Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
IPUIN LABURRAK 
 
1

Kolorezko lapitzak hartuz, mundu berri bat pintatzeari ekin zion: urrearen koloreaz jantzi zuen DIN A-4 tamainako orria; hori laua zen, ertzik gabea. Egunsentia izenburupean sinatu zuen.
Bihotzean zirauen itxaropenaren islada  baino ez zen.

2

Ilargi bete bi ikusi zituen adar artean. Sekulako aurkikuntza egin zuelakoan, haizearen alde banatara harrotu zuen bere poza.
Hontzaren begiak baino ez ziren, ordea.

3

Mailuak iltzea ehortzi zuen zerraldoan.

4

Beltza zen, lutuarena, Parker jaunaren negarra. Betidanik gorrotatu zuen idazlumak halako eskutitzak idatzi beharra.

5

Lapurtuko ote zioten beldur, gela ilun batean giltzatu zuen emaztearen irria.
Argirik ezean, ordea, zimeldu egin zitzaion lorea.

6

Bere bihotzak gauza guztien gainetik maite zuenaren eskutitza irakuri zuen. Bertan, ezetza baino ez zuen aurkitu.

Amorruak subajura bota zuen gutuna, nongo sugarretan erre zen.

Orduz geroztik, su-hautsez lanbrotuta dauka bihotza.
 

ipuinlaburrak1.gif

7

Bazekien hitz goxoen egarri zen edalontzi zela Venusen pareko emakume hura; gainera, kantua gustuko zuela.
Horrexegatik, kabia egin zuen ahoan eta karnaba bat jarri bertan.
Gaur egun, senar-emazteak dira.

8

Urrutira, iluntasunaren erdi-erdian, erdi irekita ikusi zuen ate bat. Haruntz korri egin zuen hiltzaileak.
Ilargia zen.

9

Adar artean trabatu zen oihu lazgarri baten oihartzuna, eta zuhaitza astindu.
Duela urtebete urkatu zuten bertan.

10

Elurrak estali zuen, hil-oihala bailitzan.
Udaberriak, ordea, berpiztu: alargunak negar-malkoz ureztatu zituen loreak.

11

Oroimenaren magalean sastraka baino ez zuen aurkitu!

12

Zerua urdinegia zela -esan zuten aho batez-; urdinegia, erreala izateko, sinesgaitza.
Horrexegatik, beren pelukak hartu eta gora bota zituzten indar guztiz.

Bapatean,   hodeiz jantzi zen ortzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 



13
Herri txiki bateko bazterrik ezkutuenean bazen borda zatar bat non agure batek hitzak lantzei zituen.

Goldeak ildaskatutako lurra zirudien aurpegiak; urjauzi izoztuaren antzeko zen bere bizar luzea; herdoilak jotako igitaia, berriz, sudurra; begiak, bi edalontzi lokaztuak; eta ahoa, iturri agorra.
Harrien gogortasuna zuten hitzak lantzen zituen, ertzak ahalik eta gehien leuntzen, inor zauritu ez zedin.

14
Pintzelak hartu zituen eta lausodura artean: ilargi bete bi pintatu.
Pintorearenak ziren, izuaren alde banatara margotutako begiak!

15
Idazluma estilografikoaren boz lutoa urdinez jantzi zen.
Harridurak, hartzailearen betartea goldatu zuen, ez baitzuen sekula pentsatu samina urdinez idatz zitekeenik.

16
Udazkenak su eman zion basoari.
Haiek sugarrak zuhaitzetan!

17

Begiak itxi zituen, eta,munduaz bestalde, lasaitasunaren harri sendoak zutabetzat hartuz, etxe bat eraiki zuen. Bertan sartu eta, inor sar ez zedin, atea giltzatu zuen.

Begiak zabaldu zituen. Baina orduan, oi zoritxarra!, giltza etxe barruan ahaztu zuela oroitzean!

 

ipuinlaburrak2.gif

 

 

18
Inoiz ez zuen halako negurik ezagutu. Sekulakoak ziren izotz-burruntziak; izutu egin zen, otsoaren letaginak zirela pentsatzeraino.
Beldurrak jota, ardiak artilezko jertse bat egin zion jaoberriari.

19
Tinta txinatarraz belztu zuen DINA A-4 tamainako orria. Erdian, berriz, ipurtargiarena zirudien puntu hori bat ipini zuen.
-Zer da hori? -galdetu zuen alabak.
Eta pintoreak:
-Gaua bezain iluna den etsipena zulatzen duen irria, laztana.
Zurea da.

20
Zuhaitzetara jo zuten, eta bertan biluztu.
Adar artean, ordea, begi bat antzeman zuten zelatan. Ilargiarena zen.
Salatuko zituelakoan, jantzi eta alde egin zuten.

21
Zuriz pintatu zuen gaua.
Eroetxeko kaiola baino ez zen.

22
Haserrearen txinpartek ezpainak erre zizkion. Erreduraren ondorioz, ulerkaitzak gertatu ziren hitzak.
23

Emandako belarrondokoaren oihartzuna trabatu zitzaion bihotzean.
Damua!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

24
Oroimena zapuztu zion orainak. Sinesgogor, buruaz ezetz zioen bitartean, ispiluaz bestalde malkoz busti zitzaizkion begiak metro t'erdira-edo zituen begiak argirik gabeko kriseilu hautseztatu bi baino ez zirela ohartzean.
Duela zortzi urte itsutu zen.

25
-Zertarako irakurri/ bihar ahaztu behar bazait?
Eta oihartzunak:
-Zertarako bizi, bihar hil behar baduzu?

26
Lorategiko arrosak orriuldu zituen; eta, haizagailua zela medio, lore-hostoak harrotu.
Sugar gorriz bete zen zerua.

27
Garrasi batek gaua pitzatu zuen, ilargi betearena zen zuloa egiteraino.
28
Adar artetik, eguzkiari abestu zion txoriak.
Bapatean, ordea, lumak harrotu zitzaizkion; mokoa okertu; eta txioak irrits egin malko baten modura. Odolaren gorriak paparra bustia zion.
Ehiztari-kumeak harro hartu zuen.

29

Euria omen zuen gustuko; hura eta ez beste inor bere konfiantzazko lagunik handiena. Hark garbitzen omen zion arima, hark uxatzen bihotz-taupadak galduarazten zizkion lanbroa.

Labankada batez hil eta ehortzi bazuten ere, egun gutxi barru euriak atzaparka egin zion lurrari: erotzat zeukatenaren desagerpenaren arrazoia salatuz.


ipuinlaburrak3.gif
 
30

Gauaren iluntasunak ehortziko ote zuen beldur, dardarak astindu zuen, zurrunbiloak hostoa bezala.
Arrazoia: adarrek ilargia ebaki zioten.

31

-Oraina ez da nahi genukeen bezain laua -esan zuen tonu goibel batez-. Oroimenaren ertzek urratuko baitute.

32

Sekulako zoko-usaina zegoen. Jasenezina! Aspalditik giltzaz itxita zeukan bihotza.

33

Bospasei ipurtargik zulatu zuten gaua.
Hurbiltzean, ordea, herri txiki bateko farolak baino ez ziren.

34

Hilarriaren kolorekoa zeukan aurpegia; horma tzarren pitzadurak ziruditen haren zimurrek; erreka agorra, ahoa; ilargi bete lanbrotuak, berriz, begiak. Herriko lurperatzailea zen.

35

Burutik ez zegoela ondo zioen jendeak.
Urez bete zuen edalontzia, eta bertan sartu idazluma. Eskutitzak kalamar-tintaz sinatuko zituela esan zuen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

36
Zabalik zegoen leihoa.
Kukurrukuak egunsentia zerratu zuen.
Zerrautsez bete zitzaion logela.

37
Zer ote zen hilda egotea, galderak burmuinak mailukatu zizkion denbora luzeska batez.
Zerraldo bat erosi zuen; eta, ber pentsatu gabe, bertan etzan.
Hilda zegoela amestu zuen.
Zimurturik berpiztu zen.

38
Hautsita zegoen leihoko kristala.
Kuriositatea akuilu, sartu egin zen haizea. Kristalarekin urratzean, ordea, intziri batek atzaparka egin zion gelari.

39
Zerraldoa erosi zuten bezain laster, argia jarri zuten bertan. Bai baitzekiten, Bernardo zenari beldurra ematen ziola ilunak.
40
Triste dago, negar-malkotan bustia, arnasaren hegoak lumatu zizkiotenetik.
41
Argiak egunsentia urratu orduko,  negar-zotinka batean hasi ziren haizearen alde banatara zeuden leihoak.
Hormatarteka zitzatela oihukatu zuten, munduak izuten zituela-eta.


ipuinlaburrak4.gif
 
42
Poz-irrintzi batean jauzi egin zuen haizeak adarrez adar, eta txio egin.
Aspaldian ez bezala, oroimena trabatu zen bertan.

43
Lau behatz gupigabe: haizearen alde banak sekretua aletu zuen!
44
Hitzak hartu zituen; eta mailukada bat eman honi, aizkorakada bat harri, labankada bat harunzkoari.
Herrenka batean itzuli zen poema, zauriz jositako gudaria bailitzan.

45
Izuak jota, dardara bildu eta, elurrak salatuko zuelakoan, ihesari uko egin zion.
Hotzak jota hil zen.

46
Urduri zegoen ilargia, zer edo zer galdu balu bezala.
Izara artean, berriz, bi izar: ilargiari begira.

47
Idiak prestatu zituen, eta ametsez bete gurdia.
Ilargiruntz zihoan zilarrezko bideari jarraitu zion, baikor.

48
Begiak sutan zituela, guraizeak hartu eta zeruertza ebaki zuen.
Lurra baino ez zegoela, oihukatu zuen ateoak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  

49
Hanka-puntetan hurbildu zen haizea. Basoan barrena kuxkuxean, hostoek zer esango.
50
Ilargi-igitaiaren beldur, ihes egin zuen eguzkiak.
Mendiaz bestalde jauzi egin zuen.

51
Hura errekaren amorrua! Hura ernegu-palasta amuen jolasak zuhaitzen gonapeko lasaitasuna zipristindu zuenean.
52
Buru-hezurra desehortzi zuen, eta bi arrosa landatu begi-hutsunetan.
Irria berpiztu zen alargunaren ahoan. Begirada hark maitemindu omen zuen.

53

Hil-oihalak bazuela kolore beltzik esan zuen: gaua!
Beltzez pintatu zuen mihisea.

 

 ipuinlaburrak5.gif
 
54
Zuhaitz-adarren oparitasuna borobildu zuten elur-malutek.
Gogotik miazkatu zuen izozkia eguzkiak.

55
Nekearen nekeaz, orduak izerdi-patsetan zirela, azkenean gainditu zuen mendiaren harrotasuna.
Garailearen oihua amildu zen gutxira, harri tzarra bailitzan.

56
-Kontuz gero -esan zion amak-, bipiak jotako ohol gainean oinak jartzearekin.
Ohetik, kristalaz bestalde ortze izartua ikusi zuen. Bapatean,  izuak jeikiarazi zuen; eta korri egin zuen gurasoen logelaruntz.
-Zer duzu? -galdetu zuen amak, aztoratuta.
-Bipiak jota ikusi dut zerua –esan zuen alabatxoak, arnasestuka-. Gainera eroriko ote zaidan beldur naiz.
(Bost urte baino ez zituen.)

57
Aizkorak eguzki-printzak ebaki zituenean, hotzikarak alderik alde zeharkatu zituen hostoak.
58

Gauak atea itxi bazuen ere, ilargiak ez zuen amore eman. Behatxulotik begira geratu zen, izarapeko jolasak noiz zipristinduko zain.

59

Armiarma-sarez apaindua zegoen etxe guztia.

ipuinlaburrak6.gif
 

 Eskailera-mailen intziria entzun orduko, bakardadearen kirats okagarriak sudurrak itsiarazi zizkien.
Logelan aurkitu zuten. Usteltzen hasita zegoen gajoa.

60

Hegoak zabaldu zituen irriak, itsaslabarra gainditu ahal izateko modurik ikusi baitzuen: erromako zubia.
Ondoezak jota erori zen, ordea, galtzada-harri bakar bat ere ikusi ez zuenean.

61

Adar biko zuhaitzen fruituetatik jan zuten hildakoek.

62

Pintzelak eta mihisea erosi zituen Neguak. Irudimena izoztu zitzaion, ordea.
Erromesaldian barrena, tresna haiekin topo egin zuen Udaberriak. Pozez gainezka, loreak pintatu zituen/ zein baino zein ederragoak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  63
Ilunabarra zen. Gutxira, horiz blaitu zen itsasoa.
Eguzkia ito omen zen.

64
Milaka kristal-pusketen burrunbak, urjauzia bailitzan, mendizaleen elkarrizketa suntsitu zuen.
65
Elurrak, hil-oihala bailitzan, gaua estali zuen.
-Baina... nor izango ote da ordu hauetan? -galdetu zuen, beldurraren beldurrez dardarka aldaba-hotsa entzun orduko.
-Ez zaitez kezka -senarrak, izarei tira eginez-; haizea izango da, gauean izoztuko duen beldur.

66
-Baina..., nondik atera dituzu luma horiek?! -aitonak, kezkati.
-Oiloei kendu dizkiet -bost urteko bilobak.
-Baina..., zertarako?! –haserre samar.
-Hegan egiteko -haurrak, irribartsu.
Hasperen egin zuen aitonak:
-Oiloek ez dute hegan egiten.

67
Onomatopeien kaiolan:
-Miau! Miau!
-Muuuuuuuuuuuuuuuuuu!
-Au-au!, au-au!, au-au!
-Miauuuuuuuu!
-Ostia!

68
Kezk(o)a:
-Zerk kezkatzen zaitu?
-Ezkatuko ote naizen kezkak.


 

ipuinlaburrak7.gif
 
69
-Garbitu ezazu bihotza noizbehinka.
-Bihotza garbitu, zertarako?
-Zerorren etxean arrotz senti ez zaitezen.

70
Negar-intziriak oihana ebaki zuen.
Koroa, oroimenaren apaletako batean hautsak jandako garaikurra baino ez zen. Begirada lanbrotua zeukan; ihartutako lastoz egindakoa zirudien kalparrak; eta hortzik gabea. Halaxe utzi zuen zahardadeak, zeinek erregetzaren eremu zabaletatik uxatu zuen. Bakardadearen arantz artean bihurritu zitzaion arnas-haria lehoi zaharrari.

71
Ingude gainean jarri zituen hitzak; eta zorroztu ditezen:
Mailuaz jo, gogotik.

72
Halakoa zen haurdunaldirako zeukan gogoa, uda-ortzean ere: hegazkinak beren lorratzekin, espermatozoideak iruditu zitzaizkiola, obulutzat zeukan eguzkia bera zulatu asmoz.
73
Alaitasunak berpiztutako pianoaren noten antzekoak ziren bere pauso-hotsak. .
Elurretan erein zuen itxaropena:pausoz pauso, letraz letra, oinatzek paper-orria zipristindu zuten, hautsak hauts, idazmakina zaharrak artean bizirik zirauela gogorarazi izan nahi baitzion munduari.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  Juan Mari Zunzunegi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago