Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
untzeta_70.gif

 

 GAUA BASAMORTUAN

Basamortua leku zaharra da. Aspaldian hildakoa. Bere izenaren arabera basoa izan zen behin, baina nonbait heriotza heldu zitzaion, eta basamortu geratu zen. Hau ez da dena; badirudi, orain dela hainbat mila urte, basoa izan aurretik, itsasoak zeudela gaur harri eta hare besterik ez den tokian. Ez litzateke gezurretan ibiliko gaur hare eta harriz osatutako dunetan garai bateko ur olatuak ikusten dituela esaten duena. Tokitik mugitu gabe, forma bera duten bi izaera ezberdin; bata urez, bestea harez osatutakoa. Inon ez da aurkitzen halako gurpil perfekturik, inon ez da betetzen halako ziklo borobila. Esan leike materiaren eraldaketa, alkimisten ametsa, basamortua dela. Horrez gain, ukaezina da berez daukan edertasuna eta ezkutazten dituen misterioak... eta sortzen dituen espejismoak. Aurrean dugun miraria desegin egiten zaigu hatz puntaz ikutzekotan gaudenean; ihes egiten digute edertasunak eta lilurak basamortuan, trikimailuz jositako lurra... baina trikimailuez bagabiltza nork ez ditu propio trikimailuak erabiltzen gaua bera ez bada, nahiz eta zuk lasai lasai egoteko gogoa eduki? Gauez ateratzen dira katuak euren dantzak antolatzera ere , bazter ilunak argitxo ehiztari eta zilarrezko laban distiratsuez urratuz. Baita txakur deslaiak bezela ibili ohi diren pertsonaiak, ere tabernaz taberna euren amets zatituak kateatzen saiatuz, bakardadeak espaloiko putzuak balira bezala sahiesten, ea amets zatitu hori osotzerakoan zein Eldoradoren atzetik abiatuko ote diten asmatu ezinik... Espazio bat eta denbora bat; egunaren mundua osatzen duten alderdirik ezkutuetaraino bidai bat da Agua basamortuan.

• Lehen urratsa: Pigalle.

Jon Mirandek ezin hobeto utzi zuen idatzita: Raymonde, soin umoa mahats umel, Pigalleko mahastietan arno indazu nire ahorako, zazpigarren goian izarrak dakuzkidan! Ardoa, sexua, gaua... osagarriak baino ez dira; hor pertsonaia bat ezarri da kale hustu batzuetan zerbaiten bila: zazpigarren goia.

• Bigarrena: Ordu berdinean egunero.

Aurrekoaren antzera, soilik hemen voyeur baten antzera kantuak pertsonaiaren ibilbidea jarraitzen duela gauzak interesgarri jartzen diren unean kontatzeari uzteko.

• Hirugarrena: Gaua basamortuan.

Urrats honetan mugak gainditu egiten dira. “Gazteen lur” hortan Mirande ageri da berriz. Euskeraz ezagutzen dudan erreferentzia bakarra da eremu poetiko hori adierazteko. badira gehiago beste kulturetan: Eldorado, Agindutako lurra, Itaca... Toki hauek ez dira izaten gertera batzuen marko. Aitzitik, akzioa bertara heldu orduko istorioa bukatu da. Euren gainean ezer gutxi ez dakigun dugun leku misteriotsu eta urrunak dira... gainditzen diren mugaz ari nintzen, zeintzuk dira? zure lurraldea inguratzen duten babesak, jakina. Beste hitz batez esanda, zure loturak. Behin muga gaindituta ez dago atzera egiterik, eta batzuetan min egiten du, mugaz bestalde oraingoz ez baitago gauza handirik, zeure barruan entzuten den ahots urrun bat besterik ez...

• Laugarrena: Maitale urruna.

Urrun baitago oraindik. Zerbaiten atzetik lurralde madarikatu honetik barrena nabil. Besoa luzatuta hatz puntatik urrun dagoen maitale bati seinalatzen diot. Bada zerbait.

• Bosgarrena: Agurrak beti dauka zapore garratza.

Maitemina. Gogoak atzera egin eta iraganean utzitakoa bapatean muturrean ageri zaizu... Bi mailegu: Most likely you´ll go your way... eta the moon was raging... bi Dylanenak, Bob eta Thomas.

• Seigarrena: Trenaren zain.

Istorio guzti honen moldearekin batera erabat datorren kantu autobiografikoa. Urrun eramango nauenaren zain...

• Zazpigarrena: Egunero berriak txarragoak dira.

Gauaren ilunak eta ilargiaren zuriak, elurtearen isilak eta suaren txinpartak;
bata bestearen aurkako indar kontrakoak ez du mugiarazten ba munduaren jirabira erotu hau? Bidaiaren une kritikoa, behea jotze hau. Kantuaren giroa eta izpiritua lehengo ahapaldian aipatzen den abesti batetik hartuta daude: Hard times.

• Zortzigarrena: Babilonia abenidan.

Metaforaren bitartez natura ezberdineko bi errealidade kontaktuan jar-tzen dira une iheskor batez, gero bakoitzak bere bidea jarraitzeko. Babilonia abenidan transmutazio hau agertzen da, istant motz bat denboran eta espazioan dilatatuz. Aitzakia kabbalah da, judutarren kode zifratua mundua interpretatzeko. Metafora bat zer den esplikatzeko erabili ahal den metafora bat berau, alegia. Kale bakoitza, alafetaren letra bat; estrofa bakoitza, bizitzaren arbola osatzen duten sephira bat (jakinduria, maitasuna, legea, zientzia, artea...). Abestian agertzen diren pertsonaia guztiak gauza bat dute amankomunean: denak zerbaiten bila ari dira. Labirinto estetiko honetan Jainkosa bakarra dago: Edertasuna. Bera da Gaua basamortuan diskoan gertatzen den guztiaren ardatza, eta kantu honetan ere beraren eskutik ikusten du dena istorio hontako ahotsak. Gero bakoitzak bere bidea jarraitzen du, aurretik iragarri den moduan. Errito majikoen beste ezaugarri bi: errepikapena eta zirkularitatea.

• Bederatzigarrena: Non bizi haiz Errol Flynn?

Kantu hontan bi istorio ezberdin kontatzen dira, edo, hobeto esanda, istorio bakarra bi ikuspuntu ezberdinetatik begiratuta. Alde batetik pentsamendu erromantikoaren aldarrikapen bat estética baten bitartez: Errol Flynnen pirata ontzia, Noraren gerezi ezpainak... askatasun nahia eta maitasuna. Bestetik istorio hori ikusten duen niaren bikoiztea: hasierako bufanda horia gero beste baten sorbalda gainean ageri da. Ikusleak bere burua ikusi du ispilu joko baten moduan. Babilonia abenidaren aldameneko kalea da kantu hau.

• Hamargarrena: Gauaren magalean.

Baudelaireren Trapusaltzaileen ardoa. Aspaldi irakurri nuen poema liburu hartako giroa ekarri nahi izan dut hona. Dekadentzia, galtzaile atera ote garenaren susmoa... eta bihar berriz toki berean elkartuko gara denok, sortilejioaren urrats guztiak errepikatzeko. Bitartean, kulunkatu eta atseden hartu gauaren magalean.

Markos Untzeta

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago