Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
orotzaipenek_diraute1.gif  
Irudia: Kristina Fernandez  

 

OROITZAPENEK DIRAUTE  
Gaur ez du libururik ekarri; presaka izango da, edo, ahantzi egingo zitzaion, edo, agian norbaitekin hitzordua du, edo... Dena dela, ia lehenbailehen alde egiten duen. Behingoz, garaiz itxi ahal izango dut.
Mesedez...!
Bai...
Kafesne bat, azukrerik gabe.
Segituan.

Lehen besterik zen, edo agian ez, baina hainbeste aldatu da dena! Non geratu da Katixa, non bere ilusioak? Urte, egun, une... datorren oro irensten du denborak, eta zenbaitetan, pertsonak ere; dirauten bakarrak, oroitzapenak. Noiz arte, baina? Beharbada, ilusioak errealitate bihurtu arte.

Argi dago ez duela berehala joateko asmorik. Norbaiten zain egongo da. Jada, hutsik geratu da taberna. Alkandora urdina ageri zaio jertsearen azpitik; gizon askok dituzte gustuko urdin koloreko alkandorak... Zergatik erreparatzen ote diozu gaur hainbeste X jaunari, Katixa? Zer eginik ez–eta! Tarteka bizarrari heltzen dio, betaurrekoen beira lausotuak garbitzeari ekin, eta gure begiradak gurutzatzen dira.

Katixa, Katixa!, hobe duzu erratza pasatzen-edo hastea... bestela, bidali nahi duzula pentsatuko du, eta... ez da oker ibiliko...

Lehen besterik zen, edo agian ez, baina ez ninduen orain bezainbeste kezkatzen denboraren iheskortasunak. Urko nirekin zegoen orduan eta, horrek nire lana arintzen ez bazuen ere, bera ondoan izateak indartsu sentiarazten ninduen eta eguneroko zama eramangarriagoa gertatzen zitzaidan.

Egia esateko, gutxitan azaltzen zen tabernara; noizbehinka ustekabean harrapatzen ninduen eta, goizean, taberna ireki orduko, nire lehen kafea presta niezaion agertzen zen eta barra ondoko aulki luzeren batean esertzen, eguna ongi hasi nahi zuen aitzakiarekin. Ondoren, etxera igo eta orduak eta orduak ematen zituen sukalde ondoko gela txikian prestatu zuen estudioan.

Arkitektura ikasketak bukatu zituenetik bi bulegotan aritu zen lanean; orduko helburu bakarra curriculuma osatzea zen.

Karrerako nire azken urtean nenbilen elkar ezagutu genuenean. Arte Ederretako ikasleok gertu genituen arkitekto gaiak, eta batzuekiko, izan, bagenuen nolabaiteko miresmena. Urko aspalditik nuen begiko eta, gerora behin aitortu zidanez, baita berak ni ere.

Garai hartan taberna nuen diru-iturri bakarra, baina, hala ere, behin-behineko lana baino ez zen. Ametsek eguneroko errealitate gordina estaltzen zuten eta ilusioen pisuak aurrera egiten laguntzen zigun.

Bosgarren urtea bukatzerako gure harremana sendotuta zegoen eta biziproiektu berri bat elkarrekin abian jartzea erabaki genuen. Tabernako nagusiak atikoaren jabe ere baziren, eta alokairu merke baten truke utziko zigutela agindu zidaten, tabernan lan egiten jarraitzeko baldintzapean. Eskaintza ona zen, baina, ohartzen nintzen nire etorkizuna hasierako ilusioetatik urruntzen ari zela. Lizentziatu berritan zaila zen gustuko arloan zerbait topatzea eta eskuetan nuenari eustea baino ez zitzaidan geratzen. Hasi nintzen bada, goizez tabernako lanetan eta arratsaldez etxean, sormenari leku egiteko asmoz, inoiz balizko erakusketaren batean lanak aurkeztu ahal izateko itxaropenari eutsi nahian.

Urkok kanpoan ematen zituen eguneko ordu gehienak. Bulegoan lana pilatzen zitzaiela-eta zegozkionak baino ordu gehiago sartzen zituen. Gogorra izan zen leen urtea. Bigarrenean bere estudioa non eta nola moldatu pentsatzen hasi zen. Hiru hilabeteren ostean bulegoa utzi eta etxean hasi zen lanean, bakarrik.

Arratsalde zoragarriak ziren haiek; hitz gutxi zuzentzen genizkion elkarri, baina bestearen presentzia sumatze hutsa nahikoa zen. Lantzean behin, egongelan agertzen zitzaidan, ni ustekabean harrapatzeko asmoz, eta bide batez nire lanari buruzko kritika objektiboa egiten saiatzen zen, nire ustez, zorrotzegia. Bestetan, aldiz, lepo-txokora hurbildu eta ulertezina zen edozer xuxurlatzen zidan; arkatza batzuetan, ikatza besteetan, olioan bustitako pintzela gehienetan, eskuetatik kendu eta koreografia baten mugimendua bailitzan bere ondoraino gerturatzen ninduen pigmentuen usain sarkorrak eta arnas lurrinek bat egin arte. Ilunabarrak gaua harrapatzen zuen, baina, gauak ere, hitzik gabe esan ohi diren hainbat sekretu entzun ondoren, bide egiten zion egunsentiari.

Eta film erromantikoetan legez, ustez behin–betikoa izango zen egoera zoriontsu hura ere irentsi zuen denborak.

Telefono dei bat, atzerrian merkataritza-gune izugarri bat diseinatzeko proiektua... Urkoren lanak uzta oparoa zekarrela zirudien, baina baita zenbait aldaketa ere gure bizitzan.

Mexikora bidaiatzen zuen lehen aldia zen. Gogoan dut aireportuko atetik irteterakoan eskaini zidan begirada: urdin koloreko alkandorak are distiratsuagoak egiten zituen bere begiak.

Hasieran maiz hitz egiten genuen, ia egunero, baina, pixkanaka, murrizten joan ziren deiak, desagertzeraino. Zergatik?, zer gertatu zen?, ba al dago horrela desagertzerik?

Lehen besterik zen, edo agian ez, baina... bost urte pasa dira, eta ez dut uste tabernako neska margolariaz gogoratuko denik.

Hemen azukrerik gabeko kafesnea.
Zerbait gehiago... ?
X jaunak, poliki, betaurrekoak mahai gainean utzi eta niregana biratu du burua;
Bai...zure barkamena, Katixa, eta azalpen bat emateko aukera.
- Urko...!

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago