1.3. Uribeko erreka:
Zanburu mendian jaiotzen da eta Zulaibar auzunean bat egiten du Arratia ibaiarekin. Errekatxo honen inguruan lau errota daude, baina auzuneko zaharrenek entzundakoaren arabera, bosgarren bat ere egon omen zen.
Atxitiko errota: Uribe kofradian kokatua. 1928an lan egiteari utzi bazion ere, gerra ostean berriro lanean hasi zen, eta 1943. urtearen ingurura arte jarraitu zuen. Gaur egun errotaren arrastorik ia ez da agertzen. Azken errotariak Artetxetarrak izan ziren.
Atxitiko errotako bi harriak gaur egun Olabarriko errotaren kanpo aldean daude jarrita, apaingarri moduan.
Intxaurbeko errota: Uribe kofradian kokatua. XIX. mendean lan egiteari utzi zion, eta kaltzearen arrastoak bakarrik geratzen dira. Errota zegoen inguruan aurkitzen den etxea gaur egun Intxaurbeko errota izenaz ezagutzen bada ere, inoiz ere ez da izan errota. Errota etxearen gaineko aldean zegoen. Bitor Beobidek dioenez, “gure etxeak ehun eta hogei urte inguru ditu, eta bere eraikuntzan, errotako materialak erabili ziran”.
Axpeko errota: Uribe kofradian kokatua. Gaur egun presa eta kaltzearen arrastoa bakarrik kontserbatzen dira, baina inguruko inork ez du ezagutu lanean. Duela mende bat baino gehiago utzi zion lan egiteari.
Gorago dagoen Axpeko jauregiaren jabetza izan zen.
Zulaibargo errota: Uribe kofradian kokatua. 1976an utzi zion lan egiteari. Oraintsu etxebizitzarako birmoldatua izan da.
Azken errotaria Jose Barrenetxea Jose Errota izan zen.