Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
ekaitz goienetxea    
Irudia: Kristina Fernandez    
 
EGUN ON
 
Ur hotzaren txorrota zabaldu dut eta konketa bete aurpegia bertan murgiltzeko. Bart gaueko garagardoek utzi didaten buruko mina hondoratzea da asmoa. Burua belarrietaraino sartuta, durundi metalikoa entzuten da. Itsasoan bezala. Urpekari betaurrekoak jantzi nituen lehenengo aldia txikitan izan zen, osabarekin. Berak denbora luzez iraun zezakeen arnasarik hartu gabe. Nik betaurreko haiekin burua urpera sartu nuenean, lehendabiziko sentsazioa bertigoa izan zen. Gerora, gustu hartu diot sentsazio horri. Urazalaren mailatik eskegita, flotatzen, askoz beherago dagoen hondoari begira hamaika aldiz handiagotzen duten betaurrekoekin, eta arnasaren soinua anplifikatzen duen tutuarekin. Birikak flotagailu bat bezala puztu, sakon, eta erlaxatu… Orain gogoratu dut zer amestu dudan gaur. Eta burua atera dut konketako ur hotzetik. Tarteka arnasa hartu behar; ahal bada, ito aurretik.

Egun on. Burua altxatzean, hori esan diot ispiluko aurpegi bustiari. Gaur, astelehena. Usteletan ustelena. Baina, tira. Nahiz eta buruko min apur bat izan, ondo egin duzu lo, sakon, eta oraindik aspirina pare bat geratzen zaizkizu ispilu atzeko armairuan. Utziozu ispiluarekin hitz egiteari. Sukaldera joan naiz. Katilua garbitu eta apur bat bete. Bertara bota dut aspirina erdia, burbuiletan desegin dena. Nire katilua. Umetan marraztu nuena. Txikitatik errepikatzen da ametsa. Esnatzean gogoratzen ditudan gutxi horien artean gehien errepikatzen dena. Sekula gehiago ez iratzartzeko gogoa ematen duten horietako bat. Bertan, grabitatea kontrolatzen dut.

“Ametsen interpretazio praktikoa” erosi nuen kaleko saltoki batean, hiru euroan. Baina, justu, ametsetan airean ibiltzeaz edo hegan egiteaz edo antzekoez, ezta esaldi bakar bat ere. Halere, amets bat fabrikatzeko azalpenak irakur daitezke: «1: Irudikatu bizpahiru bider, benetakoa balitz bezala, ahalik eta argien; zenbat eta xehetasun gehiagorekin, hobeto. 2: Ipin iezaiozu izen edo titulu bat, baina, adi! Kontua da emozionalki zerbait baikorra sortzea. 3: Loak hartu aurretik, errepikatu izena buruan (bide batez, utzi egingo diozu lo egin behar duzula pentsatzeari, insomnioaren aurkako erremediorik txarrenari). 4: Tatxan!... Amets goxoak izan ditzazula!». Liburuaren egileak hori idatzi aurretik sikoaktiboren bat hartuko zuen, seguru, lagun baten arabera.

Nire ametsa berez fabrikatu zen, hainbeste pausoren beharrik gabe. Erdi lotan kafegailua bete eta sua pizten duzunean bezala: konturatu gabe. Kafe egin berriaren lurrinean pausatuta burua, konturatu naiz gauza batzuk aldatzen joan direla urteotan, ametsean. Txikitan, airean ibil nintekeen. Agertokia obretako etxebizitza-hezurdura erraldoi bat zen, eta aldamio eta eskaileren azpiegituran bertigoa sentitzen zuten nire aldamenekoek. Metalezko egituraren zulotxoetatik behera lurra ikusten zen, urrun, eroriz gero zer pasatuko ote litzatekeen plantearazten duen distantzian. Ni lasai nengoen. Ez nuen aldamioen beharrik. Gorantz eta beherantz ematen nituen pausoak, saltoak, mugimendu leunak, aire bigunean, ezer solidorik zapaldu gabe. Ametsekoek galdetzen zuten, «baina nola egiten duzu?». Eta nik erantzuten nien, «horrela, ieup», eta aireratu. Gauza naturalagorik…

Etxe aurreko aldamioetan hasi dira langileak, egunero legez, baina serioago. Edo hala iruditu zait astelehen honetan, behintzat. Gaur ez diote aldarri lizunik egin behetik igaro den Kandelari, egunero handik pasatzen den andre kubatarrari, nahiz eta inoizko paparrik ageriena eraman. Ez daude gaur beharginak txantxetarako. Pasa den astean langile bat erori zen laugarren solairuko aldamiotik. Bart aipatu dute tabernan lagunek, errumaniarra, 23 urte, ez dago eskubiderik eta horrelakoak, eta mintzagaia aldatu dut, nork nahi du beste garagardo bat.

Gaur gauean, ametsean, ez naiz oinez ibili. Azkenaldian, airean mantendu baino ez naiz egiten, eta agertokia ere desberdina da, lehen baino lausotuagoa, gogorakaitzagoa. Hala ere, sentitzen den zirrara oso antzekoa da. Salto gorantz eta eskegita mantendu. Grabitateak tira dezala nahi beste, ni goian geratzen naiz, oso goian, nahierara. Aldamenekoak harrituta begiratzen nau behetik, eta nik gonbidatu egiten dut, saia zaitez, egin salto. Baina lurrera bueltatzen da.

Berandu helduko naiz lanera. Hortzak garbitu, giltzak hartu, etxekoak, autoarenak, tabakoa, eskuko telefonoa, agenda, ez dut ezer ahantzi? Espero dut ezetz. Kaka zaharra, auto ilara. Gaur garaiz heldu behar dut ba, bestela… Bestela ez dut ikusiko. Eta ikusi egin behar dut, fabrikatu nahi dudan ametsa errealizatzen ahalegintzeko. Edozein egunetan aldamio batetik erori eta betirako lokartu aurretik. Bertigoa ematen dit, horregatik ez naiz ausartu denbora luzez; luzeegiz. Baina gaur bai. Amets desiratuenaren bila joango naiz, esna.

Ondo, hementxe dago aparkatzeko leku bat. Esaidazu, atzerako ispilu, zelako ileak daramatzadan. Berdin dio, hor noa. Esan egingo diot. Egingo dugu elkarrekin? Salto. Hegaz. Amets. Itotzeko beldurrik gabe, erortzeko arrisku eta guzti. Hor dago. Begiratu egin dit. Egin zuk ere irribarre. Arnasa sakon hartu eta:

Egun on… 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago