Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

Sprako tranbia

SPrako TRANBIA.Unai Elorriaga Elkar

li22    
Txundigarria da SPrako tranbiak bizitzako
gailurrik altuenera eramateko duen modu
bitxia eta berritzailea.
   

Ez duzula oraindik SPrako tranbia hartu? Ezin dut sinetsi. Zu izatera, ez nuke egun bat gehiago pasatzen utziko bidaia hori egin gabe. Behin probatuta errepikatzeko gogoa izango duzu, ziur nago. Ezohikoa eta liluragarria iruditu zait niri. Bidaia bera aldioro ezberdina eta kilikagarria. Ez dago bideko gorabehera eta bihurguneei aurrez antzematerik, eta horrek zirrara berezia eransten dio egoerari. Makinistak, oso gaztea den arren, ondo daki nora eraman nahi gaituen. Jostari eramaten gaitu bizitzako zirrikitu serioetatik, berez, edo ohiko bidetik behinik -behin, jolastekoak ez diruditen pasabideetatik. Horrek egiten du, hain zuzen, horren erakargarria SPrako tranbiaren bidaia. Ezaguna iruditu daitezkeen paisaiak, berez errealak direnak, beste kolore eta doinu batzuez jantzita aurkitzen dituzu, eta lehenaldiko erakarpenaz eta miresmenaz begiratzen dituzu aldioro, errealitate gordinak kutsatutako aurreiritzi garratz-zorrotz gabe. Bihotz-begietako leihoak irekitzen zaizkizu eta paisaian barneratuko zara ia konturatu gabe bidaideen eskutik.

Izan ere, bidaideak espezial -espezialak dira, umore eta sentiberatasun aparta daukate, eta erraz bereganatzen zaituzte. Maitagarriak dira Lucas -adinean gora egin ahala senean behera doan gizaseme alarguna- eta harekin bizi den Maria arreba. Maitagarriak baita, okupa bezala sartu eta Lukasek eta Mariak etxekotzat hartzen duten Marcos mutil gaztea eta haren neskalaguna Roma. Non ikusi da horrelakorik! Eta bada bosgarren bidaide bat, Lucasi konpainia handia egiten diona eta isilean asko esaten duena: Don Rodrigo sitsa.

Espedizio bikaina antolatu du Unai Elorriagak, zein baino zein sinpatikoagoak eta autentikoagoak direlarik haren pertsonaiak. Gustua izan da haiek ezagutu eta haiekin bidaiatzea. Nik neuk izugarri ondo pasatu dut Lucas eta bere lagunekin. Hilerriko pasartea eta beste asko ez ditut berehala ahaztuko. Domu Santu egunez hilerrian, Lucas desagertu eta denok haren bila hasi eta Gandarias familiaren panteoiaren barruko marmolezko mahaian etzanda aurkitu genuenekoa, esaterako. Nork espero behar zuen Lucas, eskuak altzoan, emazte zenari: -nekatuta nago Rosa, zatoz ohera- esaten aurkitzea?

Txundigarria da SPrako tranbiak bizitzako gailurrik altuenera eramateko duen modu bitxia eta berritzailea. Eta plastikoa gaineratuko nuke, zeren hain da aberatsa eta iradokitzailea iruditan! SPrako tranbiako leihoek espero ez duzun perspektibatik erakusten dizkizute paisaiak, surrealismo eta naiz artean hegan dabiltzan koadroak bailiran.

Behin izandako umea berreskuratu.eta bizitzari begirada garbi eta samurrago batez begiratzeko aukera paregabea eskaintzen du SPrako tranbiak. Marcosek dioen bezala: -eta berdin digu ume izateak gainera: ezin bagara -esaterako- idazle edo zinema-zuzendari izan, umeak izango gara-.

Ikuskizuna/ ikaskizuna ziurtatuta dauzka SPrako tranbiara igotzen denak. Bidaia on!

Maribel Aiertza

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago