Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
zaldua_26.gif  
 
SERAPIO MIRANDA

Gosaria prest zuen, kafe usaia etxeko horma guztietan irristatzen zen, eta bere sudurzuloetara erori zen. Orduak baino, gogoak baino, horrek jarri zuen Martin sukaldera bidean. Beti egin ohi zuen bezala, eguraldiaren berri izan nahi zuen eta horretarako ez zegoen leihoa zabaltzea baino gauza hoberik. Iluna zegoen dena, behe-laino sakona eta hotza, oso hotza zegoen kalean. Neguan aspaldi sartuta izanagatik, artean ez zen moldatzen egoera horretara, eta kafearen berotasuna zen, hotza kentzen ziona, kafeak esnatzen zuen eta jaiki ere kafeak jaikitzen zuen.

Irratiak eman zion abixua, «goizeko zazpi eta erdiak dira…». Mugitu beharra zuen, etxetik hamar kilometrora baitzuen lantegia, mekanikaria zen Martin eta ez zuen lanera berandu iristea atsegin, nahiz eta inork ez zion horregatik kargurik eskatuko.

Autoan sartzearekin batera, euri tanta bat sumatu zuen kristalean jolasten. Laster, bi, hiru… euri motel bat hasi zen bere autoan erortzen, irratia piztu zuen, ez baitzuen atsegin goizeko isiltasunean euri tantak entzutea.

Zortzi aldiz kanpai hotsa entzuterako Maria Luisak utzitako Seat zaharra aztertzen ari zen, olioak ihes egiten omen zion. Erraz konponduko zuen Martinek hori eta Maria Luisa arratsaldean pasako zen Seat zaharraren barruan etxera itzultzeko asmoz.

Lukas herriko postarietako bat zen, Martin bizi zen etxeko kalea zegokion eta egunero ordu bertsuan iristen zen atarira. Hala ere, beti erlojuarekin lehian ibili ohi zen, ez berandu ibiltzen zelako, lanean ez aspertzeko joko baten moduko bat zen beretzat, batzuetan muturreraino eramaten zuena. Agian horregatik, «bestelakoa» esaten zuen ezagutzen ez zuen jendeak hartaz hitz egin behar zuenean, izan ere, joko bitxi horretan errekor berri bat ipintzera zihoanean, edonork solasalditxo bat hasten bazuen, Lukasek «berandu nabil» edo «barkatu baina urgente asko ditut gaur banatzeko» bezalakoekin mozten zuen. Batzuetan errepidea zeharkatzen zuen, solasaldiak ez harrapatzeko. Bestelakoa zen Lukas, bestelakoa joko hura ezagutzen ez zutenentzat. Martinentzat ere, bestelakoa zen Lukas.

Gaur jokoa galtzeko bidean zen, goizeko hamarrak eta bost minutu adierazten zuen Martinen etxe alboko Farmaziako ordulariak. Orduari begira zegoela, ordulariak keinu egin zion Lukasi, 6’, «gaizki habil ! Zortzi minutuko aldea atera zidak gaur denborak! Ez seikoa!».

 zaldua_27.gif


Bitartean, Arezagatik 450 kilometrora, Monpar udalerriko Serapio Miranda kalean, Susana. Urduri zegoen, telefonoak ez baitzion atzoko egun guztian berak nahi zuen deia eman, eta gaur ere ez zirudien hainbeste espero zuen dei hori emateko seinalerik egingo zuenik, dagoeneko 3 tila edan zituen bete-beteak irratiak «Son las doce del mediodía» gogorarazi zionean. Telebista ere orruka ari zitzaion «El rencuentro fue feliz…» goizeroko saio aspergarri horietako bat zuen jarria, normalen arretaz entzuten zuena, etxea goitik behera garbitzen zuen bitartean. Zarata gogorra ateratzen zuen bizilagunaren aspiragailuak, tresna guztiak hari ziren hizketan, baina telefonoa ez, telefonoa isilik zegoen. Martin etxera zetorren jadanik, Seat Zaharra ia konpondu zuen, jadanik ez zen olio arrastorik ageri, atzean uzten zuen bidean, baina, artean, lau tontakeria falta ziren.

Etxera bidean pasonibelaren aurrean geratu zen, hau zen Martinek denborarekin zuen jokoa, «nor iritsiko da lehenago ni edo Irun-A Coruña expresoa». Gaur trena izan zen lehena, eta horregatik, bakarrik, bazekien ordu bata eta laurdenak paseak zirela.

Lukas jadanik bazkaltzen ari zen etxean, Maria Luisa emazteak babarrunak jarri zituen eta, Maria Luisak berak mahaia jartzerako, berak egina zuen lan hori, babarrunak ongi etortzen baitira egun hotz eta euritsuetan.

Susana etsita zegoen, beste egun bat, telefonoak oraindik ez zuen hitz egin nahi, urduri zegoen eta telefonoa berarekin eraman nahi izango zuen gaur, sakelekoa ez zitzaion horrenbesteko tontakeria iruditzen gaur. Etxeko ordulari berriak bi kolpe emateko ez zen asko falta eta Manolirena joan beharra zuen, janaria prestatzeko. Manoli bere alaba zen, Bijol herrian bizi zen Monparretik bi kilometrora. Bidea oinez egin ohi zuen, gaur bezalako egun eguzkitsuetan, baina gaur autoz joango zen, ahalik eta denbora gehien telefonoaren ondoan egoteko.

Telebistako albisteek ordu biak paseak zirela erakusten zutenean ireki zuen Martinek Lukasek zintzo (baina berandu) bota zuen karta marroiska. Denbora geratu zen. Bi aldiz irakurri bazuen ere, ez zuen ezer ulertzen, odola gorputzean haruntz-honuntz zuen, ez zion pentsatzen uzten, dardarka zegoen azkenean sukaldera zuzendu zenean.

Susana bere alabaren etxean zegoen jadanik, eta etxean telefonoak jo zion, hitz egin nahi zion, baina Susana ez zegoen etxean. Entsalada bat prestatzen ari zitzaion Manoliri, bazekien ez zitzaiola gustatuko, lanetik etorri eta hori jan beharra, baina Susanak ez zuen lanerako gogorik.

Lukasek plazako kanpaiek bostak zirela entzutearekin batera utzi zuen karroa postetxean. Azkenean, ohi baino 10 minutu beranduago bukatu zuen, arratsaldean bizkorrago ibili zen, euria joan egin baitzen eta eguzki izpi batzuei sartzen utzi baitzien.

Etxean Maria Luisa ez zegoen umorez, Seat zaharrak garajean lo egin beharko zuen berriro, «Martin madarikatua, bihar goizeko zortzietan autoa behar nuen! Eta ez dit bukatu, tontakeria bat da, arratsalderako hemen izango duzu, kaka zaharra!!».

Martin motel ibili zen arratsalde guztian, trakets, burua ez zuen aurrean zituen gurpil, motor, edo galgetako likidoetan, burua karta marroiska batean zuen eta oso urduri zegoen, «zergatik ez ote dit telefonoa hartu? Damutu egingo al zen?».

Susana etxera zihoan; urduri, dardarka, telefonoan pentsatzen, telefono hotsarekin obsesionaturik. Etxera iristerako trenak klaxona jo zuen hiru bider, indartsu. Susanak susto latza hartu zuen, telefono zarataren barruan murgilduta baitzegoen. Irun-A Coruña expresoa zen, Susana begira geratu zitzaion, nola ume batek begiratzen dion pailazo saio bati telebistaren aurrean.

Lukas buruko mina izaten hasia zen, izan ere, Maria Luisa ez zen isiltzen, oihuka hasten zen Seat zaharra etxe aurrean ez zegoela gogoratzen zuen bakoitzean. «Eskutitz bat iritsi zaiola, arreba bat daukala,eta kaka, niri bost!! Ez zenion ba zuk emango eskutitz madarikatua ez, Lukas!!».

Susana etxera iritsi zenean argi gorri bat ikusi zuen telefonoan. Ia-ia, bihotza gelditu zitzaion. Martin Arezagako Errandone kaleko 2. portaleko, 3. pisuko, B ateko salan zegoen, eskutitza irakurriz, eta bertan zegoen telefono zenbakiari so. Kartazala mahai gainean zen, Monpas, Serapio Miranda 8 erremitean, Arezaga Errandone 2 aurrekaldean.

Sakelekoa hartu zuen berriro Martinek, hatza zenbakietan zuen, baina ez zen ausartzen. «Zer esango diot? Kaixo, Susana? Kaixo, arreba? Edo, Martin naiz, zure anaia?». Nahastuta zegoen bat-batean, arreba bat jaio zitzaion, 48 urtekoa.

Afaria prest zegoen, oilaskoaren usaia etxeko horma guztietan irristatzen zen, eta bere sudurzuloetara erori zen. Baina horrek ere ez zuen altxatzen. Sakelekoari begira zegoen, iluna zegoen dena eta kalean hotza zegoen, oso hotza, eta berriro euria hasi zen, irratiak «Iluntzeko bederatziak dira» esatearekin batera.
Susanaren etxean telefonoak jo zuen.

Iker Zaldua Zabalua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago