I
Udazkeneko hego haizea, hotzeria, gripea ta… ehizea! Zerura jasoaz begirada, urruti gabe ikusgai bada hamaika kirten, orain urte bi, iaz ta aurten, Soria, Etxalar edo Otzaurten.
|
II
Goizeko bostak, ohetik altxa, igandea izateko, hau martxa! Leihoa ireki, zerura so, giro onik ez dago akaso, “berdin da, baina, konkista dezagun mendi gaina, hauxe bai urte sasoi bikaina!”
|
III
Hau da burrunba aldapan gora, 4x4 munstro bat igaro da… Mercedes, Toyota edo Kia, aparkatzako non da tokia? Hau zorte txarra! Postutik urrun txoko bakarra, bertara oinez igo beharra…
|
IV
Sei mila euro ehiza postua beste bi lagunekin adostua. Eskupeta, berriz, neurrikoa, Eibarko label jatorrikoa. Hemen edo han kamuflajeko janzkera modan, nork esan Joxe edo Rambo dan?
|
V
Hasera behar bezalakoa: ezer baino lehen hamarretakoa. Txorixo ta saiheski zatiak, aiztoaz egoki ebakiak, ta edaria? Ardoa, nahi beste, ugaria, Magno titare bat oparia.
|
VI
Mendizale bat aldapan behera, soinean kolore biziz gainera. Ez badu berunik probatu nahi, aldegitea onena du, bai… Kontuz, bestela, zeri tiro egin ez duela hor da ehiztari moxkor tropela.
|
VII
Pasea aurten, zeinen eskasa, aurkitu beharko denborapasa… Mendi baliabideen guru, bete nahiko lukete mukuru onddoz saskia, uso zain daude, sobran astia, lurtar bihurtu da sarraskia…
|
VIII
Noizbait tiroen hotsa alboan, arreta zeruko uso saldoan!!! Kitto hitz-aspertu ta diskurtso, errekamarara bi kartutxo, Arma, tiro, pun! “aspaldiko, sutauts usain kuttun, eraits itzazu usoak txukun.”
|
IX
Txakurrek behar orain araka, sasi arte guztietan usnaka. Uso bakarra dute aurkitu, honek arazoak sortu ditu, nork bota ote? Usoari galde dakioke, “noren berunaz egin dek txoke?”
|
X
Bizkarreratu, etsita, arma, badoaz postuan utziz aztarna. Dakusat hamaika botila huts, kartutxo, plastiko, azal, errauts errepasoan… Gaitzerdi ehiza gure basoan ez den luzatzen urte osoan!
|
XI
Herrira heldu eta etxera gosez joan baino lehen bazkaltzera. Nahiz usorik bota ez izanak barnean sortu dizkien dramak ezin ezkuta, zalapartaka eta oihuka, tabernan hasi, tabernan buka…
|
XII
Udazkeneko igande ero, horrelaxe dabiltza igandero… Naturari eraso hordia, tiropitxoiaren parodia… Ehiza, aukeran, kirola bada dioten eran, nork esango dit kirola zer dan?
|