Poesia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

GEREZI GORRIAK

Oskolean kiribildu naiz.
Askatasunetik babesteko premia nuen.
Elkarri esandako berbekin batera
gorde naiz neu ere
gutunazalen barruan,
kodifikatutako mezuetan,
presoaren gogoa bezala
isil gordean.
Oskolean kiribildu naiz.
Eta elkarri esandako berbak
gutunen hormetan geratu dira preso,
zaurien kanpalekuan.

 

Badiotsut
zirkuluetan ibili naizela oinez,
geroz eta zirkulu itxiagoetan
neure buruaren kontra egin eta
lurrera erori naizen arte.
Badiotsut
urratu ditudan pausoek ez daukatela
kartzelako patioaren neurritik
harago urruntzeko adorerik.
Badiotsut
kartzelara itzuli nahi izan dudala
behin baino gehiagotan,
hango ziegaren txikitasunera,
harresien gerizpera,
zementuan margotutako
arrakaletan ezkutatzera.
Oroiminetik babestu naiz
behar baino gehiagotan,
eta badiotsut
maiteago izan dudala
ziegako pareten artean
amestu nuen herria.
 
Zuk ikusi nauzu erortzen eta makurtzen,
behin eta berriz zirkuluaren puntu berean.
Zuk ikusi nauzu, narras,
barakuiluen labirintoetan barrena
etxera bueltatuko nauen maratilaren bila.
Zuk ikusi nauzu hormaren kontra,
txoriari kaiola zabaldu diotenean bezala.

 

Baina ez dago
labirintoan barrena gidatuko nauen
ez seinalerik ez itsu-makilarik.
Ez dago
labirintoan atseden hartzeko
ez kostalderik ez tabernarik.
Doi-doi dago
hari batentzako lain leku,
indarge nagoenetan
hortzekin eusteko itzulerako bideari,
zalantzarik gabe oratzeko zure eskuari.

 

Aitortu behar dizut
gaur goizera arte ez ditudala
kartzelara bidali zenizkidan
gutunak berriz irakurri.
Karpeta urdinean giltzapetu nituen,
hautsa biltzeko apropos atondutako apalean.
Eta gaur goizean gure oroitzak
eskuetan hartu ditudanean, ikaraz,
oskoletik oraindik, atzamar puntekin
arropa zintzilikatzen dugunean bezala,
ohartu naiz bustita jarraitzen zutela
funtzionarioak eman zizkidanean bezala.
Orriz orri denak destolestu eta
etxe aurreko gereziondoan zintzilikatuko ditut
eguzkiaren epeletan sikatu daitezen.

 

Ailegatu naiz kostaldera. Bazen garaia!
Agian laguntza apur bat beharko dut
itsasoari zelan begiratzen zaion ikasteko,
hain da zabala eta mugarik gabea...
Laguntza apur bat beharko dut
ikas dezadan ateei bultza egiten
inork zabaltzeko zain egon gabe.

 

Orain badakizu
leiho-ohola goizetan bezala
zabaldu dizkiedala azalak zure gutunei,
kresal giroan arnas har dezaten
bertan atxilo egon izan diren eleek.
Orain badakizu itzuli naizela.
Hementxe nago,
gure etxe aurrean,
arbolaren gerizpean,
sorterriaren magalean.
Gaurtik aurrera
gerezi gorriak
jango ditugu elkarrekin.

Mikel Etxaburu

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago