Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Oroitzapenen kronika

AZUKRE XEHEA GATZ LARRIA Mikel Hernandez Abaitua Alberdania, 2010

li49    
pdf    

Ohiko fikziozko liburu bati heltzean, istorioa nolakoa izango den izaten dut zalantza nagusia. Hots, zer kontatuko didan, kontatuko didan horrek harrapatuko nauen eta gozatuko ote dudan. Ondoren, estiloari, erabilitako egitura edo lexikoari erreparatzen diet. Kontatutako horren guztiaren atzean, benetako zenbat gertaera sartu dituen pentsatzea ere atsegin dut. Horrelako pertsonaiaren bati gertatuko al zitzaion halako zerbait? Deskribatzen duen toki horretan egonda al nago? Agian ez, baina ziur egiazkoak diren xehetasunak erabili dituela asmatzeko garaian.

Esku artean duguna bezalako liburu baten aurrean, berriz, beste era bateko sentsazioak izaten ditut. Existitzen den pertsona bat, existitzen diren pertsonei buruz mintzo da, existitzen diren tokiez eta benetan jazotako gertaerez. Baina asmatutakorik egongo al da bertan? Edota, zer utziko ote du esan gabe? Zalantza desberdinak, irudimena martxan jartzeko bestelako abiapuntuak.

Mikel Hernandez Abaituaren azken berrogei urteetako oroitzapenen kronika bat da honako hau, berak bizitako eta ikusitakoak denboraren iragazkitik pasa ostean iritsi zaiguna. Denbora tarte horretan, frankismoaren azkenalditik gaur egun arte, gauza asko pasatu dira bai munduan, bai Euskal Herrian. Horietako batzuk liburuan agertzen dira, hala nola, Woodstock-eko musika jaialdi entzutetsua, euskarazko ikasketen sorrera edota ETAren jarduna. Antzeko gaien inguruan baitabil autorea kontakizun guztian zehar, alde batetik, kultur arloari eta bereziki literaturari buruz, eta, bestetik, egoera politikoari buruz. Eta ez horietara nahita lerratu delako, bere bizitzaren parte garrantzitsu direlako baizik.

Literaturaren gaineko erreferentziak ia etengabeak dira, euskal filologiako ikasketen garaitik hasi eta Ramon Saizarbitoriaren obrari buruz egindako tesiaren aurkezpena arte. Tartean hainbat eta hainbat pertsona ezagunen izenak, esaterako, Josu Landa, Koldo Izagirre, Tere Irastortza, Bernardo Atxaga, eta abar. Sasoiko zenbait literatur talderen sorrera edo eboluzioaz ere badihardu, Oh! Euzkadi, Pott eta Susarenaz, besteak beste. Batzuekin nahiz besteekin izandako harremanak, tirabirak, haserreak eta adiskidetzeak kontatzen ditu, baita gertatutako anekdota desberdinak ere. Halaber, bere hasiera-hasierako ipuinek eta ondorengo liburuek izandako harrera nolakoa izan zen azaltzen digu.

Politikarekin lotutakoak dira garrantzia handia duten beste kontu batzuk. Azken lau hamarkadetan gure herrian kokatutako liburua izanik, eta gertutik egoera gogorrak bizitzea egokitu zitzaionez, ez da harritzekoa honek guztiak toki zabala hartzea edo uneoro presente egotea. Gainera nabari da oso modu sentiberan bizi izan zituela hauetako egoera asko, beragan eragina izan zutela eta bere garapen pertsonalean mugarri bihurtu zirela.

Finean oso modu atseginean irakurtzen den liburua da eta Euskal Herrian hamarkada hauetan jazotakoak hobeto ulertzen laguntzen duena. Euskara eta euskal literaturarekin erlazionatutako jendea behar bezala ezagutzeko baliagarria da, asko baitira hemen kontatzen direnak, ziurrenik konturen batzuk narrazio hauetatik landa utziko zituen arren. Apustu ausarta egin du autoreak lan honekin, eta agian estilo bereko beste batzuei bidea ireki die.

Iban Balerdi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago