Zeanuriko errotek oro har, eta kasu honetan Olabarrikoak, urte osoan egiten zuten lan, baina bereziki “Domusantuetatik martira egiten zan”, hau da, azarotik martxora bitartean, alde batetik, ur gehien izaten zen garaia zelako, eta bestetik, nekazariek eskaera handiena izaten zuten sasoia zelako. Kontuan izan behar da irailaren amaierarantz artoaren uzta biltzen zela, eta aldi berean orduan hasten zen txerriak eta txahalak loditzeko sasoia ere.
Udaberrian eta udan lan gutxiago izaten zen, baina Simona Intxaurbek gogoratzen duenez, “hemen ez zan egoten ordurik, eta udan be gau eta egun egon behar izaten ginan ura jagoten, batzuetan eskas egoten zan eta”. Eskasiak, uraren zain egotera behartzen zuen errotaria.
Urtean behin errotaren mekanismoak ere askatu, garbitu eta, beharrezkoa denean, egurrari eraso egiten dien sitsaren eta termiten aurkako tratamendua ematen dio Ferminek.