Literatura (biz)hitzara
BULKADA Jon Benito Susa, 2010
Poemak ez diren poemak irakurri ditut, baina ez neukan zerbait aurkitu nahian galdu egin naiz, eta bihotz-bulkada batez letrarik gabe nire hitzetan barneratu naiz.
Poetak hasieratik bukaeraraino bere baitarako atea irekitzeko ausardia izan du, eta liburuan bere altxor sekretua topa dezake- gu, urrezko aroa pasaturik ihesera emana, eta bere barneko ateak memoria ekarri dio. Lasaitasunez, minez, berotasunez, herriminez, nekeaz, amorruz, haserreaz, desilusioz. Bizitzaz beterik, inozentziaz eta idazteko plazeraz idatzi du poemarik gabeko liburu hau Jon Benitok, poesiak zauriturik, eta guri erantzunik gabeko galderak bota dizkigu. Beharbada bihar erantzungo ditut galdera horiek.
Biluztearen beldur hitzez jantzirik etorri zait poeta, ez baitu gehiegi biluztu behar izan bere bizitza inuzenteki azaltzeko, eta atsedenik gabeko inbentarioa egin dit. Poetaren historiaren lekuko bat duzu poema-liburu bat ez den liburu hau; edo ez bederen hori bakarrik, baina liburu bat besterik ez da apalean edo esku batzuetan.
Post-it batzuetan idatzitako oharrak dirudite hauek, eta ohar horietan bera izan zena idatzirik utzi nahi izan du gaurko Jon Benitok. Idatzi ez duena beretzako gordez, jakinik hori dela poesia: plazeraz idaztea eta idatzitakoa ezabatzea. Ezabatu ondoren gelditu den hori baita poesia; hori aurkituko duzu liburua ireki eta berehala.
Poema-liburu bat baino gehiago, olerkariaren bizitza da, eta bizitzaren bulkada horrekin batera, amaren sabeletik kanpora atera zenetik gertatu diren gauzak kontatzen ditu poetak. Gerta zitekeena gertatu zen, eta 1981etik 2009ra bitarteko une historikoak kontatzen ditu, eta bitartean bere lana, aisialdia, zerbezak, eritasunak, atsedena, bozkarioa, haserrea, amodioak ere bai. Izan ere, bere historia ez baita berea bakarrik. Denona da historia. Hala ere, bere historia berekin amaitzen da, eta bere poema-liburua ere azken poemarekin amaitzen du.
Hori dena eta gehiago idazten du libre Jon Benitok, eta esan beharreko guztia bere barnetik idazten du, asko pentsatu gabe zer izan daitekeen argitaragarri eta zer ez; bihotzak buruari erotasuna eskaini diola dirudi, eta hatz-puntek libreki tekleatu dute idazlearen NAN edo kontu korronte zenbakia. Idazleak ez du ate itxirik bere barrutik kanpora, eta buru bihoztu batek ez daki zer den prosa eta zer poesia. Beharbada horregatik ez nuke hau poema-liburutzat hartuko; autobiografia poetiko bat ote? Beharbada idazleak hartaz ez ahazteko behar du errimarik gabeko lerroak etenik gabe idatzi?
Nik ere erantzunik gabeko galdera asko dut bulkada batez liburua irakurri ondoren. Batzuetan limoia bezain samin sartu zait ene barnera, eta nire zaurietan oroitarazi dit samintasun horrek oraindik itxi gabeko sakoneko bihotzeko zauriak ditudala. Zauriaren arrastoa gelditzen zait, eta min egiten dit oraindik konplitu gabeko lagun minaren promesak. Izan ere, zenbaitzuek adiskidetasuna bazterketatzat hartzen dute, eta nola jokatu ezer gertatu izan ezbalitz bezala? Nola ez damutu? Nola lapurtu zidaten bihotza?
Bihotzak ulertzen ez dituen gauza asko gertatzen zaizkio poetari, niri eta gu guztioi, eta poetak elkar ulertzeko protokolo bat ere proposatzen digu. Hala ere, ongi ulertzen ez diren hitzak azkeneraino zaindu beharraren garrantzia azpimarratu digu: maitasuna, errespetua, mina. Ulerbera eta barkabera izaten saiatu naiz min eman zidan kapulloarekin, ene bihotzeko laguna delako azken batean. Negu luze eta gogor honetan nik ere asko sentitzen dut, zain nazazu, arren. Beti maitasunez, bihotzez.