Léon Azoulay: euskarazko lehen soinuak (1900)
1.- SARRERA
Errioxako Donemiliaga Kukulako monasterioak oihartzun berezia du euskara idatziaren historian, hantxe aurkitu baitziren euskarazko lehenengo lekukotasun idatziak, hain zuzen ere, “Izioqui dugu” eta “Guec ajutu ez dugu” esaldi lausoak. Egile ezezagunarenak dira, eta latinezko testuaren alboan egindako bi ohar edo glosa baino ez dira, bi-biak X. mendekoak (974koak, zehatzago). Milurteko bat baino pitin bat geroago, anaiak, Beñat Oyharçabal euskaltzainak, Pariseko Musée de l ́Homme-ko Trân Quang Hai doktoreak eta beste zenbaitek emandako laguntzari esker eskuratu ahal izan ditut nik euskaraz ditugun lekukotasun soinudunik zaharrenak. Hamabost minutuko grabazio bat da, 1900ekoa, eta arriskutsua litzateke esatea hau baino zaharragorik ez dagoela aurkitzerik. Ukaezina da, ordea, hori lantegi sano gaitza dela, batez ere kontuan izanda gramofonoa garai hartantsu asmatu zela. Pentsatzekoa da, gainera, grabazio hau eskuratzeak hamaika lan eta eragozpen sortarazi badizkigu, askoz nekezagoa izango dela ezer zaharrago aurkitzea, zenbat eta antzinakoagoa izan ikergaia, orduan eta buruhauste gehiago ekarri ohi dituelako ikerlanak.
Harako euskal grabazio hura bi zatitan zabaltzeari iritzi diot egokiena: batetik, CD-ROM bat1 plazaratu dut Parisen eskuratutako euskal soinu horiekin; bestetik, grabazioak azterlana merezi zuela iritzita, artikulu bat argitaratu dut, esku artean duzuen hauxe2, hain zuzen ere.
____________________
1 Euskarazko lehen soinuak. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2000.
2 Artikulu hau ikerlan baten zati bat besterik ez da. Ikerlan osoa egunen batean argitaratzeko esperantza ez
dut galdu oraindik.