Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

IBILALDI LITERARIOA ARRASATEn

   

Bergarako Idazle Eskolara aurten lehendabiziko aldiz inguratutako ikasleak elkar ezagutzeko denborarik gabe joan ziren Arrasatera urriaren 26an, bigarren klase-eguna zuten eta. Han, dagoeneko 2. urtean hasi diren ikasleekin eta lehenago ibilitako beste batzuekin elkartu eta Jerardo Elortzaren esanetara aritu ginen denok goiz guztian. Talde dotorea osatu genuen, hamaika baino gehiago eta dozena juxtu izateaz gain, herri desberdinetakoak, adinean ere aldea genuenak, eta batez ere, bakoitzak bere mundu txikitik elkarri ekarpenak egiteko borondate oneko jarreraz ibili ginen eta.

Aurrena, goizeko 10:00etan Kultur Ateako ganbaran ikasleok borobilean jarri eta Jerardo Elortzaren eskutik jakin genuen Arrasateren berri, bertako idazleei esker guganaino iritsi zaizkigun idatzien bidez. Hala, gertaera garrantzitsuenei buruz bezala (Urruxolako gudua, 1448an Arrasate erre zutenekoa, Ibarretako hilketa…), herriko idazleez eta haien lanei erreparatuz aritu zitzaigun Jerardo, kontulari aparta: Joakin Arana Loramendi kaputxinoa, euskaltzain izan zen Sebero Altube, Jokin Zaitegi, Pedro Ignazio Barrutia… Haien bizitzei buruz eta haien idatziek ondorengooi utzi diguten altxorraz, batez ere.

Handik kalera atera eta bazkalordura arte, garai batean Arrasate zena eta orain Alde Zaharra esanez bereizten denean ibili ginen. Aurrez, pixka bat koka gintezen, geografiaz ere hornitu gintuen Jerardok, oso aspaldikoa den plano baten laguntzaz. Deba erreka, herria babesten zuen harresiaren paretatzarrak, Artekale, Iturriotz kalea… bertatik bertara ikusi genituen, tokian tokiko geldialdi txikiak eginez azalpenak ematen zizkigun bitartean. Eliza Nagusia barrutik ere ikusi ahal izan genuen eta lehen aipatutako idazle batzuen jaiotetxeetan, haien aterpe izan zirela gogorarazten duten plakak ere bai.

Azkenean, talde-argazkia egin eta batzuk norberaren zereginetara joan ziren bezala, ahal zutenek elkarrekin bazkaldu zuten bertako ikasleetako batek bere soziedadean prestatutakoarekin.

Lezio magistrala, kale-ibilaldia eta soseguzko hizketaldia bazkalondoan. Hiru ekitaldi zeharo ezberdinak izan zitezkeenekin, goiz osoko ikastaro trinko mamitsua osatuz. Eskolako zuzendaria den Tereri esker, eta gainontzekook Jerardoren jakinduriatik elikatuz, aldarte zoragarrian bizi izandako esperientzia, inolaz ere.

{gallery}arrasate{/gallery}

Joxe Begiristain

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago