tradizionalei buruzko hausnarketa baten hasiera, eta hainbat itzulpen ( Ajmatova, Rilke, Szymbroska )
Itsaso Kontra bat ( Pamiela , 2011) izan zen Karmele Igartua Bengoaren azken poema liburua. Azken liburu hau Españako Poesia Sari Nazionaleko hautagai eta finalista izan zen eta Tere Irastortzak itzuli zuen Un contramar izenburuarekin . Itzulpen-lanean berarekin aritu ziren baita J.A. Irigarai poeta eta editorea eta baita Idazle Eskolako kide eta Karmele Igartuaren lagunak diren Itziar Gómez eta Carmen Valois.
Bergarako IDAZLE ESKOLAko ikasle izan zen aurrena ( 2005-2007) eta gero idazle mugimendu gazte baten sustatzaile. Berak esaten zuen bultzada hori gabe ez zela argitaratzera iritsiko, eta Bergarako IDAZLE ESKOLAko guztiok badakigu , bere ahalegina gabe, ez zirela mamituko hainbat egitasmo : webgunea, ilunabar literarioak, aldizkariaren eta Mugalariko lanen koordinazioa, Mintegiak…
Bizitzari pasioz heldu zion eta sortzeari eman zion bizitza Karmele Igartua Bengoak: familia, hezkuntza, literatura… Emakume sortzailea, kementsua, ekintzetan eta hitzetan emankor eta aberatsa izan da euskal jendarterako. Bere hitzez orbainak gozatu, eta bere hegalpean leku hartu du berriro etorkizunak. Garaikide izango da beti, hainbeste maite zuen Tsvietaievak zioen bezala “ Garaikide, izatea norberaren denbora sortzea baita “
Karmele Igartuaren biografia BIDEGILEAK bilduman argitaratua izan da 2014ean.