EGUNERO
Egunero lanera bidean kartzelaren aurretik pasatzen nintzen eta egunero ez nuen ulertzen nola onartzen dugun hau guztia. Eta orain, orain barruan nagoela, oraindik ez dut ulertzen.
NEGURIA
Negua zabaldu egin da. Noiz eta orain eguzkia kokotak gorritzen hasia zenean. Iragarria egonagatik ere, sugeak ez du azala aldatuko eta atzean utzi uzten diren bezala oroitzapenak eta zoriona; memoriaren azala. Haritza ez da, neguoro legez, elurrari aurre egiteko zentimetro batzuk makurtuko makurtzen diren moduan ilusioak eta bizitza; ausentziaren elurra. Borroka beste bat da. Ez zaitut ahaztu nahi. Ez dut egingo.
MISTRAL
Mistral belaontziak zazpi metro luze eta mila kilo eskas zituen Bartzelonako portutik abiatu zen egunean. Trabesia txikietarako soilik prestatua, bidea egiten hasi zen itsaso zabalean. Arkakuso bat elefantearen azalean. Antillak, Karibe, Panama. Tuamotu, Tahiti, Fiji. Madagaskar, Timor, Mozambike. 1972an Lekeitioko portura itzuli zen lau urte eta 38.000 milia egin ondoren. Munduari buelta eta erdi eman ondoren. Ezagun dira itsasoan hondoratutako ontzi erraldoiak. Ezagun dira portura itzuli ez diren barku itzelak. Ezagun dira sekula portutik atera ere ez direnak.
MOSKU’80
Moskuko olinpiadetan, adibidez, urrea irabazi zuen tximeleta estiloan. Gero, badakizue fama eta dirua nolakoak diren, arazoak pilatzen joan zitzaizkion eta iluntasunak jan egin zuen. Baina igerilari bikaina omen zen, onenetakoa. Horregatik harritu ninduen, agian, etxeko bainuontzian itota aurkitu zutela jakiteak.
ANTXETA SOLTEAK
Eguna erortzera doanean etxeko terrazan nago jarria. Haize leunak adatsa dantzatzen dio leihoan dagoen neskatoari. Plater hotsak entzuten dira bizi-bizi elkarren kontra, barre algarak, ezagutzen ez duda hizkuntza bat. Haize otzanak begiak ezkutatzera behartzen du neskatoa. Bat-batean argi bat itzali egin da antxeta solteak zerutik igaro. Orduan konturatu naiz udako gau bat hastera doala.
ESTAS COMO UN QUESO
Kopa batzuk sobera izan arren, eskertu nion gezurra: «Estás como un queso». Aspaldi da, baina, belarri hauek horrelakorik entzuten ez dutela. Eta ohe ertzean, denborak bere bidea egiten duen bitartean, ohartu naiz zeinen erraz lizundu den nire gazta aroa.
Aritz Galarraga Lopetegi
|