AINGERUAK
Nork deskubritu ote zituen aingeruak?
Materiatik harantzago bizitza aurkitu zuen
zientzilariak,
inguruan zeukanak asetzen ez zuen
bakarzaleak,
seigarren zentzumena garatu zuen
igarleak,
distantziak, lekutik mugitu gabe korritzen zituen
ameslariak,
existitzen den guztiaren esentziak sentitzen zituen
poetak,
denbora zeharkatzen ikasi zuen
filosofoak,
diren eta ez diren ahotsak entzuten zituen
adituak,
egokitu zitzaion espaziotik ihes egin nahi izan zuen
elbarriak,
edo, hil eta gero bizi nahi zuen
amak?
Ala,
aingeruak beraiek azaltzen zaizkigu
eta bide berrietara erakartzen
goxo, lasai, konforme, iluntzetan?