BURUHAUSTEETATIKO ZAHARKALDIA
Urrezko ardi-larruaren bila denok gara Jasonen argonauta.
Inoiz lortuko ez den urrezko utopiak,
besteekiko lehian,
lupus, otso bihurtu gaitu;
elkarrekiko aurkakotasunaren baleak gaitu irensten,
Jonasen lagun zen jainko juduak
askatuko gaituen itxaropenik gabe.
Burdin eta ispiluzko mundu hotz izugarrian
mailu uxatzailerik gabe, Thor norvegiarraren heriotza-ziurtagiria
eskuan dut,
eta oharkabean,
Eskizo, jainko unibertsal bihurtu dugula ohartzen naiz,
sinesgabetasunaren finkaezinean.
Bakardadeari beldur,
jainko berri ordezkatzaileen beharrari lotu gatzaizkio, berriz ere,
gorputz eta existentziarik gabeko arima,
garun eta elektra korrontearen emaitza lizuna,
Elektraren maitasun eragotzia,
gorotzetan uhertzen doan bitartean.
Autistek arrazoi dute
arrazoigabekeria ezkutuan ezkutatzen direnean,
arrazoigabekeria, ezkutuan, ezkutatzen dutenean,
hitza galduaz,
besteenganako sentimenduak galduaz,
berunezko ingurune astun eta galgarrian
bizitzak eman dizkien indar urrituak norberarentzako gordeaz,
iraupen jasangaitza,
zentzu askorik ez duten beste zenbait egoera bezala,
ziurtatzearren.
Urrezko ardi-larruaren bila galduak gara,
aingeru arruntak,
munduan desegindako jainko juduak
askatuko gaituen itxaropenik gabe.
Lana
Olagarroaren alegoriazko algara ergelak
eraldaketa kafkiarretan
natura, kaiku, kaiku ihar dira bihurtzen.
Hegan egiteko ere balio ez duten hegamotzek,
hega-mozleen mundura, boteretsu, habia guztietara abiatu nahi dute.
Aireratze leloa,
lelori lai lelo, leloa zara leloa
kontzientziaren ironia,
irudi onirikoen horitze zoria,
norberaren zuritze arrazionalak inkontziente beltza ezkutarazten du.
Sokrates azalzuriak sorturiko entitateen irudikapena
asto gorotzetan ordaindu du.
Tekné bizigabea, inoiz hilko ez den hutsune erailezinari
haginka ezin egin.
Olagarroaren alegoriazko algara ergelaren atzean
arnasestuka inoiz egongo ez den
zakil odoltsu epela, ezintasunean,
hitzetara loturiko lapiko koipetsua,
zentzugabeko diskurtso koherentea.
ezintasuna, ezin eta asuna, astun,
lizunkeriaren errepresio teoriko gizarteratua.
Zein txindurri ausartu da, -dio Boterek-, nire buru zefalopodoa
era horretan mingosten?
Adi!
Adi! Aditu!
Zenbat ustezko aditu potolok, kolorezko gorbaten atzean babesturik,
adierazi du,
dudarik gabe, epairik gabeko sententzia:
adi arazteko ahalmenik ez dagoela.
Adi-erazle guztiak,
iritzi iratzargarriak, lotaratu, lotu, lotarazi dituzte
soka mediatiko eta autozentsura irenstean.
Loturak adierazten dira banako bakoitzaren jokaera bikoitzean:
Kanten autoagintearen adierazte pendularra,
alde batetik bestera, beti ere toki berberaren berriemaile betierekoa;
Popper-en gizarte irekian,
gora begira jarririko laban zorrotzean,
oinutsik, ustezko hiritarrak, pausoz – pauso,
behatzak, banaka – banaka, galtzen ari dira,
bi aldetara, amildegietara erortzear.
Bitartean, gorteko asketan janari errazaren inguruan
narkotizaturiko hitz jarioek,
aho lardatsetan jariakor,
pentsamendu bakarrean, denak, adierazpen berdinak,
adierazpen berbera -berba era berberean,
egiteko askatasuna izango dute:
Bla, bla,bla ...ka,ka,ka,,,,kaka
Itxurakeria gordina
Itxurakeria gordina,
Kunderaren izakiantzeko arin, jasanezina,
azaleko gardentasunaren azpian,
ezer ere ez, ezereza, ezereza ere ez,
esnerik gabeko esnegain lodi eta koipetsua,
maskara irakinezina,
hutsunerik gabeko azalkeria hutsa.
Sentimendu eta sentipen estereotipatuen manifestazio plastiko,
azaleratze hotza.
Sakonerarik gabeko polietilenozko
plano bidimentsionala,
plano afin fina,
moral bikoitz eta estatu arrazoizko plano fin afinak,
amaigabeki, azpirik gabeko gainazalean hedatzen dira.
Izaterik gabeko amets,
edukirik gabeko bihurtu den balizko eta noragabeko bidaia astrala.
Gonazpiko urdin transluzidoaren azpian
ezer ere ez, ezereza, ezereza ere ez,
mutxurdinaren gozamen antsia alferrik galdua,
mutilzaharraren zakilaren azken bulkadaren bakardadea.
Nahi eztako nahigabea.
existentziarik gabeko subjektu sartriarra,
entitaterik gabeko irudikapena,
hazi emankorraren eman ezina,
gorputzik gabeko antzezpen liluragarri bezain helezina,
enborrari moztutako oina, oinaren oinaze,
ehortzi eta ondorengo min ukaezina.
Itsuaren ikusezintasun aldaezina,
koloregabetasun ulergaitza,
patuaren onartze estoikoa,
baretu beharreko ekaitza,
formula matematiko soila, modelagaitza,
errealitatetik ihes egina.
Esanahirik gabeko sinboloen zeinu zen mundu platoniko hilezkorra
deuseztatu ondoren
adierarik gabeko diseinu paregabeari,
Fenix hegalariaren betirako heriotzaren ondoren,
haren errautsak itzaliz,
eztarri lerdoetatik errauspena
Uholdeka dario:
Neu naiz.