POSTARIA
Bezperako patata hondarrak arrapaladan eta gogo gabe irentsi, eta atearen zerrailari hiru buelta emanda atera zen etxetik Graeme. Gosariaren erre gustua ahoan zuela, haize hotza sentitu zuen aurpegian. Gogaituta zegoen patata erreak gosaltzeaz.Bete-betea zeraman larruzko fardela, posta ugari ba-natzeko. Ez zuen lana eguerdira arte bukatuko. Betiko legez, herriko banaketak egin zituen lehenengo, iparretik hasi eta hegora. Soro eta lur sailak gurutzatzen zituen bidea hartu zuen gero, herritik kanpo sakabanatuta zeuden nekazarien etxoletarako norabidean. Egunero eginagatik ere, atsegina zitzaion ibilbidea. Gogoko zituen bidearen aldamenetako harrizko hormatxoak; sugandila eta landare igokarien gotorlekuak.
Bidean aurrera egin ahala, larruzko poltsaren pisua eskumako sorbaldan hondoratzen sumatzen zuen. Egunetik egunera pisutsuagoa zitzaion poltsa. Sarritan, lanaldiaren amaierarako gogortuta geratzen zitzaizkion besoak eta bizkarraldea.
Samueltarren etxea zen lehenengoa. Goiz joanda ere, lanean aurkitzen zituen beti. Langile finak ziren, izan ere, Samueltarrak. Gainera, bikiak jaio zirenetik, sei ziren etxean, eta ez zen erraza lur sail eskas hartatik guztiak elikatu eta Lord Erneri arrandak ordaintzeko adina ateratzea. Samuel jauna gizon serio eta isila zen, eta egunonak ematera mugatzen zen. Haren emazte Fionnak, aldiz, geratuezineko hitz jarioa zeukan eta inguruko kontu guztien berri ematen zion. Aspaldian Ligaren inguruko kontuak esaten zizkion batez ere. Aitzinegunean Mclaughlan jaunak, Boykott jaunaren
Giro ezberdina nabari zuen aspaldian nekazarien artean. Enplegatuak, nazkatuta, bere lana utzi zuela kontatu zion. Ohiko kexu eta aieneekin jarraitu arren, erreboltaren arra hazten zihoan. Duela zortzi hilabete Liga sortu zenetik, elkartasun sareak indartu zituzten, eta egoera jasanezin harekin akabatzeko prest ageri ziren. Miserian bizi ziren oraindik, baina ez honezkero makurkerian. Ez zioten
beldurrik Boykott jaunari, Lord Erneren administratzaile gupidagabeari, eta Ligak harekiko salerosketa eta harreman guztiak eteteko agindua eman zienean, salbuespen batzuk kenduta, hala egin zuten. Errentak ordaintzeari ere utzi zioten. Horrez gain, herriko langile eta artisauen laguntza ere bazuten. Holmes dendariak, esaterako, Boykott jaunaren produktuak saltzeari uko egin zion, eskaintzen zizkion lukurrero baldintzez eta haren handiusteekin ernegatuta.
O’Connors errementariak ere ez zituen jada administradorearen zaldiak ferratzen; ziotenez, pikutara bidali zuen Pub-ean, guztien aurrean.
Graemek Boykott jaunaren gutunak (mehatxuak, jakina) eramaten zizkien askotan nekazariei. Horixe zeukan postari izateak, askotan berri txarrak helarazi beharra. Laborari batzuek errezeloz begiratzen zuten, nahiz eta gehienek ulertzen zuten bera mezularia baino ez zela. Urteetan beldurrez itxaron zituzten nekazariek Lord-aren ordezkariaren kartak. Orain, ostera, axolagabekeriaz apurtu ohi zituzten, batzuetan begiratu ere egin gabe.
Konturatu orduko, Heller agurearenera iritsia zen. Han zegoen Max txakurra, beti bezala zaunka, alai eta buztana mugituz bere aldamenean brinkoka. Inork ere ez zion hain harrera onik egiten. Burua emeki laztandu zion. Gogor jo zuen atea. Heller jauna gortuta zegoen eta ostikoz jo behar izaten zuen atea entzun zezan. Lehenengoan entzun oraingoan.
- Egun on Heller jauna, hemen bi gutun zuretzat.
- Eskerrik asko seme. Enteratu al haiz? Atzo administratzailearen oiloak akabatu zizkik baten batek.
- Ez dut ezer entzun, baina Samueltarrenean bakarrik egon naiz oraindik.
- Ondo merezia zeukak zerri halakoak. Makina bat estualdi pasarazi zizkiguk. Erre bedi infernuan nigatik.
Domeketako abadearen sermoiek ere ez zuten lortzen giroa baretzerik. Abadeak istiluak ekiditu nahian hainbat saiakera egin bazituen ere, guztiek zekiten Lord Erneren interesak nekazarien beharren gainetik jartzen zituela. Haserrea belar txarra bezala ernatu zen landa munduan; ez zegoen hura geldituko zuen abade edo apezpikurik. Mendekua gura zuten. Etxez etxe ekin zion bideari Graemek. Boykott jauna zuten guztiek hizpide.
Erreka ondoko bidea hartu zuen basoa gurutzatzeko. Isabellaren etxea zen basoaz bestaldeko lehenengoa. Pausoa arindu zuen irrikaz. Urrunetik erreparatu zuen Isabella, errekan arropa garbitzen ari zela. Graziaz eskegitzen zituen ikuzitakoak ondoko zuhaitzean. Ze ibilera lerdena! Haren ondora hurbiltzen zen heinean gorritzen zihoan, edo hala iruditu zitzaion. Burutik kendu ezinik zerabilen azkenaldian. Ikusten zuenean berarekin izandako ametsak burura etorri, eta lotsatu egiten zen igarri egingo ziolakoan.
- Egun on, Graeme.
- Egun on, bai.
- Guretzako ezer baduzu oraingoan?
- Dredlee jaunarentzako eskutitz bat besterik ez.
- Aukeran, nahiago etxean utziko bazenu, kargatu samar nabil eta. Aita kanpoan da, baina Niamh etxe bueltan dabil.
- Jakina, gero arte orduan.
Dredlee jauna, Isabellaren aita, Ligako ordezkarietako bat zen. Mayo konterriko herri bakoitzak ordezkari bat zeukan Ligan. Bera izan zen Boykott administratzailearen aurkako mugimenduaren aurkako sustatzaile nagusietakoa herrian. Gizon arteza eta eskuzabala zen.
Haserre zegoen Graeme bere buruarekin. Erdi mutu geratzen zen Isabella ikusten zuen bakoitzean, inozoa balitz bezala. Sikieran gaur ez zen astelehenean bezala totelka hasi.
Boykott jaunaren etxea zen hurrengoa. Gorroto zuen hara joatea. Izan ere, Lord Erneren ordezkariak ondo irabazia zeukan fama. Benetan zen higuingarria eta harroputza; jasanezina. Ia beti tokatzen zitzaion harenera bisita, ordea, bera baitzen posta gehien bidaltzen eta jasotzen zuena. Nekazarientzako gutunak (mehatxuak, jakina) ez zirenean, Lord Erneri erregularki bidaltzen zizkion informeak ziren, eta, bestela, Lordak berari bidaltzen zizkion agindu eta betebeharren zerrendak. Sekula ezagutu zuen gizonik zakarrena zen Charles Boykott. Nekazariengan zuen boterea plazent zitzaion eta krudelkeriaz erabiltzen zuen. Dena zen mehatxua, mespretxua eta hantustea. Barre egiten zien nekazariek kontatzen zizkioten nekezia eta zoritxarrei. Bere zerbitzari eta langileak ere arrandiaz tratatzen zituen. Jendea umiliatuz gozatzen zuen. Ok eragiteko modukoa benetan!
Buelta eman eta posta entregatu gabe joatea otu zitzaion orduan. Baina Boykott jauna zerbitzari gabe eta indarge ikustearen ideia ere tentagarria zen. Zer egin pentsatzen zuen bitartean, bide ondoko masustak batzeari ekin zion. Konterri osoko masusta ederrenak ziren bide hartako sasitzetan hazten zirenak. Poltsikorik ez eta larruzko poltsan jarri zituen masustak. Konturatu zenerako, administratzailearen eskutitzak fruituen tinta urdinaz beteta zeuden. Hark seinale bat behar zuen izan! Buelta eman, eta herrirako bidea hartu zuen.
Bere buruaz harro sentitu zen. Mayon azken urteetan gertaturiko errebolta garrantzitsuenaren partaide. Bazekien nagusia haserretuko zitzaiola, eta lana galtzearen aukerak beldur piskat eragiten bazion ere, ezinezkoa zen ororen gogoko suertatzea, eta, aukeran, nahiago zuen Isabella eta Dredlee jaunaren gustuko izatea, nagusi erretxina kontentu edukitzea baino.
Etxera iritsi zenean, plazerrez fardela lepotik kendu eta sutara bota zituen Boykott jaunaren eskutitzak. Patatak erreko zituen afaritarako. Atsegin zituen patata erreak.
Araitz Garaita Arzak