Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Txatartegirako gizakiak
TXATARTEGIRAKO IPUINAK  Xabier Etxaniz Rojo  Erein, 2010
 
li55    
pdf    
Gaur egun, gizakiok autoen, ordenagailuen eta edozein etxe-tresnaren patu bera daukagu. Gureak konponbiderik ez duenean  edo konpontzeak merezi ez duenean, txatartegira goaz zuzenean. Zer dira ba ospitaleak txatartegiak ez badira? Eta izateari uzten diogunean ez al gaituzte ba burdina bezala urtzen? Abiapuntu hori aukeratu du  Xabier Etxaniz Rojo idazleak “Txatartegirako ipuinak”narrazio sorta idazteko. Ideia hau urrun geratzen da bizitzaren metafora  erromantikotik: ibaiko urak itsasokoarekin  nahasten direneko iruditik. Gordina da,  beltza, esperantzari zirrikiturik uzten ez  diona, txatar-pila bat, finean. Baina erreala  egiten zaigun irudikapena da. Edo behintzat bat dator garai hauetan nagusitzen ari  den ezkortasunarekin. Irakurle hau behinik behin identifikaturik sentitu da ikuspegi horrekin. Agian hori izan da ipuin sorta  hau hain gustura irakurri izanaren arrazoietako bat.

Gizakiaren definizio gordin hori ez da liburuaren abiapuntura bakarrik mugatzen. Etsipenaren eta esperantzarik ezaren  sentipena ipuin guztietan barreiaturik dago. Bederatzi istoriok osatzen dute liburua. Horietariko bakoitzak mundutxo bat  islatzen du, horretarako behar diren osagai guztiak dituelarik. Kasu honetan,  «protagonista(k) + egoera bat» da idazleak  ipuinak osatzeko erabili duen formula.  Gehienetan narratzaile orojakile baten  ahotsean kontatuak, ederrak dira ipuinak.  Irakurlea oharkabean barneratzen da istorioan eta amaieran, zizt! ziztada, batzuetan besteetan baino zorrotzagoa. Baina  ipuinen ezaugarriak aipatzen hasita, ondorengo ideia da garrantzitsuena, liburuaren oinarria: istorioetako protagonistak  txatartegirako gizakiak dira. Gehienak zahartzaroaren atarian edo aro honetan aurreratuta daude. Asko bakardadean bizi  dira, inor ez dute zain izaten etxeratzen  direnean. Badira inoiz izan duten bizitzaren galerak eragindako etsipenean bizi direnak ere. Zerk lotzen ditu bizitzara? Zer  ekarpen egiten diote gizarteari? Galdera  hauen oihartzuna etengabea da, eta erantzuna ere presente dago beti: ipuin guztietan agertzen diren autoek, motorrek edota autobusek isurtzen duten olio zirrintak  erakusten duen txatartegirako bidea.

Bada beste osagai bat bederatzikotean pisu berezia duena: euskal gatazka. Ia ipuin guztietako paisaian (edo idazleak liburua zabaltzen duen ipuineko tituluan adierazi bezala, atrezzoan) agertzen da. Gatazkaren alde bateko zein besteko partaideak agertzen dira istorioetan. ‘Gari zainzuriak’izeneko ipuinean adibidez, semea preso duen gizonezkoa eta guardia zibil baten aita den militar ohia dira protagonistak. Alde batekoa zein bestekoa izan, bizi duten egoeraren biktima bezala  aurkezten ditu idazleak.

Aipatutako bereizgarri horiek guztiek primeran laburbiltzen dira liburuaren izenburuan. Bete-betean asmatu du idazleak. Liburua biribildu du. Baina ezer ez da perfektua: soilik zaharkituta geratu diren trasteak botatzen al dira txatartegira? Hirugarren adinekoa oso eskura dagoen pertsonaia da; egiari zor, ezinbestekoa planteatutako ideia mamitzeko. Baina nago,  idazleak ez duela behar adinako saiakera  egin pertsonaia ezberdinen bilaketan. Hutsuneren bat aurkitzekotan, protagonisten aniztasuna hartu dut faltan.

Amaitzeko, hasierako ideia berreskuratuz, argibide bat eman nahiko nuke: ezkorra da, baina ez da tristea. Hori bai: aurretik irakurri prospektua ea albo-ondoriorik  eragiten duen.

Leire Zubeldia

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago