1.2. Beretxikorta erreka:
Altun mendiaren iparraldeko magalean jaiotzen den errekatxoa da. Arratia ibaiarekin bat egiten du Undurraga auzunean. Lehorte sasoian ez du ur faltarik edukitzen. Bere inguruan ezarri diren errotak honako lau hauek dira:
Goiko errota: Atzuste kofradian kokatua. 1955ean utzi zion lan egiteari. Errotaren mekanismoak desmuntatuta ditu, baina oraindino kaltzearen eta antepararen arrastoak argi eta garbi ikus daitezke. Azken errotaria German Gumuzio izan zen.
Erdiko errota: Altzuste kofradian kokatua. Goiko errota eta Barrengo errotaren artean dago, hortik dator bere izena: Erdiko errota.
Kofradiako kide batzuen jabetza da. 1920an utzi zion lan egiteari. Gaur egun hondatuta dauden hormak bakarrik ikus daitezke errota zegoen tokian.
Azken errotaria Rafael Beobide izan zen.
Barrengo errota: Altzuste kofradian kokatua. Kofradiako hamaika kideren jabetza da; hamaika horietatik zazpik parte osoa dute eta lauk erdia. 1974an utzi zion lan egiteari. Errotarriak kokatzen diren aldea hondatuta dago. Azken errotaria Rosalia Caballero izan zen.
Undurragako errota: Ipiñaburu-Undurraga kofradian kokatua. Undurragan zentral elektrikoa eraikitzeko obren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zen errota hau. Gaur egun bere arrastorik ez da geratzen, Undurragako urtegiko uren azpian baitago.
Azken errotaria Fraisku Aizarna izan zen.