I
Negu gorria izan da aurten hotza, elurra, trumoia,… ta arratsalde hits batez neure buruarentzat pregoia: “kirol munduan eta mendian oraindik ez duk jo goia, ezberdina den zerbait egin zak apurtu ezak gidoia, hik aise daukak horretarako beharrezko den sasoia, nahiz eta jaso jipoia, edo musukatu lohia.” Gogoak hankei ipini die betebehar erraldoia: udaberrian korrituko dut Aizkorriko maratoia.
|
II
Erabakia hartu orduko gorputza hasi zait dantzan, ta prestaketa bilakatu da lehentasuna bizitzan. Lana amaitu, bidegorrira egunero otzan-otzan, zenbat itzuli burutu dudan ezin dut zehazki esan, baina sinistu garai honetan ez direla gutxi izan… Zaku bat jausten den gisan, erreta, ohean etzan, egun askotan errutina hau nahiz ta ezin dudan jasan, aurrez sufritu behar da gero denborak irents ez nazan.
|
III
Hainbat astetan itxaron dudan une handia heldu da, tropel honetan egote hutsak badauka bere lilura. Igarotako neke ta penak etortzen zaizkit burura… Aurkari askok nahiz eta beha zorrotzez nauten ingura, nik gaur neronen buruarekin soilik izango dut guda. Tiro ozena zerura, hartu dut abiadura, dena iragan bihurtuko da sei, zazpi, zortzi ordura, bilakatuko al dut oraingo irteera hau helmuga?
|
IV
Neure burua ondo kokatu behar dut ahalik lasterren, indartsu noa, jarraituko dut aurreko tropeltxo baten… “jendea uste nuena baino bizkorrago doa hemen!” maldak esango digu ordea bakoitzak zein maila duen… hiru Aquarius, laranja erdia, eta txaloak Otzaurten… Ordu t´erdian Aratzen, baina hasi naiz beldurtzen, hasierako malda hauetan nahiz ta dotore nabilen, ez ote naiz ba guztiz erreko berotzen hasi baino lehen...
|
V
Dagoeneko lehia honetan badaramatzat ordu bi, oharkabean heldu naiz Sancti Spiritura urduri. Ametsetako aldapa bortitz zerura bideko zubi, bihotz-taupadak bizkortu dira bidea ezker-eskubi, burutik nekez joango diren lagunen mila irudi, “Aizkorri eta Aitxuri, bertan zeudek, eta! Mugi!” izerdi tantek irentsi duten malko lodi bat isuri, hegorik ez dut soinean baina hegan noala dirudi!
|
VI
Harriartea lehenaldi da gailendu da belardia, ta zapaldu dut amesten nuen alfonbra berde garbia. Mendi erraien negar bailitzan errekasto jostaria, garai batean neretzat zena zapaburu biltegia, (hiltegia?) orain korrika zeharkatu dut paradisu orlegia. Haurtzaroko irudia, ederra, ederregia, berbera zara, garai batean jaso ninduen kabia, baina nik begi ezberdinekin behatzen zaitut Urbia.
|
VII
Lasterketako zati handi bat utzi dut jada atzean, argi printza bat ikus daiteke Andraitz gaina igotzean, Zegama hurbil sumatzen baita haranaren bihotzean… Ziztadak belaun aldean eta ziztadak izter ertzean, gogortasuna ez da samurtu beherako aldatsean. Orkatila okertzean, guztiz ito naiz trantzean, “eutsi goiari, gutxi falta duk, berehala haiz etxean!” Poza ta mina nahasten dira pauso txiki bakoitzean.
|
VIII
Hortzak estutu eta helmuga lortu arte ez dut etsi, sailkapeneko nere postua: ehun eta hogeita zortzi, hiru ehun pasa irten garenez, “ondo zegok, ez duk gutxi!” Sano heldu naiz, hori lortu dut, erronkak ez nau irentsi, ta kirol orri pertsonalean lerro ederrak idatzi. Aterik ez dut nahi itxi, eta bide honi eutsi, gogoz erronka berrien bila hasiko naiz bihar, etzi, hurrengo urtean apustu, baietz aurtengo denbora hautsi!
|