argazkia: Garazi Oihanguren |
Azazkalak margotuta
Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun,
ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi,
maitasun keinu bat besterik ez.
KIRMEN URIBE
Eta espero ez zuenean,
zahartzaroa heldu zitzaion.
Enboliak ahoz gora lotu du
ospitaleko ohe batera,
mugiezinik,
aurpegia deformatuta.
Ezpainak siku eta zabalik datza,
zunda sudurrean.
Arnasa hartuz eta botatzen
borrokatzen dihardu,
pafa-pafa.
Ahokada bakoitzak
azkena dirudi.
Gure amak ez dizkio gauza batzuk barkatzen
eta ez da etorri;
arreba bizitzari lotuegi dago
semetxoarekin.
"Zelan zaude?"
galdetzen dio aitak goxo,
umeei bezala.
Amamak eskua heldu dio,
laztandu.
Ez dakigu ulertzen duen.
"Gosaltzeko eman dizuete?",
aitak alaitsu.
"Baietz esateko
estutuidazu eskua."
Baina eskuak
laztantzen jarraitzen du,
laztantzen.
Herriko neskarik politena zen;
oraindik daramatza
azazkalak arrosaz margotuta.
Argi urdin dirdiratsu horiek, baina,
amatatu egin zaizkio,
marroitu.
"Itxi begiak
baietz esateko."
Eta begi bat itxi egin du:
erromerietan askok eskatzen zioten keinua,
bizitzaren adierazgarri
oraindik.
Amamaren eskuak
laztantzen jarraitzen du,
laztantzen.
Bueltan,
aita kotxez berba egiten hasi da.