Betiereko itzuleraz
HATSAREN KULUNKA Herta Müller | Itz: Ibon Uribarri Elkar, 2010
Aski errepikatutako gaia da Elkarrek proposatzen diguna, izan ere, Holokaustoa eta haren ondorioak euskarri eta ikuspuntu guztietan jarri izan dizkigute mahai gainean.
Aski errepikatutako gaia da Elkarrek proposatzen diguna, izan ere, Holokaustoa eta haren ondorioak euskarri eta ikuspuntu guztietan jarri izan dizkigute mahai gainean. Euskal literaturan ere badu bere tokia, oso atzera joan gabe, 2005ean Ereinek judu nerabe ezagunenaren egunkaria euskaratu zuen Josu Zabaleta itzultzailearen eskutik. Hark 13 urte zituen eta, aipatu bezala, judua zen. Herta Müller idazleak hamazazpi urteko gaztetxoa jartzen du agertokian. Eta ez da judua, Errumaniako komunitatean bizi den alemaniarra baizik, II. Mundu Gerraren amaiera aldera, alemaniar izateagatik zigortuta lan-esparrura doana.
Idazlearen amak bertatik bertara bizi izan zuen zigor hura, baina alabaren belarriak babestu nahian edo, txintik ere ez zen haren mingainetik irristatu. Oskar Pastior 2009ko Nobel sariaren lagunak ere zapaldu zituen esparru horiek, eta, itxuraz, Müller eta aipatu poetaren artean taxutu behar zuten irakurgai dugun hau. Egitasmoa adostu eta gutxira, ordea, Pastior hil egin zen eta Müllerrek bakarrik ekin behar izan zion, bere lagunak emandako xehetasunak baliatuta, lan-esparruko giroa deskribatzeari.
Funtsean, hori da “Hatsaren kulunka”, 17 urterekin lan-esparrura joan zen mutiko hark, hainbat hamarkada pasa ostean, lan- esparruari buruz egiten duen deskribapen xehatua, edo zehatzago esatera, esparruak azalerarazitako sentimendu eta sentipenen deskribapen bikaina. Krudelkeriak, bortizkeriak eta, are, heriotzak zeharka aipatzen dira. Ez da hori liburuan bilatu behar duguna, halako egoera batean dagoenak esparrua eta, orokorrean, mundua ikusteko duen modua baizik, egoerak ernatzen duen zentzumen berria, bizirautekoa.
Atalka banatuta dago liburua. 64 atalez harilkatua da 5 urteko egonaldia. Kontakizuna da, memoria gisako bat; elkarrizketek alde egiten dute liburutik eta deskribapen mardul eta zehatzek betetzen dute hutsunea. Berez, atal bakoitza deskribapen bat da, une jakin baten deskribapena, objektu baten deskribapena edo gogoeta batena. Sarri hitzak aipatzen ditu, hitz errusiarrak, errepikaren errepikaz gaztetxoaren hizkuntza-eremuan sartzen direnak, eta haren esanahiaz ari da atal osoan zehar, haren esanahiaz eta esparruan esan nahi duenaz, esanahi semantikoa eta pragmatikoa. Finean, egun guztiak berdinak diren mundu batean atzo eta gaur bereizten dituen pentsamendu hori, ogi-zati hori edo elur maluta hori da mintzagai, eta pentsamenduari geruzak kentzen dizkio, ogi-zatia biluztu eta pilatutako elurra alboratu.
Maisutasunez egiten du lan hori idazleak, hala, elkarrizketek ematen duten erritmo hori ordezkatzea lortzen du, maisutasuna eta atalen araberako egitura erabiliz. Atal bakoitza ipuin aske modura ere irakur daiteke, nahiz eta ukaezina den horien arteko lotura, batean ernatzen diren hitzak, besteetan metafora bihurtzen baititu. Hari nagusia, jakina, esparrua bera da eta bertako biztanle behartuak. Guztiek helburu edo jomuga bera dute, egunez egun etxera itzultzeko itxaropena elikatzea.
Azken atalak itzuleraz ari dira, etxera itzultzeaz, bost urteko jomuga hori bizitza osoko jomuga bilakatzen da. Itzuli egin nahi du mutilak, lehenengo etxera, gero esparrura, 17 urte zituenera, azken batean, lapurtutako urteak ez baitira bost soilik izan, hamazazpiz geroztiko guztiak baizik.
Iker Zaldua