Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
zuloaga_16.gif
 SAN MARTIN EGUNA
Dame un purito», eskatu dio Manuelek tabernariari. Bazkalostean lanera joan aurretik kafea hartzen du plazako tabernan eta egunkaria irrakuriz erretzen du. Ingurukoak begira ditu purokina noiz botako, lurrean itzali aurretik azken muturra erretzeko. Manuelek ez ikusia egiten du, errukia die, gerran noren alde borroka egin asmatu ez zutelako. Otartekoa eskuan, badoa lantegira, bere garitan eseriko da eta irratia entzunez pasako du arratsaldea. Don Joseri, nagusiari, enkarguren bat egingo dio propinatxo baten truke, horri esker, ez da oliorik eta ogi zuririk falta etxean. Zazpietan lanetik atera eta etxera abiatuko da.

- Gaur duk eguna, Carlos —esan dio Pedrok semeari.

- Bai, ederki gizenduta daude. Bolada baterako izango dugu zer jan

-Etor hadi seiak aldera, hobe diagu garaiz ibili. Pedrok arratsaldea baserrian eman du labanak zorrozten, gakoak, baldeak eta gainerako tresnak txerribodarako prestatzen. Aita-semeak elkartu eta zazpietarako Manuelen etxerako bidera joan dira garaiko egun laburren iluna lagun.

-Manuelek begiak zabaldu ditu, hankaz gora dago sabaitik zintzilik. Batera eta bestera mugitzen da askatu nahian, eskuak atzean lotuta ditu eta bere garrasiak ahoan duen trapuak itotzen ditu. Etxola Zahar baserriko bazter ilun hartatik ez dute ihesbiderik laguntza eskatzeko jaurti nahi dituen oihu etsiek.

Eskuak odoletan dauzkate Pedrok eta Carlosek. Zerriaren barrenak hustutzen ari dira. Bero dago oraindik zinkezko baldean odola, bere usainez bete du dena. Arropak, mahaiak, labanak eta baita lurrezko zolu marroiak ere zipriztinak dituzte nonahi. Heste eta barrenei lurrin epel heze eta sarkorra darie. Hamabost urteko gazteak errai horiska odolduetatik begiak jaso eta Manuel ikusi du —esnatu da, aita—. Aitak ez dio erantzun. Mutikoa begira gelditu da. Bonbila lausoaren argitan, kateak ubeldutako orkatilak, odol xirripa gorri ilunek are zuriagoa egiten duten haragi biluzi guriaren dantza zoroa; eta lurretik hurbil, odolaren presio eramangaitzak hanpatutako lepoalde eta burua. Lurrean, itzala joanetorrian, ihesi joan nahian bezala, behin eta berriz urruntzen da, baita itzuli ere, bera ere kondenatuta bailegoen. Baina, itzala nekatzen ari da, gero eta gutxiago mugitzen da, amore eman du. Carlosek bere lanari ekin dio berriz. Isilik ari dira, bakoitza berean. Pedrok, laban luzeska esku batean eta zorroztarria bestean, hots erritmiko hotzez urratu du isiltasuna. Gazteak gorputzeko biloa lazten sentitu du, iritsi da unea, hortzak estutu eta baldea hartuta, aitarekin, dagoeneko bere itzala mugitzeko gauza ez den haragi-zati desitxuratuari hurbildu zaio. Zintzurra ebaki dio aitak, odol usain gozoa mendeku usain garratzarekin nahastu da. Odolak, bere bidean, aurpegiko gorabehera eta zimurrak marrazten eta betetzen dizkio; azkenik, baldearen hondora amiltzen da lodi, eta han, lehenago bildutakoaren kondarrekin nahasten da ilun, soinu xume eta soila eginez.

Arnas estuka dator Juanita Etxola Zahar baserrira. Zurezko atea aurrean gelditu eta bi kolpe eman dizkio indarrez. —Hemen dira! Harrizurietako gainean ikusi dituzte!— oihu egin eta etorritako bidetik joan da presaka. Barruan, Maria, sasoiko emakumea, etxeko lanak egiten ari da. Bazekien une hau iritsiko zela, baina ez du horregatik berria lasai hartu. Izan ere, herrira aspaldi iritsi zen soldaduek beren bidean egindako sarraski ankerren oihartzuna.

- Carlos! —Kanpoan jolasean ari den seme txikiari dei egin dio. Semeak etorri denean
- Zer esan du Juanitak, ama?
- Ezer ez, haurra. Joan aitarengana eta esan hemen direla.
- Hemen direla zeintzuk? —Carlosek
- Inor ez, ttikia —esanez malkoek ihes egin diote eta seme-txoa bularraren kontra estutu du. Haurrak ere, zergatik jakin gabe, negar egin du.
- Zergatik ari zara negarrez, ama?
- Hoa azkar! —esan dio zakar Mariak malkoak xukatuz. Aita larrean da Joxemarikin, belarretara joanak dira. Ondo zekien Mariak, horrelakorik gertatuz gero egin behar zuena, makina bat aldiz hitz egina zeukan senarrarekin. Seme zaharrenak, Joxemarik, hamabi urteko gizontxoak, amari lagunduko dio baserrian azken momentukoak prestatzen. Belaunaldiz belaunaldi familian izan diren urrezko txanponak eta balorezko ondasun urriak harrizko pareteko harri askeren baten azpian gordetzen eta susmorik sor dezakeen edozein paper edo liburu ukuiluko txokoren batean lurperatzen. Bitartean, Pedro Carlosekin senideen baserrira abiatu da. Senarrak zaharra eta herrena izaki, denbora behar du eremu malkartsuan gora eta behera ibiltzeko. Geroago, ama-semeak bide bera egitekotan dira.

Mendi kaskoan zain dago Manuel. Han urrutian tropa luzea datorrela ikusi du. Bertaratu direnean akordatutako hitzak esan eta eskua eman dio aurreratuta datorren tropatxoaren buruari. Bere lehengusu naparra ere taldetxoan dator. Ekar besarkatu dute, ederki hitz egiten du honek “castellanoz”, Manuel ere saitu da nola edo hala. Berehala etorri dira gainontzekoak. Orduan, sarjentua hurbildu zaio. Gai estrategikoak aipatu dizkio, baina Manuelek ez dio bere hizkera militarra ulertzen. Lehengusuaren laguntzaz, herrirako sarrera eta hainbat xehetasun azaldu dizkio. Herriko jendeari buruz ere galdetu diote. Horretarako, mediku ikasketak egiten ari zen gazte betaurrekodun bat eseri zaie ondoan, eta izen bakoitzaren alboan helbidea eta beste zenbait ohar hartzen aritu da.

Formazioa berregin eta aurrera, herrirantz abiatu dira gurdibidean barrena. Zelaiak eta basoak tartekatzen dira lur gorabeheratsuan. Talde nagusiaren aurretik patruila doa, dozena erdi soldaduk, kaboak, lehengusuak eta Manuelek osatzen dute.

Miguelek, berak bildutako zigarroa atera du alkandorako patrikatik, eta Manueli eskaini dio irribarrez. Hamazazpi urteko gazte segaila harro eta pozik doa, garaipena seguru dutela badaki. Don Serapio herriko apaizak esaten zien gorriak deabruak bidaliak zirela, eta bekatua eta desgrazia besterik ez zekartela. Eta nola behin ikusi zituen eliza bat erretzen eta konbentu bateko moja gaixoak egurtu eta bortxatzen. Eta Jainkoa alde zutela. Hau ez ahazteko «detente bala, Dios está conmigo» josia zeraman uniformean.

Muinoan gora zihoazen isilik, eguzkia punturik gorenean, kilkerrak entzuten zituzten belar artean beren pausoekin eta norberaren bihotz-kolpeekin nahastuta. Zelaietan belar horildua, lehortua dagoeneko metak osatzeko zain. Zuhaitzetan hostoak ez ziren mugitzen. Haizearentzat ere pisuegia zen bero sargori hura. Etzan, eta beste aldean zer ikusiko jarri ziren zelatan. Mauserrak prest, kargaturik, metala bero aurpegiaren kontra. «Maria gorria», esan du ahapeka Manuelek. Bukatzerako bi tiro hots entzun dira. Ondoren, isiltasuna. Ahozpez gelditu dira ama-semeak.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago