Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Darwinismoaren museoa
DARWIN GUREAN Kepa Altonaga Pamiela, 2010
li38    
pdf    

Kepa Altonagak idatzitako saiakeraren azalean, eskuinaldeari erreparatzen badiogu, Charles Darwin zaharra ikus dezakegu, eta  haren azpian izenburu kitzikagarria, “Darwin gurean”. Lehen bulkada batek eramanda, pentsa dezakegu Darwin Euskal Herrian izan zela eta orrien segida honetan hark egindako egonaldiaren nondik norakoak eta bisitak gurean utzitako arrastoak gordetzen direla artez.

Bada, liburuan ez da argitzen naturalista arras ospetsu hark gure lurrak zapaldu ote zituen, baina Euskal Herrira iritsi zela berresten da. 1859an “Espezieen jatorria” argitaratu zuen. Bertan gordetzen diren gogoetek mundua irauli zuten, gogor astindu zuten hango eta hemengo pentsaera eta, jakina, Euskal Herria ez zen lurrikara hartatik libre geratu.

Finean, Altonagak XIX. mendearen hastapenetik XXI. mendea irekitzen duen ateraino darwinismoak izan duen eragina erakutsi digu, museo batean barrena aretoz areto kronologiaren irizpidearen agindupean aurrera egingo bagenu bezala. Horretarako, Darwinen garaikide ziren euskaldun batzuen pasarteak ekartzen ditu, geroago darwinismoarekin, gogo onez zein txarrez, topo egin zuten gure herritar batzuen pasadizoak tartekatuz. Eta horra iritsita, jakina, Euskal Herriko elizapean sumatzen den arnasa dakusagu, kreazionismoa sortu eta esne-mamitan hazi ondoren Darwinen gogoeta xake arriskutsu gisa hautematen duen kristautasunaren  taupada.

Jakina denez, hautespen naturala da darwinismoaren ardatza; itxura batean Galapago irletan jabetu zen Darwin horretaz; legendak dioenez, naturalista nabigazio-mapak egitera abiatu arren, txoriei so ematen zituen egunak, irla horietan zehar nola sakabanatzen ote diren asmatuz, eta elkarren artean nola nahasten. Han sortu omen zen 1859an argitaratutako altxorra eta hautespen naturala.

Oihartzuna berehala zabaldu zen. Frantzian arbuiatu egin zuten Darwin hainbat faktore zirela medio. Alemanian harrera oso bestelakoa izan zen, itxura batez, begi onez hartu eta ulertu zuten naturalista ingelesak berretsitakoa. Eta gurean zer?

Museoan barrena, Euskal Herria aipatzen duten oholtzei so, eta garaiak kontuan hartuz, hesi ikaragarria aurkitzen zuen darwinismoak, hiru nabeko forma zuen hesia. Kaiera bat hartuta, hainbat kontu lapur daitezke museo horretatik; nire ustez, deigarri edo gogorrena, hautespen naturala eta euskararen desagerpena lotzen dituen asmo kirastua da. Zenbaitek hizkuntzak zer biziduntzat jotzen zituzten  eta hautespen naturalak erabakiko zuen  zein geldituko zen bidean eta nork egingo  zuen aurrera. Euskara, bidean geratzera  kondenatua izan zen, froga argirik gabe  eta errekurritzeko aukerarik gabe, Julien  Vinson euskalari ezagunak egin zituen  epaile lanak, haren desagerpenerako sententzia mailu kolpe batez zigilatuz. Zorionez, badirudi, euskarak hori baino kondena handiagoa behar duela desagertzeko.

Bestalde, elizak gurean izan zuen indarra handia zela jakin arren, uste dut, zenbaitzuk ez dakigula zenbaterainokoa zen  hura, eta kezkagarria (behintzat) iruditu  zait jakitea 1931ko martxoaren 16ko dekretu batean Modernismoaren Aurkako Zaintza-Kontseilua aipatzen dela, elizari komeni ez zitzaiona debekatzeaz ardura zedin.  Gainerako xehetasunak ezagutzeko, liburua eskutan hartu eta museora bisita  egitea aholkatzen dizuet neronek.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago