Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
     
BARANDIARAN  
Jon Aizpurua - Jexux Aizpurua • Elkarlanean, 1999
Liburu hau Elkarlanean argitaletxeak argitaratutako biografia saileko ale bat dugu. Egileak Jon eta Jexux Aizpurua Barandiaran anaiak ditugu. Liburuaren hasieran aurkezten zaizkigun biak: Jon Aizpurua itzultzaile-ikasketak egindakoa eta Euskadi Irratiaren esataria dugu. Honez gain urtero “Jentilen etorrera” kale-antzerkiaren gidoia idatzi ohi du. Jexux Aizpurua Barandiaran maisutza ikasitakoa eta Goierriko Lanbide Eskolan irakasle dugu. Biak ataundarrak,  Joxemigel Barandiaran bera bezala.

Liburu hau oso erosoa da, txikia, poltsan eramateko modukoa eta erabiltzeko erraza. Azalak, kolore gorrixketan, Joxemigel Barandiaran irribarretsu baten argazkia aurkezten digu liburuaren aurrealdean eta etxeko atarian bere ilobarekin batera zutik atzealdean. Barrenean, berriz, idazkia letra handi eta atseginaz egina dugu, argazki ugariz horniturik begiak era samurrean gozaraziz eta asetuz. Lana sei ataletan banatua dago eta hauetako bakoitza azpiataletan, Barandiaranen bizia kronologikoki kontatuz jaiotza egunetik heriotza arte (101 urtetan). Halere noizbehinka kronologian salto batzuk egiten ditu gaien arabera (irakasle-lanak, ikerlanak,...). Liburuaren bukaeran beste atal bat aurki dezakegu (zazpigarrena) osagarri modura, Kronologia izenarekin. Bertan Barandiaranen bizitzako datu kronologikoak datoz, munduko eta Euskal Herriko zenbait gertaera esanguratsuekin batera. Irakurgai honek idazmolde argia eta erraza du, dibulgaziorako idatzia baita. Aldi berean euskara ederra eta bizia erabiltzen du.

Liburu honetan Barandiaranen bizitza aldi berean bere ingurua, hots garai hartako Euskal Herria, nolakoa zen kontatzen digute. Bertan jakinarazten zaigu apaiz izateko bidean nola hurbildu zen zientzietara eta nola, bere jakin nahiak eramanda, erlijioa bera ere zalantzan jarriz,  beste ikuspegi batzuk ezagutu nahi izan zituen; bere zalantza ugariek eta jakin minak Europa aldera eraman zutela eta Euskal Herriko iragana eta kultura ezagutzearen beharraz ohartarazi; arkeologian eta ikerketan nola hasi zen eta ikerketa hauetarako osatu zuen lan-taldea; errepublika-garaiak, 36ko gerra, erbestea, Ipar Euskal Herriak eskaini zion babesa eta, nonahi eta beti, Euskal Herriko kulturaren ikerketa eta zabaltze lanetan nola jardun zuen.

Liburu honek lehendabiziko irakurtaldian harrapatu nau eta di-da batean irentsi dut. Gizon honen bizitza zirraragarria iruditu zait eta, niretzat ezezagunak ziren zenbait arlok harritu eta hunkitu naute: bere lanaren. oihartzuna Europako kultura eliteetan, erlijio gaietan horrelako ikuspuntu zabala izatea (berriki arte erlijioa arras eztabaida gaitza izan den herri honetan),  erbestean hainbeste urtean izan beharra.

Beranduago, eta hala baietsi dut bigarren irakurtaldian,  beste gai bat iruditu zait oso bitxia eta nabarmena: kontatzeko era, zahar baten konta-moldea.Haurtzaroa eta gaztaroa detaile handiz (kontakizuna irakasle eta ikaskideen izenez eta pasadizo bitxiez apaindua) eta heldutasuneko bizi lu-ze eta emankorra gain samarretik azaldua. Ondoren ikusi dut liburuaren hasieran egileek diotela idazlanaren oinarria Joxemigel Barandiaran zenarekin egindako ordutako grabazioak izan direla. Kontatzeko era honek bihurtu du, seguruenik, liburu hau hain erakargarria.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago