Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Aulki-jokoa 
ALBERDI, Uxue ELKAR, 2009.
luma52  

Aulki jokoa denok ezagutzen dugun ume jolasa da eta irudi horretaz baliatu da Uxue Alberdi bizitzaz eta heriotzaz  hitz egiteko. Bizitzeko gure tokia eta gure denbora behar ditugu. Herio tzarekin batera, denbora agortu eta toki hori libre uzten dugu beste batek jolastu ahal izateko.

Nobelak ere baditu bere tokia eta bere denbora. Istorioa Gipuzkoako kostaldeko herri batean kokatuta dago eta protagonista nagusiak adineko hiru emakume dira: Teresa, Martiña eta Eulali. Hauek zaharren koadrila bateko kide batzuk dira eta arratsaldero herriko gozotegira elkartzen dira, kafe bat lagun, iraganeko eta gaur egungo bizipenez hitz egiteko. Denboraren  bidaia horretan toki berezia hartzen du  36.ko gerra zibilaren oroitzapenak.

Hiru pertsonaia hauek daramate liburuaren pisua, baina liburuan zehar, iraganetik orainera egiten dituzten sartu-irtenetan oso egoki lagunduta daude bigarren mailako beste zenbait pertsonaiez. Hauei esker, kapituluz kapitulu, pertsonaia nagusiak hobeto ezagutzen joaten gara eta bigarren mailako pertsonaia hauek dira, hain zuzen, iruzkin honetan komentatu nahi ditudanak.

Teresaren garapenean, esaterako, garrantzi handia dute liburu hasieran agertzen diren honen senitartekoek. Hala nola, MaªJesus, ahizpa herrenak, gogoratzen digu anai-arreben edota ahizpen arteko harremanak, askotan ez direla errazak izaten. Edo Teresaren ama, igandero moilara, poz-pozik, joaten dena, desagertutako senarrarentzat  galtzerdiak jostera. Nahiz eta gero,  etxean , negarretan, Penelope gisara urtu  behar izan.

Hor dago Teresaren aitaren hutsunea ere, frantsesita batekin ihes egin baituen.

Aurrerago, Teresaren aitarik gabeko Luix semea agertuko da, zeinen 4 urte zituenean, argiaren argiz  hil zena.

Martiñarekin jarraituz, Teresarekin daukan harreman estuaz gain, han daude bere gurasoak: aita bizargin zorro tza haserre azaltzen da Martiñarekin, alaba ez baita berak nahiko lukeen bezalakoa. Bestalde, amak gortina baten  atzetik begiratzen dio munduari, baina honetan murgildu gabe.

Eutimioren agerpen-desagerpenek ere nabarmen markatzen dute Martiñaren bilakaera. Bere gaztaroko amodioa da. Oso zaila izango du berarengana iristea, Maite izeneko herriko neska bat bion erdian sartzen delako.

Eulaliaren inguruan, Felix koadrilakoaren heriotzak —egun batean ez da gehiago gozotegira joango— bizitza eta heriotzari buruzko Eulalik egiten duen gogoeta entzutera eramango gaitu.

Gozotegira salto eginez, zahar koadrilaren aldean, hor dago Ixabel dendari gaztea. Arratsaldero, koadrila bildu eta kafea zerbitzatzeaz gain, aulkiak ere prestatuko dizkie.

Eta jada bukatzeko pertsonaia bat utzi dut. Hau liburuaren nahiko hasieran agertzen da, Teresaren eta Eulaliren umetako bizipen batean. Aurrerago, Teresaren ahotik berragertuko da bere heriotzaz jakinarazteko.

Txurreroak, dirudienez, duintasun gabeko heriotza izan zuen. Beldurtia izateagatik hil zuten. Zurrumurruak hala dio behintzat. Baina txurreroaren heriotza benetan suertatu da zurrumurruak dioen bezala?

Galdera horren erantzuna liburuaren 15. kapituluan daukazu; niretzako kapituluen artean zirraragarrienetakoa, baina ez bakarra; Uxue Alberdik asmatutako istorioa benetan hunkigarria baita. Eta berak sortutako hezur-haragizko pertsonaiek, adinagatik, heriotzatik gertu egon arren, bizitzaren pultsioa eta arnasa transmititzen baitizkigute,  emozio desberdinak sortaraziz.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago