Bihotz triste bat zintzo
LAUGARRENAK LAU Gabriel Korta Autoedizioa, 2010
Inork ez zigun esan bizitzea erraza zenik, baina pena merezi du. Hori esan dit funtsean Gabriel Korta poetak.
Mundua hobetzeko ahaleginetan bihotza samurtu egin dit poeta sufrituak bere bizipenekin. Bizitza xamurragoa egiten saiatzen naiz egunero, eta irribarre egin diot poeta urdin horri. Lau zatitan irakurri ditut poetaren sentimenduak, eta bihotz txiki zintzo horretako zenbait pertsonari zuzendu dizkio bere hitzak. Bihotzak triste dirau, baina bere testigantza eta sentipen zintzoa adierazi nahi izan digu.
Lehenbizi, isilean esan dit maite duela Hondarribiko uraren zurrumurrua, eta nik bihotzez malenkoniatsu oroitu dut norbaitek noizbait lapurtu zidala lore eder bat bihotzetik bi ur artean, Hendaia eta Hondarribia artean. Eta gero nolako mina alferrik! Isilpean daramat nik ere geroztik itxaropena bihotzean txistuka, eta irribarre bortxatu bat ahoan adioka. Beharbada poetaren nahigabeek tristatu naute, eta zenbait olerkirekin negar egin dut, baina bere nahigabeak neureak dira, nireak bereak, baita munduarenak ere, eta munduaren nahigabe guztiak poetarenak. Suizidatzea bizitzen segitzea bezain erabaki duina dela uste dut, baina joango dira zaharrak eta berriak etorri, eta tristurarekin nahiz pozurarekin plistiplasta bizituko gara.
Bigarrenik, bihotzetik kanpora eta zorrotik paperera poesiaren hegalez astindu dit kontzientzia. Hitzez biluztu nau hondoa jo arte. Okaranen gisa kolpatu naute, eta txorien txistuaz goxatu zauriak.
Hirugarrenik, harri hautsiak erakutsi dizkit, hitzen ikaratik gelditutako esentzia, eta poetoi mintzo zaigu Gabriel. Poema amaigabe bat eskaini dit kontsolamendu gisa; izan ere, maitasunak ez du hasierarik ez bukaerarik. Maitasunak haize urdinaren pozaz betetzen gaitu, eta gero hustu egiten gara; eta horrela etenik gabe betetzen eta husten gara. Maitaleok ezezagutzen dugu bizitza, maitasuna soilik bizi dugulako, eta orduan, oroitu naiz irailean aurkitu nuela behin nire maitale urdinarengan abuztuak ukatu zidana. Poetak oroitarazi dit badaudela maitatokiak edonon. Eskerrik asko, Gabriel, hitzezko maitasunaren goxoarengatik, ferekengatik eta muxuengatik. Zenbat udaberri esnatuko ote dira aurtengo bihotzetan?
Uda irailean sartu zait aurten, nire bihotzera behintzat, leiho honetatik. Bakarrik irakurri dut poema laburren multzo hau, eta bihotza aingurarik gabe, galduko ote naiz gau ilunaren hondora? Espero dut haizea alde izatea, eta orduan bihotz bakarti honek txistu egingo du Oiartzunera. Poetaren bihotz bakartiaren babestoki eroetxea dela esan dit zoro, poetaren negu luzeko itxaropenaren txalupa noiz edo noiz infernuetarantz bideratu baitzen, baina poetaren udaberri labur zorionekoak jakiten du ere paradisurantz joaten. Neguko elurrean atseden harturik, hitz hautsi kontzientziadun urdin horiek atera zaizkio Gabrieli, eta euria isilik arimaren kristal honetan hiltzen zait niri.
Eta poema bat bestearen atzetik, laugarren eta azken zatira eroen gisa iritsi gara; azkenik maitasuna: bizitza gogorra, baina ederra dela esan dit poeta kontzientziadunak. Uda irailean, azkenean sortuko baitira bikote berriak udazkenean, gero ekainean berriro handia izateko enaron zoriona. Ni ere ohartu naiz hipersentibera eta bakartia naizela, ezkerraldean dudalako bihotza. Ez dakit zer den poesia, baina poesia hau da: norbere hondarrak uztea nonbaiten, nola edo hala.