Ez dok/n hiru
Milurteko berrian bizitza berriari ekin diote gaztetako hiru lagunek, iraganeko promesari uko eginez. Izenburuari kasu eginez, beste bukaera bat espero nuen, eta halako sentipen gazi-gozo bat utzi dit bihotzean. Liburuan itsasoa eta maitasuna sentitu ditut, biek erosionatzen dute gure arima triste itxaropentsua, tristuratik alaitasunera bide luzea baitago.
2000. urte berria atzoko etorkizuna bilakatuz jadanik gazte ez diren laurogei urteko gazteek bizitza berri bati ekiteko eskubidea aldarrikatzen dute: txikitako Txuri, Gorri eta Handi dira oraindik, eta bakoitzak bere bizitza egin duen arren, iraganeko oroitzapenen gainean aurrera segitu nahi dute orainean, atzoko etorkizunean. Ez dok hiru, baina ez da malefizio. Bi gabe ez dago hiru, baina bi badira behintzat, eta bizitzak bigarren aukerarik gutxitan ematen duelako, ematen duenean gogor egin behar zaio kontu, adinari erreparatu gabe, bizitza berri bati ekiteko erreparorik gabe.
Hendaia aldetik Hondarribian irudikatu dut liburuaren istorio hunkigarri irakurterraz hau. Han garai batean denek ezagutzen zuten elkar ezizenarengatik, eta Hegaluxearen alargunak bizimodua aldatzen du bere txikitako lagun Gorri agertu ondoren. Elkarrekin bizitzen jartzen dira, eta hirugarren txikitako lagunaren bila hasten, Handiren bila, txikitan elkarrengandik banandu aurretik elkarri agindu ziotena gogoan: handitzean elkarrekin bizitzea.
Txikitan denok izaten baitugu, nik uste, desio hori: elkar maite dugunok elkarrekin segitzea. Ametsak beti amets, baina bizitza etengabeko galtzea, kentzea, erosionatzea, banantzea delako, bihotza hausten zaigu aita eta ama hiltzean, maitasunean nahiz adiskidetasunean ezetza jasotzean... maitasunak ez baitu ezetzik onartzen.
Gezurtia da memoria, eta bihotz hauts egina alaitzeko oroitzapenak biltzen ditugu, lore lehorrak bailiran gure arima hornitzen. Hori esaten digu behintzat Txurik, narratzaile eta protagonistak, eta horregatik Gorrik oroitzapenak asmo berriengatik aldatu nahi ditu, atzokoa etorkizun bilakatu. Eta Handik beharbada Madrilgo zaharren egoitza dotore batetik gutun itxietan bidaltzen dizkie milurteko berri honetako bere desioak bere bi lagunei. Zein desio ote dira? Urte berriko desioak ez omen dira inori kontatu behar betetzea nahi bada, eta horregatik Urretabizkaiak eleberri bikain eta biribil honetako adiskideen istorio hau irekirik uzten du. Urte berriko desio eta amets horiek bete daitezen.
Bizitza osoa aurrean dugula esan dit protagonistak, eta nire bihotzeko pertsona guztiez oroitu naiz, nahiz eta hitzez ez adierazi maite ditudala, nahiz eta lagun minak niri begietara begiratzearen beldur izan, nahiz eta bizitzak ni mututu. Beti ibili naiz lagunei ezinegonak aurrezten, askotan alferrikakoa baita emozioei hitzak jartzea, maitasunak sortzen dituen minak kontatzea. Niri ere erantzun aproposak gerora bururatzen zaizkit, beranduegi, baina pozten naiz besteen pozaz. Esan ohi da ezkontza eguna dela emakume baten egunik zoriontsuena, baina ez da egia. Egunik zoriontsuena etortzeko dago, gaurko eguna beti da atzoko etorkizuna, eta beraz, gu etorkizunean bizi gara, beti asmo berriak buruan oroitzapenak biltzen eskuetan.