Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Antartikako sekretuak 
EROMENAREN MENDIETAN  Howard Phillips Lovecraft | Itz: Ainara Ruiz Benito Alberdania & Elkar, 2010
li51    
pdf    
Irudimen handiko gizona omen zen Howard Phillips Lovecraft eta bere obra asko amesgaiztoetan hasten omen ziren loratzen. Honakoa bien arteko nahasketa izan daiteke zalantzarik gabe. Eleberri fantastiko modura sailkatzen ausartuko nintzateke,  Antartikak berez iradokitzen duen fantasiazko testuinguruan sostengatuta.

Antartikara egindako espedizio batek ematen dio Lovecrafti aitzakia, hango bazter, txoko, lurpe, tontor, izotz, elur eta zabaltasunaren itzalpean gordeta nahiko lukeena azaleratzeko, eta egia esan, irudimena oso landua eta garatua izan  ezean, ezinezkoa iruditzen zait halako  kontakizuna atontzea. Horrek, jakina, ahalegina eskatzen dio irakurleari, idazlea  azaltzen ari den guztia ulertzeko, bistaratzeko prest behar du hark, istorioa behar  bezala jarraitzeko ezinbestekoa da irakurritakoa irudikatzen saiatzea. Kontakizunak bera amesgaizto batetik ateratakoa dirudi, eromena, anabasa, heriotza eta  beldurra dira osagai nagusiak.

Horrez gain, aipatu nahi nuke zientzia arloan orokorrean eta geologian hertsiki aditua izan ezean, laguntza ederra emango duela hiztegi mardul bat alboan izateak, asko baitira gai horri dagozkion hitzak eta, are, azalpenak. Horren harira, ezin aipatu gabe utzi itzultzailearen lana, ziur nago aspirina bat baino gehiago behar izan zuela eromenaren mendietan ez nahasteko.

Terminologia bereziak ezinbestean moteltzen du erritmoa, eta elkarrizketa ezak areagotzen. Gainera, deskribapenak luze samarrak dira hainbatetan eta gehiegizko errepikaz agertuak, esango nuke. Dena den, kontzentrazioa eskatu arren eta irudimena abian izan, ez da aparteko zailtasuna duen irakurketa.

Miskatonic espedizioaren fikziozko nondik norakoak dira aipagai eta elkarrizketa gabezia zenbaitetan itogarri egin arren, ongi egituratuta dago narrazioa. Dyer da guri ari zaiguna, lehen pertsonan mintzo zaigu, etxeko sutondoan espedizioan zehar izandako abenturak aitortzen ari bailitzan. Hala, esaten digu espedizioko kideak Antartikan zehar sakabanatzen direla lehenengo eta irrati bidez eraikitzen dutela hartu-emana. Liburuko lehen heren horretan antzematen da elkarrizketa zantzu gehien, Lake, ikusitakoak txundituta, beste estazio batean albisteen zain direnei ari zaie eta Dyer arduratzen da entzundakoak eragindako ezinegona guri helarazten. Hortik aurrera, ordea, irratiko seinalea eten egiten da eta suak nola halaxe hartzen du indarra sutondoko kontakizunak.

Mendi itzelak deskribatzen dira, Himalaiaren tamaina erruz gainditzen dutenak, izaki beldurgarriak eta lur honetatik haratagoko jazoerak. Gizakia bera jaio aurretik eraikitako hiri amaiezina. Irratiko isiltasunaren atzean dagoen arrazoia argitzera abiatuta, hiri horretan dabil Dyer, Danforth alboan duela eta eraikin, malda, horma eta bideetan barna zizelkatutako erliebeek laguntzen gaituzte deskribapen zurrunbiloan ez erotzen, sekretu ilunak azaleratzen eta irudimenari marrazkiekin laguntzen. Sarritan aipatzen du Nicholas Roerich margolari errusiarra eta, zinez, lagungarri da haren margolan zenbait ikustea irakurritakoa begi ninian iltzatzeko.

Honaino iritsita, zuen esku uzten dut esplorazio lana, Alberdania eta Elkar argitaletxeen artean kaleratutako liburuan topatuko duzue horretarako lehengaia eta eromenaren mendietan galtzen bazarete ez da izango nik ohartarazi ez zaituztedalako.

E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago