GUARDASOL FAMILIA
Ni aterki baten azpian jaio nintzen. Eta ni bezala, baita nire bi anaiak ere. Familia handi guztiak sekretu baten gainean eraikiak direla esan zidan behin amak gure aterkiaren misterioa azaltzeko. Eta sinetsi egin nion. Berdin egin zuten gero Ikerrek eta Anderrek. Horregatik ikasi genuen denok Zelan familia beti aterki gorri handi baten azpian irteten zela kalera. Eskolan Ikerri, Anderri eta hiruroi “Guardasol” deitzen ziguten. Ni, adibidez, Ixa Guardasol nintzen, eta ez Ixa Zelan. Abizenak baino areago, kalean beti gainean eramaten genuen aterki gorriak definitzen zuelako gure sendia. Agian, izaera bera ere bai, nork daki.
Gure familiaren logika osoa eraikitzen zen aterki gorri handiaren inguruan. Logika hura nork asmatu zuen, aitak edo amak, ez genekien. Kontua da, zalantzarik ere ez genuela familia “handi” batek “aterki handi baten” azpian joan behar zuela beti. Halaxe esan zigun txikitatik amak.
Ohituta geunden, beraz, gure aterki gorri handiaren azpian bakoitzak gure lekua gordetzera. Kalera irten behar genuenean, lehenengo prestatzen zenak aterkia hartzen zuen, korrika eskailerak jaitsi eta ataritik irten bezain pronto zabaltzen zuen, beste guztioi itxaroten zigun bitartean. Arrapaladan sartzen ginen, txintik ere esan gabe. “Denok ondo?”, galdetzen zuen orduan aitak, eta erantzunik espero ez zuen galdera haren ostean, abiatu egiten ginen. Denok martxa berdinean, ikasia geneukan bezala.
Hasieran askori harrigarria gertatzen bazitzaion ere, pixkanaka jende guztia Guardasol familiaren presentziara ohitu zen. Izan ere, gu inolako arazorik gabe ibiltzen ginen edonon aterki eta guzti. Gutako norbaitek ezagunen bat agurtu behar bazuen, ezer esan beharrik gabe gelditu, eta interesatua aurrealdera pasatzen zen ezagunari kasu egitera, besteok gure gauzetaz hitz egiten genuen bitartean. Trenean edo autobusean sartzea ere ez zen arazo guretzat. Aitak edo nik, garaienak ginenez, aterkiari eusten genion, banaka banaka besteak eskailerak igo eta sartzen ziren bitartean. Barruan zirenean, aterkia itxi eta besteekin elkartzen ginen. Enkarguak egiteko modua ere ikasia genuen. Zentro komertzialera guardasolaren azpian sartzen ginen denok, ate automatikoek horretarako aukera ematen baitziguten. Denda txikiagoetan, gutako bat sartzen zen, besteok kanpoan, aterkipean itxaroten genuen bitartean. Eta beste zenbait lekutan, enkargu txikiak egiten genituenetan, leihora edo atera hurbiltzen zen dendaria Guardasol familia atenditzera. Adibidez, amak egunero erosten zuen tabakoa estanku zaharrean, eta Joxik ohitura hartuta zuen aterki gorria ikusi bezain pronto Camel paketea leihotik amari emateko. Txikitatik erakutsitako ohitura zen hura. Betitik zen horrela eta betirako zirudien usaiak. Betirako, katastrofea gertatu zen arte.
Aterki gorri handi zaharrak zulo bat zuela konturatu ginen egunean, mundua gainera erori zitzaion Guardasol familiari. Aterperik gabe geratu ginen, aita, ama, Iker, Ander eta bostok. Amak “aterkia urteetan aurrera zihoala” esan zuen, eta aitak “kontu handiegirik gabe” erabiltzen genuela. Batera edo bestera, aita eta ama Guardasol familiari handik aurrera zer gertatuko ote zitzaion beldur ziren. Josten eta konpontzen saiatu zen aita; eta amak desesperatuki bilatu zuen beste aterki gorri handi bat. Baina horrelakorik ez zuen aurkitu. Berdinik ez behintzat. Nola hautsi zen deskubritzea sartu zitzaion gero aitari buruan. Sarraski hura nork egin zuen jakin behar zuela nahita nahiez. Eta herri guztian gertatutakoaren lekukoak eskatzen zituzten afitxak itsatsi zituen paretaz pareta: “Guardasol familiaren guardasolaren zulatzailea bilatzen da. Norbaitek edozein arrasto baldin badu dei diezagula zenbaki honetara..”. Harekin ez zuen aterki gorriaren zuloa itxiko. Baina
bai berea, Guardasol familiako aitaren kontzientziarena.
Egunak eta asteak igaro ziren, eta hasieran gutako inor kalera irteteko gai izan ez zen arren, pixkanaka, bakoitza bere aldetik ateratzen hasi zen; behintzat, betebeharrak egitera. Etsita ateratzen ginen, eskailerak jaitsi eta aterkia bilatzen genuen begiekin gure buru gainean. Arraroa egiten zitzaigun estalperik gabe kalean egotea... burumakur ibiltzen ginen kaletik, arima erratuak bezala.
Bat batean, ama gelditu egin zen. Aterkia Ikerren eskuetatik hartu zuen bortizki, eta lurrera bota ondoren haren gainean saltoka hasi zen, txiki-txiki eginda utzi zuen arte. Lasaitu zenean, inoiz ahaztu ezingo dudan tonuan, lurrean arnasa hartzera eseri eta honela esan zigun: “Familia handi batek aterki handi bat behar du. Baina aterki handiak ez du ezertarako balio estaltzen duena familia handia ez bada. Gure familiak ez du handitik ezer, dagoeneko. Zulo bat nahikoa izan da gure familia zulatzeko”. Aitak eskua jarri zion sorbaldan. Beste guztiok ez genekien zer egin. Amari so zeuden Ander eta Iker, begiak gorrituta. Ni aterkiari begira geratu nintzen denbora luzez. Berpiztuko zela nuen itxaropena, posible izango zela aterkia sendatzea. Heritua zegoela soilik errepikatzen nion nire buruari. Mela-mela eginda geunden eta aitak etxera joateko agindu zigun. “Aterkirik gabe ezin gara joan”, esan nion. Aitak ez zidan erantzun. Guardasola eskuetan hartu, lurrean geratu ziren barila puskak bildu eta etxera itzuli ginen hiru anai-arrebok. Aita eta ama, hantxe geratu ziren.
Aterki gorri handi zaharra ez zen berriz etxetik irten. Gu bai, nola hala. Ikerrek aterkirik ez eta txubaskero gorri bat erosi zuen, pega-pega eginda erabiltzen zuena kalera irteten zen bakoitzean; berdin zen eguzkia edo euria egitea, aterki gorriarekin sendi osoak egiten zuen bezala jokatzea erabaki zuen orduan Ikerrek txubaskeroarekin. Txubaskero gorriko Ikerrek ordea, ez zion inori itxaroten eta ez zen inorekin inora joateko prest egoten. Amak, aterki gorriak zuloa egin zuenetik, Ander eskutik ibiltzen zuen, bixera gorri baten azpian ezkutatuta; ez aterki azpian babestuta. Aitak etxean geratu eta leihotik begiratzen zion eguraldiari, eguzkiari eta euriari, aterki gorri handi zaharra esku artean zerabilen bitartean.
Eta niri ordutik ezinezko zait kalera ateratzea ez bada behintzat burua zapi batekin, txapelarekin edo xira batekin estalita; ez badut burua Guardasol familiaren sekretu handiaren pisuarekin babestuta.