Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
ZURIZ 
Ezin izan dut. Ezin. Nola, ba, Fernandoren aurpegia ikusita. Egia esan, ez dut gau ona pasatu, eta beharbada nekeak ere izan du eragina.

Hamaiketarako prest nengoen, eta, hala ere, berandu iritsi naiz azkenean. Baina 20 minutuko atzerapena ere ez da hainbestekoa. Gainera, aitaren errua izan da, eta ez nirea, ni aspaldi prest nengoen eta. Prest edo, jantzita behintzat. 100 metro baino ez daude etxetik elizara, eta nik oinez joan nahi nuen, baina aitak ezetz eta ezetz. Osabak Mercedesa behin utziko eta nola joango ginen, ba, oinez. Herrian bueltaka ibili gara, harro baino harroago bera eta lotsatu baino lotsatuago ni. Beko Kantoiko paretik pasatzean, han hasi da bozina jo eta jo. “Hi, Manuel, ikusten al duk, bizi guztian Mercedesik ez nuela nik gidatuko eta ikusten al duk”, eta barre, eta berriz ere bozina joka. Hori nahikoa ez, eta plazari buelta eman eta berriz ere Beko Kantoiko atean gelditu da. “Hi Manuel, ikusten al duk nolako eserlekuak?

Larru-larruzkoak, hi, ikusten al dituk? Sentitzen diat ba, tokia sobran diagu baina hire ttarttarrean joan beharko duk, gaur alabaren eguna duk eta! Begira, begira egiok ondo, holako Mercedesik sekula ez duk-eta hain gertutik ikusiko!”.

Eta halako batean, beste hiruzpalau bueltaren ostean, atzera begiratu, eta eskutik hartuta, esan dit, “bueno, gure neska motza elizara eramateko ordua da”. Eta orduan konturatu naiz erabakiak ez zeukala atzera bueltarik. Zain edukiko nituela denak eliz atarian. Eta nik beste buelta bat emateko esan nahi nion aitari; edo aukeran hobeto, ez gelditzeko, aprobetxatzeko osabak behingoagatik Mercedesa utzi ziola. Benidormera joango ginela txikitan bezala, han eguzki eder bat izango genuela eta hondartzan etzango ginela beltz-beltz jarri arte. Edo zapaltzeko lasai azeragailua Madrileraino, gozatzeko ondo Mercedesa lauzpabost orduan, eta han, Madrilen, hegazkina hartuko genuela; Kariberako bi txartel neuzkala, eta han kokoa jango genuela eta ur gardenetan bainatu.

Baina aita gorra da guztiz, begi gogor erabatekoa. Garrasi egin diote nire begiek ispilutik, baina aitak ez du begiratu ispilura, eta ez die erantzun nire begiei. Hala ere, zer egin behar nuen, dena bertan behera utzi?

Plazara iritsi orduko ikusi dut Fernando. Ama gorbata ondo jartzen ari zitzaion, zerbait esaten, aholkuren bat ematen seguru asko, baina Fernandok ez zion kasurik egiten. Urduri zegoen; eskuineko oinak salatzen zuen, haren gora eta behera etengabeak. Hasperen egin du autoa ikusi duenean. Eta irribarre gero. Niri korapilo bat egin zait urdailean. Jendea ikusi dut multzoka, eta koloreak, milaka, gorriak, laranjak, malbak. Mozorro festa batean sentitu naiz, eta bero jasangaitz bat sentitu dut masailetan.

Aitak autoa gelditu du, eta Fernandok irribarretsu ireki dit atea. Ez diot heldu hark luzatutako eskuari. Amarengana joan naiz korrika, besarkatzera. “Ederra zaude oso”, esan dit amak, eta musu eman dit. Gezurretan ari zen, badakit. Jarri didaten makillaje guztiak ere ez dizkit estali begi zuloak, eta errimela zertxobait zabalduta neukan. Baina amak beti ama. Hala ere, berehala konturatu da. Jakin du nire begietan irakurtzen. “Zalantzak normalak dira, baina hor barrura sartu orduko pasatuko zaizu”, esan dit goxo, zapiarekin betertzak garbitzen zizkidala. Barrura sartu dira denak. Eta Fernandok bizkarra ferekatu dit. “Bai polita zaudela!”, eta irribarre egin du. Ezin izan diot begietara begiratu.

Organoa entzun dugu orduan, eta aitak besoa eskaini dit. Mendelssohnen eztei kantuaren erritmora mugitu ditugu oinak. Aldarea urruti zegoela iruditu zait, oso urruti. Jende guztiak irribarrez agurtu gaitu pasaeran, eta niri gonbitolarria etorri zait. Ez dakit nola iritsi naizen aldareraino. Eta argiak hasi dira, eta apaiza hitz egiten, eta nik erretaulako santu guztiak laino batean bezala ikusi ditut, denak mugitzen eta aldi berean hitz egiten, eta halako batean buru batzuk ikusi ditut goitik behera niri begira; apaizarena dut batez ere gogoan, eta ama ere ikusi dut egunkariarekin haize ematen eta “ondo zaude, txiki?” esaten. Izeba Manolik hankak goraka jarri dizkit eta txokolatezko goxoki bat eman dit. “Aurrera egiteko moduan?”, esan du orduan apaizak. Eta nik baietz esan diot. Ezin nuen besterik esan. Fernandok musu eman dit masailean. “Lasai, maitea, nerbioak dira; laster bukatuko da dena”. “ Bukatu“, halaxe esan du, gure bizitzako egunik zoriontsuena izan behar zuena amesgaizto bat balitz bezala. Eta pena eman dit. Pena, maitasunak gainezka egin diolako begietatik eta masailak busti dizkiolako. Korrika alde egiteko gogoa etorri zait, benetan pentsatu baitut berak zerbait gehiago merezi duela. Iñakiz ere gogoratu naiz, eta ostiral gauetako afariez, kontzertuez eta elkarrekin egiten genituen erokeriez. Baina hura bukatu zen. Fernando neukan orduan ondoan, “bai, nahi dut” esateko gogoz, nire ahotik entzuteko amorratzen. “Bai, behar dut” erantzun beharko nuke nik; behar dut Fernando bezalako gizon bat, behar dut barruan ostikoka ari zaidan horrentzako aita bat. Eta orduan, aitak besotik tira dit. “Erantzun, maitea”. “Zer?” dardati bat besterik ez zait atera. “Nahi al duzu Fernando Arruabarrena senartzat?”, galdetu dit, ostera itxuraz, apaizak. Eta nik burua jiratu eta Fernandoren begiekin egin dut topo. Ezin izan dut. Ezin.
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago