ENE OROITZAPEN MINENA
Ilea solte agertzen zait bera, ene oroitzapen minenean, zitara azaldu zen bezalaxe, egunero, eskolarako egiten zuen txirikorda lodia kenduta. Bakerodun printzesa hark baleki zenbat eskola ordu aspertuk amestu zuten ile haren askatasuna! Agur keinua egiteko besoa jaso zuenean, ikus ahal nuen non amaitzen zitzaion: ukalondoaren azpitik, ipurdi aldera eskaileran ahitzen zitzaion mataza jolastia. Ni, anaiari kendutako alkandoraz, handiegia aukeran, urdina, gustukoen nituen panazko galtzekin ados, beroegiak ziur udako gau sargori hartarako. Ez dut ahantziko bere gaztetasun samur hura, hortz zuri, masailetan loratutako azal gordin, seguru usteko kaixo lotsati hura. Garden gogoratzen ditut ene lehendabiziko zita haren bizipenak, ene oroitzapen nahienak eta minenak kristalezko ur aratzetan dabiltza, noiz aterako zain. Ene ahotsaren dardara, hartu nuen garagardoaren zapore mingotsa, ordaintzeko izan nuen era baldarra, herriko festak furi-furian, barraketarako egin nion gonbite zorigaiztokoa. Ene oroitzapenetarik minenaren putzuan daude.
Tabernetako burrunbatik atrakzioetarako burrunbara, elkarrizketa goxoa. Karamelatutako sagarra, helduegia, ezpainak gorri desiragarriagoak. Hortz tarteko azaltxoa kentzeko pasa zituen lotsak. Sorginak Edurne-Zurirentzako jarri zuen sagar pozoindua. Autotxoketako barre hasieran behartuak, tiro-pitxonean aukeratu zuen pelutxe kurtsia, eskuetara jositako bihotza zuena. Halaxe helduko nioke neuk ere, askaezinezko besarkadan. Oroitzapenok igeri dabiltza, eskura, atzo betetakoa
dirudien ene uharkan.
Gorantz begiratu eta zalantzak uxatzea lortu zuen, noriarako eskaintza egin nionean. Ez omen zen tramankulu haien zale. Nork uste, gurpil hark ene oroitzapenetarik nahiena garraztuko zuela. Eskua luzatu nion kabina kulunkaritik, igotzeko laguntza beharrik ez zuela ondo banekien ere, eta hala hartu zidan berak eskua estu, bakarrik igo zitekeela ondo jakinda ere. Barregarri sentitu ginen apur batean, bata bestearen aurrean umeentzako kolunpio itxura zuen kabina hartan kulunkan. Ijitoak katea jartzeko esan zigun eta oraindik eta haurrago sentitu ginen heldu bezala lehendabizikoz irten ginen gau hartan. «Noria Sanz, la más rápida». Bonbilla gorri eta horiek noriaren zirkunferentzia marrazten zuten gauean. Pixkanaka gorantz egin genuen geldiuneak eginez, jendea sartzeko. Goian ikusmira ederra, frontoia, autotxokeak, jendea barra-barra, eta haietaz hasi ginen marmarrean, seguru aldamenean genuen gau epel hartako zeru izartsuari jaramonikegin gabe. Zeru hura ez dabil ene uhakan, hondoratu egingo zen agian. Geometriazko kaiola zen hura, burdinazko barrek inguratua, harrapatu nahi gintuzten arren, saiakera hutsean gelditzen ziren zutoin zuriak. Han goian aske sentitu nintzen ordea, ezjakin, ene oroitzapen nahienaren bukaeran nengoela susmatu gabe. Noria biraka hasi zen, makal lehendabizi. Beherakoan, kateari helduta, hatz koskorrak zuri zituen. Atzerantz zihoan bera, eta noria bizkortu zenean oihu egin zuen, haizeak aurpegira ekartzen zizkion ileak kentzen ausartu gabe. Eskua luzatu nion orduan, jentil, eta azkar eutsi zidan barre urduri zoragarri harekin. Beste eskuaz ileari eutsi zion, keinua zertxobait lasaituz. Bat-batean noria gelditu zen, ustekabean, bi eskuak eman eta gure belaunek bat egin zuten. Orduan jakin nuen, ez ginela noria hartatik jaitsiko musu eman gabe, gure aho birjinak urratu gabe, zein oker nengoen inuzente, jakin gabe.
Aurrerantz hasi zen orduan gurpila, atzerantz enetzat, eta bizkarreko haize hark beragana bultzatzen ninduen, bira bakoitzean gertuago. Nola jakin orduan, bira haietako bakoitza ozpin tanta bat bezala zela, ene ur ontzian, ene oroitzapen nahiena oroitzapen mingots bihurtuko zuena, ene oroitzapenik minena.
Hasierako emozioa gaindituta eskuak askatu eta gorantz jarri genituen, kilika gehiago nabari nahian. Pelutxe urdina belaunen artean jarri zuen, ilea aske, etorri zenean bezain aske. Suzko zutabea zirudien haizeak eraginda. Beherakoan guztiz tente jartzen zitzaion. Gibeleko haizearen zelatan ni, ene koldarkeriari noiz azkeneko bultzakoa emango. Bere hortzei, ahoari, ezpainei so nengoen ni, bere ilea gora eta behera jolasean zebilen bitartean. Orain, garden dakusadan gertaerak ez nituen orduan irakurtzen asmatu. Bere ezpaineiso nengoen ni.
Supituki, eskuak katean jarri zituen berriro, keinua serio. Beragana hurbildu eta sorbaldetatik heldu nion, unea zelakoan. Burdinazko barren tartean ausartegi jolasean zebiltzan ileei eutsi nahi izan zien baina berandu izan zen.Tente jarri zen.
Ene oroitzapen minena noria hark marraztu zuen, bere argiek airean zirkuluak marrazten zituzten bezala, musurantz hurbiltzen gintuen une hura ezabatuz. Askotan oroitzen naiz beretaz, nitaz, eta izango zitekeenaz, tramankulu hura tartean izan ez balitz. Noria gelditu zuten berehala. Dena gorri ikusten nuen nik, sorgin gaiztoak pozoindutako sagar zatiak alde guztietan zabaldu ziren, bere ile, pelutxe eta magalean, enean ere. Ez zion kanpora oka egiteko denborarik eman. Itxura garden baina zapore mina du ene lehengo musuaren oroitzapenaren urak.