Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
zubizarreta_24.gif

 

MASOKISMOA 

Horrela izaten da, bai, gehinetan bai. Nire kasuan behintzat bai. Ni, bat gehiago besteen artean, halaxe, horixe izanda, besteentzat ere hala behar du, edo hala behar luke. Hala izatea nahi nuke behintzat. Ez baita lege onekoa niri bakarrik gertatzea. Ez niretzat behintzat. Beraz, ondo jakinda (edo hala sinetsita behintzat) guztioi gertatzen zaigula eta kezkatzen gaituela eta sabelean kilimak eta negargura eta hori dena sortarazten digula, neuk kontatuko dut, denoi mesede egiteko edo neure buruari bakarrik. Dena dela, eta komenigarri zaidalako bakarrik bada ere, denok lasaitzeko dela uste dut, sinistu, eta horregatik azalduko dut ondoren nola sendatzen naizen. Nahiz eta soilik usteetan ari naizen, hasieran esan dudan bezala, nire iritziz, eta egia delakoan nago, traketsago edo txukunago, denok nahi dugula bakarren batek idatziz jartzea.

Gauetan ilunpean gertatzen zaitzaigu (ez da erreza pertsona aukeratzea usteak egia bezala hartuta hasitakoan) gehienetan. Baina argi eza ez da derrigorrezkoa, berdin gerta liteke astelehen goizean lanerakoan, larunbat mozkor baten ondoren edo ile-apaindegian ispiluari begira. Baina sarrien edo, gaueko ilunpean, lo ezin egineko horietan gertatu izan zait-zaigu. Gehiegikerien ostean ere, drogak edo sexua agian, edo normal-normal telebistari so gertatzea ere ez zait-zaigu harritzekoa. Antzeko edozein trantzetan, edo besterik gabe, inork zergatik jakin gabe, burura etortzen zait-zaigu, ezkutuko arrasto ahazturen batetik, galdera gordin bezain zentzugabe horietako bat. Bakoitzari berea, horrela delakoan nago, bakoitzak bereak baititu buruko aztarna eta orbanak. Batzuei zergatik, besteei nola, besteei nondik, agian bakarren bati nora. Niri neuri, gehienetan gauean, esan dut, ilunpean eta etortzen zait. Gero zer? Hori izaten da nire kasuan eta pentsatu nahi dut, ia ziur nago, beste bakarren batena ere baietz, ez bainaiz berezia, inondik inora. Gero zer? Lehen trumoi horretatik lehertzen da dena, sekulako enbata. Zartada hori ere bakoitzari berea sortuko zaio, batzuei enbata, besteei lurrikara, su mendi erupzioak edo leherketa atomiko gisakoren bat ere bai agian. Gero zer? Barrenean dena dardarka hasten da, hori denoi ziurrenik, ziur. Gero zer? Begiak itxi, nik hala egin ohi dut, agian besteren batek bariante originalagoren bat ere izan dezake, eta gero zer eta zein txikia eta deusa naizen-garen hiri, mundu, unibertso puta honetan eta antzekoak hasten zaizkit-zaizkigu. Hau izaten da via crucisa, nahiz eta bakoitzak bere gurutze eta arantzak izango dituen bidean. Kilimak hasiak izaten dira momentu honetan, baina oraindik ia ohartezin, oraindik ez dira mingarri. Gero zer? Tormentuak jarraitzen du zentzurik gabea ulertzeko ahalegin aldrebesean eta horrek, are eta txikiago, ezdeusago egiten nau gaitu. Gerturatzen naiz-gara azken unera, ezerezera. Ezer ez denean, niretzat, zuretzat, guretzat ezer ez denean, dena huts dagoenean, jada izandakoa gogoratu ere ezin ahal dugunean (edo agian bai) jada minik, penarik, nahigaberik sentitu ezin dugunean (ona dirudien arren) ea zer izango den deus ez izate adierazi ezinezko horri jiraka hasten naizgara. Gero zer? Eta perfekzio hutsezko izate horretan ezer ez izatearen ezintasuna (baldin baliteke halakorik?) bururatu ere ezinak ezindu egiten nau-gaitu. Eta kilimak sabela jipoitzen didate-digute. Gero negargura. Eta birrindu.
zubizarreta_24_1.gif

