ez zaitut ahaztu
Denbora pasatu da
baina denbora baino ez da pasatu.
Distantziaren hotzak ni kiskaltzen jarraitzen du.
Ez zaitut ahaztu.
Izan zen guztia, bada, eta izango da.
Alferrik gabiltza ukatzen,
behin hasitakoa, bukaera jarri arren ere,
ez da sekula bukatzen.
Ez zaitut ahaztu.
Neure buruari galdetzen diot oraindik
zergatik ez nituen begiak itxi
aurrean nuena ikusteko,
zergatik ez nintzen isildu
benetan esan behar nizuna esateko.
Ez zaitut ahaztu.
Zutaz oroitzen naizela esan nahi nizuke,
baina ezin nezake oroitu
inoiz ez dudana ahaztu.