Ez da txantxetakoa, ez horixe. Duela urte batzuk jabetu nintzen horretaz, jipoi hauek ia eguneroko bihurtu zitzaizkidanean. Agian ez da izango zure kasua, zorionekoa zu, baina behin eta berriz errepikatzen hasten denean zera hori, orduan, orduan izaten dira kontuak. Zerbait egin behar nuela, nahiz eta zer ez jakin, eta hura ez zela bizitzea eta neure buruaz beste egiteko koldarregia izaki, arazoa konpontzeko bideari ekin nion. Baldar xamar ekin ere orain ikusita.

Psikologo eta pilulekin izan zen lehen saiakera. Garestia bezain hutsala suertatu zitzaidan bide hau. Orain lotsatu ere egiten naiz egin ditudanak gogoratuz, baina benetako mamia aurkitu nuen arte hamaika saio egin nituen. Igandero mezetara joan nintzen bolada batez, dieta begetariano bati ere ekin nion eta idazle eskolan ere izena eman nuen. Barregarria zait orain, zuei ere bai ezta?, arazoaren gakotik zein oker nenbilen ikustea. Baldar xamar, esan dizuet. Fedea, porrupatatak edo irakatsi ezin dena ikasi nahiak zer mesede egingo zidan ba? Ez nekien ordea orain dakidana. Azkenean, eta beste bide batzuk jorratu ondoren, ez naiz gauza denak aipatzeko eta ez dut nahi gainera, dena ulertu nuen. Sentitzea zen irtenbidea, ahalik eta gogor eta basatien sentitzea, erabateko bizipen hauen bidez geroko ezaren kezka ase eta osoki gainditzeko. Masokismoa. Ez pentsa hitz hutsak direnik, erabat frogatu dut teoria hau, urteetan neure buruari ezarritako terapia desberdinen bidez. Ketamina, larruzko zartailudun konpainia garesti, anorexia eta kirola eginez (Behobia-Donostia hiru aldiz) frogatu dut nire teoria. Hori izan da aukeratutako bidea, gutxika bada ere, sufrikarioz, irtenbidea, nolabaiteko lasaitua aurkitzeko ahaleginean. Bidean galdu ditut familia, lana, osasuna, ondasunak eta milaka neurona. Orain ordea, terapia xume bezain ona ezagutzen dut, beranduegi agian, ez hain eraginkorra agian, baina lagungarri izan daitekeelakoan nago besteontzat ere. Bidean egindako oker guztiak nabari gelditu ondoren, esan dizuet baldarra izan naizela oso, birritan ere, nire errezeta emango dizuet.
zubizarreta_25.gif

Bakardadea bilatzen dut, lehenik eta behin. Aukerak ugariak diren arren komunera joan ohi naiz, bakarrik egotearren, krisketaz atea ondo ixteko (ez da jendaurrerako moduko terapia) eta marmol hotzaren sentsazioagatik ere bai, ezin ukatu. Arnasketa sakon batzuk aurrena, bihotzaren taupadak entzun  arte barneratzen dut gogoa eta neure buruaren kontra hasten naiz. Uzkurtzen naiz eta postura fetalean jarririk indar egiten dut, barneko organo guztiak estutuz, azaleko zimur denak zartatu nahian, eskuak estututa, begiak erdi itxita, neure barrutik dena lehertuz bezala, zorna guztiak poroetatik atera nahian. Agonia une hau minutu pare batez edo luzatzen saiatzen naiz, kontzentraturik, barreneko min orroak uzten didaten neurrian. Sufrikario honetan gozatuz, gero minik izango ez delako irrika itzaltzen dut. Amaitutakoan, hori bai, bonbari tira egiten diot.
 
 
 
Joseba Zubizarreta Urbizu

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago